Atzo eman zuen Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen aurkako beste eraso baten berri: bi sententziak baliogabetu egin dituzte Pasaiako Udalak kale-garbitzaile lanpostuetarako jarritako euskara eskakizunak. Gaur, udalak iragarri du kontra egingo duela: helegitea jarriko du.
EH Bilduk eta EAJk ohar bat atera dute, beren iritzia helarazteko. Euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat jo dute bi epairen bidez «hizkuntza eskubideak zalantzan» jarri izana, eta nabarmendu dute administrazioaren hizkuntza politiken helburua herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea dela: «Gogora ekartzekoa da Euskararen Legeak 1982an aitortu ziela herritarrei administrazioekin hautatutako hizkuntza ofizialean aritzeko eskubidea, eta, horretarako, betebehar batzuk jarri zizkiela euskal erakundeei. Administrazioek, beraz, euskal herritarrei arreta emateko betebeharra dute haiek aukeratzen duten bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan». Alegia: «Herritarrek eskubidea dute euskal administrazioetan arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten aukeratzeko».
Egoera salatzearekin batera, udal taldeek bi eskaera ere egin dituzte. Bat: «Ez urratzea udalarekin euskaraz komunikatu nahi duten pasaitarren eskubideak eta ez hartzea Pasaiako euskararen normalizazio prozesuan atzerapausoa eragin dezakeen erabakirik». Bi: «Errespetatzea udalaren autonomia, zehazki, udal baliabideak eta zerbitzuak pasaitarren beharren arabera antolatzeko eta egokitzeko eskumen eta betebeharra». Halaber, herritarrei galdegin diete Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bokale Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak deitutako elkarretaratzean parte hartzera; bihar izango da, 18:30ean, Pasai Antxoko Biteri plazan.
Langileak ez daude ados
Ez da izan epaiek eragin duten protesta bakarra: udaleko langile batzordeak gaur eguerdian egin du elkarretaratzea. LAB, Esan eta ELA sindikatuen izenean, ohar bat atera dute; euskararen aurkako oldarraldia salatu dute bertan: «Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik». Horregatik, ez dituzte ontzat ematen euskara eskakizunen aurkako azken bi sententziak. «Herritar guztiek dute herri administrazioarekin nahi duten hizkuntza ofizialean harremanak izateko eskubidea. Ezinbestean, beraz, herri langileen betebeharra da eskubide hori muga edo trabarik gabe betetzen dela ziurtatzea, kontuan izanda langile bakoitzak bere lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizunaren arabera jardungo duela».
Horiek horrela, langileek Pasaiako Udalari eskatu diote helegitea jar dezala, baita udal langileek euskara maila hobetzeko behar dituzten baliabideak ipini ditzala ere. Gainera, «euskal klase politikoari» ere mintzatu zaizkio: «Dei egiten diogu horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako legea egokituz, alegia, Euskararen Legea sendotuz». Halaber, herritarrei eskatu diete euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko, euskaraz bizitzea aukeratuta.