Beskoitzeko auzapezgaia

Pascal Jocou: «Ikastola bat izanen da Beskoitzen»

Bi urteko agintaldia izanen du Jocouk Beskoitzeko herriko etxean, ondoko hauteskundeak aitzin. Herriaren hazkundea zaintzeko beharra aipatu du.

Pascal Jocou izanen da Beskoitzeko auzapez berria. GUILLAUME FAUVEAU
Pascal Jocou izanen da Beskoitzeko auzapez berria. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2024ko ekainaren 24a
12:31
Entzun

Irribarrea ahoan hartu zituen Beskoitzeko (Lapurdi) herriko bozen emaitzak Pascal Jocouk (1966, Beskoitze), igande gauean. Lehen itzulian bezala, garaipen argia eskuratu zuen, herritarren %55,59ren babesa jasota. Astea bukatu aitzin egin nahi dute auzapeza izendatzeko herriko kontseilua. Zehaztasun gutxirekin mintzatu da egin nahi duenari buruz, baina taldean lan egiteko borondatea erakutsi du. Babesa adierazi dio ikastolaren proiektuari, eta euskararen aldeko hizkuntza politika bat abiatzeko xedea agertu du.

Garaipen argia eskuratu duzu bozetan.

Biziki kontent naiz, bereziki taldearentzat. Gaitasun handiko taldea dugu, biziki kartsua; plazera da haiekin lan egitea. Horregatik, pena dut, baina demokraziaren legea da; gurekin engaiatuak ziren bost pertsonak ez dute hautetsi eserlekua lortu. Hala ere, entseatuko gara gure inguruan atxikitzen, batzordeetan parte har dezaten.

Hauteskunde aurreratuak izan dira. Zer begirada duzu azken lau urteetako agintaldiari buruz?

2019an axuant kargua utzi nuen, Aiensa anderea auzapez zelarik; harekin lan egiteko zailtasunak nituen. Ez naiz anitz harritu gertakarien bilakaera ikusirik. Ikastolarena icebergaren punta izan da, baina denentzat astunak izan diren lan metodoak izan dira. Elkarrizketa berreskuratu behar dugu, malgutasuna herriaren funtzionamenduan. Horrek gidatuko gaitu.

Zu zeu zergatik engaiatu zara?

Herriko jende anitzek galdetu dit hauteskundeetan parte hartzeko. Baiezkoa eman nien, haiek nirekin batera etortzeko baldintzarekin. Harrigarriki, biziki fite osatu genuen taldea; handik hamabost egunera hogei pertsona bilduak ginen mahai inguruan. Bazen eskaera handia herrian; uste dut jendea lasaitua zela, nire esperientzia ekar bainezakeen. Baina taldeak lortu du, ez nik.

Ikastolaren inguruko gatazkak bultzatu ditu hauteskundeak. Zer urrats eginen dituzu proiektuak aitzina egin dezan?

Gaur egun, herriko lur batzuetan plantatua da ikastola. Hitzarmen bat landuko dugu, luzera begira segurtasuna izan dezaten hor segitzen ahalko dutela, eta ez dezaten ikasturte hasiera guziz Damoklesen ezpata hori buru gainean izan. Era berean, proiektu bat landuko dugu haiekin batera, ikastola iraunkor bat eraikitzeko parada izan dezaten, [Ipar] Euskal Herriko herri anitzetan egiten den gisara.

Zer aukera aztertu dituzue?

Jadanik bi konponbide identifikatu ditugu, baina gehiago ere izan daitezke. Herriko eskolaren ondoan bada lur bat ikastola eraikitzeko aukera eman lezakeena. Hor ezinezkoa bada, [Pirinio Atlantikoetako] departamenduarekin ikusiko dugu eraiki nahi duten kolegio berriaren perimetroan zati bat ikastolarentzat atxikitzeko modua izan daitekeen.

Beraz, baieztatzen duzu: ikastola bat izanen da Beskoitzen.

Bai, ikastola bat izanen da Beskoitzen. Ikastola sortzea bozkatu genuen agintaldian hautetsi nintzen, eta alde bozkatu nuen. Ez naiz horren kontra joanen. Ikastolari herriko lur bat erabiltzeko baimena eman genionean, oso ongi genekien prefabrikatuak ez zirela luzera begirako aterabide bat, eta ikastola iraunkor bat eraikitzeko moduei buruz gogoeta egin behar genuela.

Haritza Camblongen zerrendak hizkuntza politika bat abiatzeko borondatea agertu zuen bere programan. Zuek zer neurri hartuko dituzue euskara laguntzeko?

Gure gogoetan barneratu dugu euskararen garapena, eta kanpainan ere aipatu dugu. Taldean lan eginen dugu, baina gure asmoa da herriko kontseiluan hautetsi batek ordezkaritza berezi bat izatea euskararentzat, Euskararen Erakunde Publikoaren tresnak erabilita herrian euskara garatzeko, ahal den heinean. Baina ordezkaritza berezi bat izanen da; ez da beste ordezkaritza batzuen artean itoa izanen, orain arte ikusi ahal izan dugun bezala.

Hirigintza gaiak ere garrantzia izan du hauteskunde hauetan. Kritiko agertu zara AHE antolamendu hitzartuko eremu proiektuarekin.  

Kritiko bai, baina hirigintzako axuanta izan nintzenean eraman nuen gai hori. AHEaren aldekoak gara, baina uste dugu nagusitasun publiko bat atxiki behar dugula lur horretan, herrian etxebizitzak sortzeko dugun lur erreserba handiena baita. Ez dugu promotore pribatuen eskuetan utzi behar. Eiffagerekin elkartuko gara eta negoziaziorako pista batzuk aurkituko ditugu, etxebizitzak sortzeko epea herriarentzat nahi dugun hazkundearen araberakoa izan dadin. Gaur egun, bi urtean 160 etxebizitza egitea aurreikusten dute; bi urtean biztanle kopurua %10 baino gehiago emendatzea erran nahiko luke. Hori ezinezkoa da Beskoitzeren gisako herri batentzat eta haren azpiegiturentzat.

Zuek zer kopuru duzue buruan?

Aterabide batzuk identifikatu ditugu, finantzaketa batzuk aurreikusiak baitziren herriko eskola handitzeko. Gaur egun ditugun egiturekin, finantzamendu horien beharrik ez dugu. Beraz, ikusiko dugu ea etxebizitzen dentsitatea apaltzeko aukera dugun. Nahiago dut kopururik ez eman; gaia landuko dugu, Eiffagerekin elkartuko gara, eta bururaino erabiliko ditugun negoziazio pistak baditugu. Euskal Hirigune Elkargoko zerbitzuen laguntza ere eskatuko dugu.

Hirigintza eta etxebizitza gai kritikoak dira Ipar Euskal Herrian.

Hala da, bai. Beharrak ongi identifikatuak ditugu: etxebizitzak sortu behar ditugu. Baina herriaren bilakaera ere zaindu behar dugu. Gure kezka da jendeak herrian integratzea, eta hori modu mailakatuan egin behar dugu. Eta gazteentzako etxebizitzak lehenetsi behar ditugu. Badakigu gazte anitz esperoan direla, ezin izan direla herrian instalatu. Eskura ditugun tresna guziak erabili behar ditugu.

Nola aurreikusten duzu herriko bizia hemendik aitzina?

Bere bidea berriz hartuko du. Hauteskundeak garai konplikatua dira, bereziki testuinguru honetan. Baina talde biziki moderatua gara, lasaiki lan eginen dugu. Ez gara iraultzaileak, ez dugu iraultzarik eginen. Badira funtzionatzen zuten gauzak, horiek segituko ditugu, eta gainerakoak hobetzen entseatuko gara.

Bi urte laburrak dira ondoko hauteskundeak aitzin.

Baina badira gauza biziki pragmatikoak, aurreikusi ditugunak. Hala ere, hautetsi garenean, ezin diogu utzi luzera begira pentsatzeari, eta luzera begirako erabakiak ere hartuko ditugu.

Zein izanen dira hartu nahi dituzun lehen neurriak?

Elkarteen bizia erraztu nahi dugu, orain arte biziki prozedura astunak baitziren. Eta axuantei boterea emanen diet eguneroko biziari buruzko erabakiak har ditzaten. Hitz handia da, baina herrian berean deszentralizazio pixka bat nahi dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.