Pascal Jocou gailendu da Beskoitzeko herriko bozen lehen itzulian

Bozen %37,27 eskuratu ditu Jocouk. Etxegaraik %34,93 bildu ditu, eta Camblongek, %27,8. Herriko etxeko kudeaketan aldaketa bat izatearen alde egin dute herritar gehienek.

Pascal Jocou, Beskoitzen, bere zerrendako kideekin. GUILLAUME FAUVEAU
Pascal Jocou, Beskoitzen, bere zerrendako kideekin. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2024ko ekainaren 16a
20:50
Entzun

Herriko etxearen bertzelako gidaritza bat nahi dutela adierazi dute herritarrek Beskoitzeko (Lapurdi) bozen lehen itzulian. Pascal Jocou gailendu da, 575 boto eskuratuta, (%37,27), eta herriko auzapez izendatua izateko aukera handia du. Fabienne Etxegaraik 539 boto eskuratu ditu (%34,93) —orain arteko herriko kontseiluan parte hartzen zuten hautetsiek osatzen dute haren zerrenda—. Azkenik, Haritza Camblongek 429 boto eskuratu ditu (%27,8). Emaitzak kontuan hartuta, hiru zerrendek dute bigarren itzulira pasatzeko aukera. Astearte arratserako aurkeztu behar dituzte zerrendak.

Martxoan dimititu zuen Fabienne Aiensa auzapezak, herrian ikastola berri bat eraikitzeko proiektuarekin sortutako gatazkaren harira. Beste hainbat hautetsik lehendik dimisioa emana zutenez, hauteskunde aurreratuak antolatu ditu Pirinio Atlantikoetako Prefekturak. Parte hartze handia izan da: herritarren %70 inguru joan dira bozkatzera, azken bi urteetan herrian izan duten tentsio giroaren erakusgarri. 18:00etan bozkalekuak itxi dituztenean, horietako andana bildu dira botoen kontaketa bertatik bertara ikustera.

Emaitza jakin bezain laster, haren alde bozkatu dutenak eskertu nahi izan ditu Jocouk. «Elkarrizketari leku egin nahi diogu, eta herria bateratu. Uste dut entzunak izan garela», adierazi du. «Inportanteena da bozkatu dutenen %70ek adierazi dutela herrian aldaketa bat nahi dutela».

Aldaketa hori gauzatzeko Camblongen zerrendarekin elkartzeko aukeraz galdetuta, zerrendakideekin aipatu behar dutela erran du. «Lehen lekuan iritsi gara. Gaia aztertuko dugu, baina taldea bururaino joatea da nik nahi dudana». Aliantza egitearekin uzkur agertu da, baina ez du «atea itxi», taldean erabaki behar dutela erranez. «Argi da bigarren eta hirugarren zerrendaren artean ez dela bateratzerik izanen; beraz, ikusiko dugu».

Azken asteetan etxez etxe aritu dira kanpaina egiten Camblongen taldekoak. «Besteen ondoan ez ginen hain ezagunak herrian, eta, hala ere, ez gara urrun gelditu. Alde batetik, biziki kontent gara», adierazi du. «Eta, era berean, pixka bat triste ere bagaude. Denbora gehiago izan bagenu atez atekoan ibiltzeko, gehiago hurbilduko ginela uste dut». Arrats honetan berean biltzekoak ziren Camblongen taldekoak egoera eta emaitzak aztertzeko, eta bihar erabakiko dute bigarren itzulirako jarrera.

Jocourekin aliantza egiten entseatuko direla iradoki du Camblongek, baina argi du ez dela erraza izanen. «Lehen itzuliaren aitzin, entseatu ginen bi zerrendak biltzen; jende anitzek hori nahi zuten. Hamar egun pasatu genituen negoziatzen; anartean, zerrenda osatzen segitu zuten». Hala ere, «irekiak» direla erran du Jocouren zerrendarekin mintzatzeko. «Argia da aldaketa gogo bat badela Beskoitzen, eta guk mezu hori ulertu dugu. Ez dugu oztopatuko aldaketa hori».

Bi hautagaiek elkarrekin mintzatzeko tartea hartu dute, eta elkarrizketarako borondatea erakutsi dute. Ondoko orduetan jakinen da bi zerrendak bateratzeko aukerarik baden ala ez.

Aiensaren pisua

Emaitzek auzapez izateko aukera gutxi uzten badiote ere, Etxegaraik ez du burua makurtu nahi oraindik. «Bozak ez dira sekula eskuratuak; berrogei botoren aldea dugu Jocouren zerrendaren eta gurearen artean, ez da ezer galdua», erran du. «Bozkatzera joan ez direnen xerka joanen gara, haiek konbentzitzeko. Atez ate joanen gara gure programa defendatzera, segituko dugu»

Etxegaraik uste du Fabienne Aiensa auzapez ohiaren bilanak eragina izan duela aurkeztu duten zerrendaren emaitzan. «Ulertu behar da zerrenda berria dela. Lan egiteko eta komunikatzeko manera berri bat da. Hori erakutsi nahi izan dugu bilkura publikoetan, baina badakigu horrek jende gutxi ukitzen duela. Etxez etxe joan beharko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.