Ertzaintzak 35 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur eguerdian Pasaian (Gipuzkoa), labana batekin bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Emakumeak zauriak ditu eskuetan, eta Donostia ospitalean artatu behar izan dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 12:50 zirenean bertaratu da Polizia bikotea zegoen etxera, abisu bat jaso ostean. Hara sartu direnean ikusi dute gizona, esku batekin emakumeari helduta eta bestean labana handi bat zuela. Berehala atxiki dute.
Gizonari indarkeria matxistarekin lotutako hilketa saiakera egotzi diote. Datozen orduetan utziko dute epailearen esku.