Pasaiako sarraskiko poliziak identifikatzeko saio bat egingo dute

Komando Autonomoetako lau kide hil zituzten polizia operazio horretan, eta idenfikazio proba batera deitu du epaileak lekuko bakarra: Joseba Merino. Martxoaren 28rako du ordua, Donostiako Epaitegian

xabier martin
2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Pasaiako sarraskiaren iraganak orainaldira itzultzeko aukera bat izango du, hiltzaileek urte askoan saihestu duten orainaldi judizialera esan nahi baita. Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiak Joseba Merino deitu du aurrez aurreko identifikazio proba batera, Pasai Donibanen (Gipuzkoa) hildako Komando Autonomo Antikapitalistetako lau militanteen hiltzaileren bat identifika dezakeen ikusteko. Merino da sarraski horretatik bizirik atera zen militante bakarra, 1984ko martxoaren 22an. Beste lau kideek 113 tiro jaso zituzten polizia operazio horretan.

Pasaiako sarraskian parte hartu zuten zenbait polizia identifikatu ditu Merinok, hedabideetan zabaldu diren bideo eta argazkietan, eta martxoaren 28rako deitu du epaileak identifikazio probara. Hala, bide judizial berri bat zabaldu dute Pasaiako segadari eta fusilamenduei dagokienez. Auziak ia 40 urteko ibilbidea egin du epaitegietan, baina ikerketak oztopo asko izan ditu aurrera egiteko, eta hura ixteko saio ugari egon dira, gainera. Horregatik, Merino bera «ezustean» harrapatu du epailearen deiak, Pasaiako polizia operazioan parte hartutakoak identifikatzeko egon diren traba askoren ondoren iritsi baita abisu hori.

Modu batera edo bestera, Gipuzkoako Lurralde Epaitegiak auzia zabaldu du berriro, eta egin beharrekotzat jo ditu sarraskiaren lekuko bakarrak bideotan ikusitako ustezko errudunak identifikatzea eta polizia horiei deklarazioa hartzea identifikazio probak emaitzak balitu.

Pasaiako sarraskiaren testuinguru historikora jo behar da Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen hilketaren zergatiak aurkitzeko. Izan ere, Felipe Gonzalezen (PSOE) agintaldi luzearen hasieran izandako gerra zikinarekin loturiko gertakari nagusietako bat da. Sarraskia gertatu baino urtebete lehenago eratu zuten GAL, 1983an. Bada, 1984ko martxoaren 22ko bezperetan, Rosa Jimeno oriotarra bahitu zuen Espainiako Poliziak, hura ere Komando Autonomoetako kidea, eta, torturapean, behartu egin zuten hildako militanteekin Pasaiako badian geratzera.

Taldea itsasoz iritsi zen Pasai Donibanera, Lapurditik, 22:00ak baino minutu batzuk geroago, eta tiroka hartu zituen Poliziak. Lurrera zetozen bost lagunetatik lau hil zituzten: Pedro Mari Isart eta Dionisio Aizpuru azpeitiarrak, eta Rafael Delas eta Jose Maria Izura iruindarrak. Joseba Merino bosgarren taldekidea izan zen bizirik atera zen bakarra.

Gau hartan tiro egin zuen agente bat identifikaturik duela esan dio BERRIAri Joseba Merinok, argazkietan eta bideoetan ezagutu duela zibil jantzita. Zer arma zeraman ere gogoan du: «Eskopeta bat».

Estatu terrorismoaren ekintza gisa sailkatu dute askok badiako sarraskia. Lau militanteen hilketa gertatu baino hilabete bat lehenago, Enrique Casas Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi eta senatariaren aurkako atentatua egin zuten; 1984ko otsailaren 23an hil zuten. Hamabi urte geroago, Ricardo Garcia Danborenea Bizkaiko PSEko idazkari nagusi ohiak GALen sorrerarekin nahastu zuen Casas epailearen aurrean. Danboreneak zazpi urteko kartzela zigorra jaso zuen GAL auziagatik.

Elkarretaratzea

Elkarretaratze batera deitu dute Joseba Merinok identifikazio proba duen egunerako, Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean. Martxoaren 28rako du Merinok ordua, 09:00etan, baina baliteke agendak aldaketaren bat izatea, prokuradoreen greba dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.