Pascal Jocou izanen da Beskoitzeko auzapeza

Botoen %55,59 eskuratu ditu herriko bozen bigarren itzulian. Etxegaraik dudan jarri du herriko kontseiluan segituko duen ala ez.

Pascal Jocou hedabideen aitzinean, Beskoitzeko bozak irabazi ondoren. GUILLAUME FAUVEAU
Pascal Jocou hedabideen aitzinean, Beskoitzeko bozak irabazi ondoren. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2024ko ekainaren 23a
20:15
Entzun

Garaipen argia eskuratu du Pascal Jocouk Beskoitzeko (Lapurdi) herriko bozen bigarren itzulian. 836 herritarrek eman diote babesa (%55,59); Fabienne Etxegaraik 668 boto eskuratu ditu (%44,41). Haritza Camblongen zerrendak bigarren itzulirako erretiratzea erabaki ondotik, esperotako emaitza baieztatu da igande honetan.

Herriko Kontseilu berrian hemezortzi eserleku izanen ditu Jocouren taldeak, eta bost Etxegarairenak. Jocouk erran du astea bukatu aitzin antolatu nahiko luketela auzapeza izendatzeko lehen bilkura. Etxegaraik, berriz, dudan ezarri du hautetsi izaten segituko duen ala ez. 

Herrian ikastola berria eraikitzeko proiektuaren inguruan sortutako gatazkaren harira, Fabienne Aiensa auzapezak dimisioa eman zuen martxoan, gutxiengoan gelditu ondotik. Pirinio Atlantikoetako prefeturak hauteskundeak aurreratu zituen, eta herritar andanak parte hartu zuen lehen itzulian.

«Plebiszitu bat» izan dela erran du Jocouk, baina talde osoak egin duen lanaren emaitza dela baieztatu du. «Kanpaina biziki laburra izan da; biziki kontent naiz emaitzarekin, eta eskerrak eman nahi dizkiet bozetan parte hartu duten hautesle guziei». Lehen itzulian herritarrek erakutsi zuten aldaketarako borondatea baieztatu dela adierazi du.

Bere taldeak «metodologiaren inguruan» egin duen lana goraipatu du, eta hemendik aitzina «elkarrizketa landu eta herritarrak biltzen» entseatuko direla baieztatu. «Mahai baten inguruan jartzea lortzen dugularik, konbentzituak gara konponbideak atzematea lortzen dugula. Hori izanen da gure egiteko nagusia: herria baretzea eta arazoei konponbideak aurkitzea». Ikastolaren afera aipatu du konpontzeko auzien artean.

Etxegarai, «atsekabetua eta kezkatua»

«Atsekabetua» mintzatu da Etxegarai, eta erran du «bereziki kezkatua» dela herriko zerbitzuez eta Beskoitzeren etorkizunaz. «Herriaren kudeaketa arlo anitzetan gaitasun handia duen zerrenda bat nuen. Ikusiko dugu hemendik aitzina nola pasatuko den».

Camblong erretiratu ondotik «zailtasunekin» abiatzen zirela jakinik ere, bost eserlekurekin gelditzeak ez dio aho zapore gozorik utzi. «Arrats honetan ez dizuet baieztatzen ahal herriko kontseiluko hautetsi izanen naizenik».

Aste honetan auzapez izendatua izan ondotik, bi urteko agintaldia izanen du Jocouk. 2026an izan beharrak dira herriko bozak Ipar Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.