Gaur bete dira 41 urte poliziak Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas Pasaian (Gipuzkoa) tiroz josita hil zituenetik —113 tiro kontatu zituzten guztira—. 1984ko martxoaren 22an hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalisten kideak. Gertaera jazo zenetik, hildakoen familiek behin eta berriz eskatu dute justizia, eta egun hartan gertatukoa argitzea. Bidea, ordea, ez da erraza izaten ari. Pasaiako Sarraskia Argitu plataformak antolatuta, beste urte batez, Azpeitian (Gipuzkoa) gogoratu dituzte biktimak. Goizean lore eskaintza izan da haien omenez jarritako oroigarrian, eta, arratsaldean, Azoka plazan, ekitaldi politikoa egin dute. Jendez lepo egon da.
Aurten, besteak beste, biktimen gurasoak oroitu nahi izan dituzte. Urte luzeetan haiek izan dira euren semeen alde borrokatu direnak, baina, urteen poderioz, ezin izan dute borroka horren fruitua jaso. Duela gutxi hil da horietako baten ama, bizirik zegoen azkena. «Hori baino gehiago merezi zuen», gehitu dute senideek. «Gure esperientzia mingarri honek balio dezala Jaurlaritzak gure atzetik datozen eta estatuaren biolentzia jasan duten senideak duintasunez eta errespetuz tratatzeko», gaineratu dute.
Anari musikariak ere parte hartu du ekitaldian. Asteon jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak Pasaiako lau hildakoak motibazio politikoko biktima gisa aitortuko dituela. «Garaipen arraro bat» izan dela adierazi du abeslariak, oraindik ez baita egia guztia argitu. Hori dela eta, Edertasun arraro bat kantua abestu du.
Lanean jarraitzea
Aspalditik espero zuten familiek Eusko Jaurlaritzaren erabakia: «41 urteren ondoren, estatu krimen bat izan zela ofizialki aitortzea lortu dugu. Inoiz baino ozenago esan dezakegu estatuaren terrorismoa izan zela». Hala ere, ez da nahikoa, orain Espainiako Gobernuari egokitzen baitzaio gertatutakoa azaltzea. Sekretu Ofizialen Legea desklasifikatzeko eskatu dute senideek. Hori gertatuz gero sarraskiaren egileak zeintzuk izan ziren jakitea espero dute.
Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro izandakoaren aurkako kereilan ere parte hartu dutela azaldu dute, eta aukerarik balego auzia Europara eramateko aukera ere ikusten dutela aipatu.
Eskertzetarako tartea ere izan da. Pasaiako Sarraskia Argitu taldean parte hartu duten eta laguntzen ibili direnei eman dizkiete eskerrak, 41 urte hauetan emandako laguntzagatik: «Aitortza hau hein handi batean zuei esker izan da». Hitzaldia amaitzeko, hildako senideei egin diete agurra: «Inoiz baino ozenago eta arrazoi gehiagorekin esango dugu: gure bihotzetan zaudete, eta maite zaituztegu. Gora zuek». Txalo zaparrada batek hartu du plaza.