«Demokrazia garaian gertatu den estatu krimenik handiena». Hala definitu dute Pasaiako segadan hildakoen familiek 1983ko martxoaren 22an gertatutakoa. Bezperan Rosa Jimenoren deia jaso zuten Pedro Mari Isartek, Jose Mari Izurak, Dioni Aizpuruk, Rafael Delasek eta Joseba Merinok. Komando Autonomo Antikapitalistetako (KAA) kideak ziren. Jimenok hitzordua eman zien, Pasaiako badian 22:00etan. Deia jaso zutenek ez zekiten Rosa Espainiako Poliziaren eskuetan zegoela; ez zekiten gogor torturatu zutela, eta haiei deitzera behartu zutela. KAAko kideak itsasoz iritsi ziren Pasaiara. Han zen Jimeno, baina baita polizia mordo bat ere —polizia batek 2004an auzitegietan onartu zuenez, ehundik gora—. Tiroz hartu zituzten, eta han bertan hil zituzten Isart, Izura, Aizpuru eta Delas. Guztira, 113 bala zulo topatu zituzten lauren gorpuetan. Merino bizirik atera zen, eta Jimenok eta biek kontatuta dakite familiek gertatutakoaren egia. Aitortzeko eskatzen duten egia.
Berrogei urte bete ziren ostiralean gertakari hartatik, eta gaur, hainbat ekitaldi egin dituzte Azpeitian. Goizean Esklabak Zentro Sozialistan hitzaldia eman du Merinok, eta bazkaria eta ekitaldia ere egin dituzte. Arratsaldean, hildakoen senitartekoek eta Egiari Zor fundazioak elkarrekin egin dute ekitaldia Azoka plazan, hura bete jenderen babesarekin. Han izan dira, besteak beste, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea eta Enrique Villareal El Drogas Barricada taldeko abeslaria eta Bahia de Pasaia kantuaren sortzailea.
Paco Etxeberria auzi medikuaren txosten bat ere badago, Merinok eta Jimenok kontatutako bertsioari eusten diona. Baina, ate eta zirrikitu guztiak baliatu arren, auzitegietan ez du biderik egin kasuak. Duela urtebete izan zen azken saioa, Donostiako Lurralde Auzitegian poliziak identifikatzeko egindako auzi saioak. Hutsalak izan ziren. «Auzitegietako egia inpunitatea da», salatu du ekitaldian Pasaian hildako Aizpururen anaia Pello Aizpuruk. Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kideak, gainera, gogora ekarri du Pasaiako segadan gertatutakoaren egia ez ezik beste hainbat egia ere onartzeko daudela, eta nabarmendu du sekretu ofizialen babeserako legea indargabetu behar dela egia horiek jakiteko. Salatu du lege horrek agerian uzten duela egungo demokraziaren «kalitate eskasa», eta demokrazian «egia agindu etiko gisa» hartu behar dela azpimarratu.
Auzitegietatik aparte ere, erakundeek ez dituzte biktima gisa onartu lau hildakoak. Azpeitiko Udala da salbuespen bakarra, biktimek beraiek esana dutenez. Hain justu, errekonozimendua eskatu dute ekitaldian. «Non daude hemengo instituzioak, giza eskubideen urraketak babesten eta argitzen lagundu behar zigutenak?», esan du Pasaian hildako Isarten arreba Arantxa Isartek. «Biktima guztiak berdinak direla diote. Ea ba egia den, eta trataera berdina izaten dugun». Minduta agertu dira, Jaurlaritzarekin bereziki. Aizpuru: «Arartekoa, Gogora, Giza Eskubideen Batzordea, Biktimen Saila; inork ez al digu lagundu behar hau dena argitzen?».
Beste aitortza
Handia da bide ofizialean hartu duten mina, baina, era berean, badute xamurtasuna non topatu. Gaur astebete Pasaian izan ziren, eta han jakin zuten herritar bat egunero joaten dela segada gertatu zen tokira, han dagoen oroitarria garbitzera. Oso eskertuta agertu dira. Bestetik, aipamen berezia egin diote Barricada taldeari, Bahia de Pasaia abestia sortu eta zabaltzeagatik. «Gertatutakoa jakiteko eta ez ahazteko ezinbestekoa izan da». Abesti hura ez ezik, beste bi ere kantatuz erantzun diete esker hitzei Drogasek eta haren taldekideek. Ez da ekitaldiko kultur adierazpen bakarra izan: Felipe Murillok Jose Luis Otamendiren Egiarekin zer poema irakurri du, Amaia Arana eta Maite Bereziartua biolinean eta pianoan lagun zituela. Egiaren beharraz hitz egiten du, nola herri honetan baden jendea «egia estalien zuloen artetik osorik ikusi ezin den herri bati begira».