Pasaiako sarraskia, Europara

Espainia salatu dute, gertakariak ez ikertzeagatik. Europarlamentarien babesa jaso dute senideek

Alderdi politikoetako kideak senideen azalpenak entzuten, segada izan zen tokian, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
Pasaia
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azkenengo urteetako ebazpenetan, Donostiako Instrukzio Epaitegiak frogatutzat eman du hilketa izan zela, eta ez tiroketa, bertsio ofizialak zioen moduan. Alegia, aldez aurretik prestatutako ekintza izan zela Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak hiltzea, eta Espainiako Poliziak egin zuela. Hori argituta ere, artxibatu egin zuten auzia, 2016an azkenekoz, erantzuleak bilatzeko ezintasuna argudiatuta. Horiek bilatzeko frogen peskizan aritu dira senideak 34 urteotan, baina zantzuak mahai gainean jarrita ere, salatu dute auzitegiek ate guztiak itxi egin dizkietela ikerketekin aurrera egiteko. Azkena, Auzitegi Konstituzionalak, iaz: ez zuen tramiterako onartu babes helegitea. Espainiako Justizian egin zezaketen bidea agortuta, erabaki dute Estrasburgora jotzea, Europako Giza Eskubideen Auzitegira.

Horren berri emateko agerraldia egin dute Pasaiako kultur etxean (Gipuzkoa), sarraskia izan zen lekutik gertu, eta senideekin batera han izan dira EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu-ko europarlamentariak: Izaskun Bilbao, Josu Juaristi eta Xabier Benito, hurrenez hurren. Kasua Bruselako «foroetara» eramateko konpromisoa agertu dute hiru hautetsiek, eta, horrekin batera, senideek iragarri dute harreman dinamika bat abiatu dutela Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Bizikidetza Idazkaritzekin eta Gogora institutuarekin. «Espero dugu emankorrak izatea».

Bizitza eskubidea urratzeagatik eta gertakariak behar bezala ikertu ez izanagatik salatu dute Espainiako Erreinua Europako auzitegian. Akusazioan, abokatu lanetan aritu dira Santi Gonzalez, senideen aldetik, eta Miguel Castells, Azpeitiko Udalaren izenean.

Susmoak, itzalen atzean

Gauaren ilunean hil zituzten Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak, 1984ko martxoaren 22an. Aurreko egunetan atxilotu eta torturatutako Rosa Jimeno behartu egin zuten haiekin hitzordua egitera. Lapurditik itsasoz iritsi zirenean, tiroka hartu zituen Espainiako Poliziak, eta hil zituen Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura. Joseba Merino bizirik irten zen, eta hamazazpi urte egin zituen espetxean, hilabete bat lehenago Enrique Casas PSEko kidearen hilketarekin zerikusia zuela egotzita.

Espainiako Gobernuan Felipe Gonzalezek egin zuen (PSOE) agintaldi luzearen hasierako urteetako gerra zikinaren gertakari nagusietako bat izan zen. Ordurako sortua zen GAL (1983an), eta urtebete geroago hil zituen Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak.

Kazetarien aurrean, senideek salatu dituzte Espainiako auzitegiek gertaturikoa ez argitzeko «erabilitako trikimailuak». «Hilketa zantzuak daudela aitortu arren, ez dute behar bezala ikertu horiek nortzuek egin zituzten». Nabarmendu dute froga eskaerarik gehienak —erantzuleak identifikatzea eta beste— atzera bota dituztela, eta auziarekin zerikusia duten poliziaren txosten batzuk desagerrarazi ere egin dituztela.

Nolanahi ere gertaturikoa argitzeko eta erantzuleak zehazteko aski elementu badaudela azpimarratu dute; gogoratu dituzte, besteak beste, Francisco Etxeberriak egindako autopsien txostenak, eta Eusko Jaurlaritzak, lekukoen testigantzak jasota, egin zuen dosierra. Alderdi sozialistako orduko agintari batzuek ere eginak dituzte adierazpenak gertatutakoaren inguruan.

«Gure lau senideekin egin zuten bidegabekeria inpunitatean geldi ez dadin duintasunez lanean jarraituko dugu», adierazi dute senideek, orain artekoak gogoan. Horrekin loturik, gogoratu dute Pasaiako badian lau hildakoen omenez dagoen monolitoari bi aldiz egin diotela eraso azken hilabeteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.