Pasaiako sarraskiko biktimen senideei barkamena eskatu die Urkulluk

Txostenaren auzia «kudeaketa mingarri eta krudel baten azken atala» izan dela salatu du Pello Aizpuruk, Dioni Aizpuru zenaren anaiak

jon ordonez garmendia
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
EH Bilduren galdera bati erantzunez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak barkamena eskatu die 1984ko martxoaren 22an Espainiako Poliziak Pasaian (Gipuzkoa) hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen familiei. EHUk 2020an egindako txostena «lehenago eta aurrez aurre» ez emateagatik eta ekitaldi publiko bat ez egiteagatik eskatu du barkamena.

Espainiako Poliziak Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura hil zituen egun horretan, badian, segada batean, 1984an. EHUren Unesco Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak egin zuen txostena 2020an, eta, zantzu guztien arabera, segada hura exekuzio bat izan zela ondorioztatu zuten. Inor ez dute zigortu hilketa horiengatik.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak Urkulluri aurpegiratu zion atzo txostena egin eta hiru urtera helarazi diela hildakoen senideei, beste batzuen bitartez. Urkulluk aitortu zuen «autokritika» egiteko beharra, txostena senideei pertsonalki ez helarazteagatik eta jendaurrean ez aurkezteagatik. Jakinarazi zuen, ordea, ostegunean egon zela hildakoen senideekin, eta txostena senideei orain gutxi eman badiete ere, «zabal» banatu dutela eragile politiko, sozial eta akademikoetan.

Pello Aizpuruk, Pasaiako sarraskian hildako Dioni Aizpururen anaiak Urkulluri erantzun zion atzo bertan. «Kudeaketa mingarri eta krudel baten azken atala» izan da, haren hitzetan, txostenaren auzia. «2019an Jonan Fernandezek esan zigun agian Gabonetarako aitortza egongo zela, eta zerua ireki zitzaigun. Karameloa ahoan ipini zigun, eta gero kendu. Geroztik, lau urteotan dei txiki bat ere ez dugu izan», esan zuen Aizpuruk. «Kaxoi batean gordetako txostena iritsi da arantzaz beteriko bide batetik gentozela».

Hura jasota ere, hemeretzi egunez «azalpenik gabe» egon dira familiak. «Hiru urte lanean jarduteko aukera kendu digute. Gure amak txostena irakurri du, eta negarra ateratzen zitzaion. Ez da ebazpen ofiziala, baina bizi guztian espero zuena da, eta hiru urtez luzatu dute», erantsi zuen Aizpuruk. Haren arabera, Pasaiako sarraskia ez da lau familien auzi bat, «euskal gizartearen kasu bat baizik, eta nazioartera eraman behar da». Espainiako Estatuak «Euskal Herrian nola eragin zuen» Europan azaldu dadin nahiko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.