Juan Cruz Cigudosak badu ordezkoa Nafarroako Gobernuan: Maria Txibite lehendakariak Patricia Fanlo izendatu du hurrengo Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari.
Txibitek goraipatu du mundu akademikoan eta ikerketan nabarmendu dela Fanlo. Medikuntza eta Kirurgia ikasi zuen Zaragozako Unibertsitatean, eta Osasun Zientziatan doktore da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Halaber, barne medikuntzako espezialista da Nafarroako Unibertsitate Ospitalean. Ehundik gora artikulu zientifiko idatzi ditu.
Politikan ere egin du ibilbidea. 2015etik 2019rako legealdian Iruñeko hautetsi izan zen PSNren udal taldean. Hurrengo legealdian, berriz, parlamentari izan zen, eta osasun gaiak eraman zituen. Ardura berrian, unibertsitate eta ikerketa gaiak kudeatu beharko ditu.
Cigudosak Nafarroako Gobernua utzi berri du, Madrilera joateko. Espainiako Gobernuak estatu idazkari izendatu du.