49 egunez Palermon blokeatuta egon ondotik, gaur 11:00etan iritsi da Aita Mari ontzia Pasaiako portura. Garaiz iritsi ere: ordua baino lehen ailegatu da, eta Pasaiako badian ibili da itzuliak emanez lehorreratzeko ordua iritsi aitzin. Portuan zain zituen, bertzeak bertze, Zaporeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideak, boluntarioak eta itsas salbamenduko kideak, eta baita EAJ, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko eledun batzuk ere.
Aita Mari portura iritsi orduko, Amaia Martinez Itsas Salbamenduko kideak salatu du Italiak ez duela salbamendu ontzirik nahi Mediterraneo itsasoan: «Gure ustez, Italiak zera nahi du, salbamendu itsasontziak bertatik ateratzea, gertatzen denaren testigurik ez izateko.». Martinezek Espainiako gobernuari leporatu dio Aita Mari ontzia eta Espainiako legedia ez babestu izana.
Apirilaren 13an lehorreratu zen Aita Mari Italiako Palermoko portuan noraezean zeuden 44 migratzaile erreskatatu ondotik. Horiek Palermon porturatu zituzten, baina Italiako Gobernuak, kaian zeudela, erabaki zuen ontzia ikuskatzea. 49 egun eman ditu bertan porturatuta, eta azkenean, Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak Italiako itsas autoritateekin negoziatu ondotik, ekainaren 26an lortu zuten handik abiatzeko baimena.
Aita Mari-ko kideek behin eta berriz salatu dute Italiako itsas autoritateek egindako ikuskatzea neurriz kanpokoa dela, eta bertze kategoria batzuetako ontziek bete beharreko ezaugarriak betetzeko eskatu dietela. Portuan emandako 49 egunek kostu ekonomiko handia eragin dutela nabarmendu zuen BERRIAn Iñigo Gutierrez GKEaren presidenteak. Denera 55.000 euroko diru galera. Eusko Jaurlaritzak 350.000 euro emango dizkio Itsas Salbamendu Humanitarioari Aita Mari ontziak aurrera jarrai dezan pertsonen bizitzak «zaintzeko helburuarekin».
Izaskun Arriaran Aita Mari-ko kideak Euskadi Irratiari erran dionez, Italian emandako denboran itsasontzia txukuntzeko lanetan ibili dira. Pasaiara iritsita, txukuntzeko eta egokitzeko lanak bukatuko dituzte. «Helburua Mediterraneo itsasora itzultzea da, baina ezin dugu jakin noiz. Etorkizuna nahiko zaila da», nabarmendu du Arriaranek.
Urtarriletik itsasoan
Urtarrilaren 31n abiatu zen Mediterraneorantz Aita Mari itsasontzia. Otsailaren 9an eta 10ean egin zituen lehen erreskateak, eta 13an porturatu zen Sizilian 158 migratzaile barkuan zituela. Afrikatik eta Bangladeshtik ihes eginda iritsi ziren migratzaileak Italiara, eta BERRIAk horietako hainbaten bizipenak jaso zituen, idatziz zein iruditan.
Apirilaren 13an Pasaiara itzultzeko bidean zela, bertze erreskate bat egin zuen itsasontziak. 47 migratzaile erreskatatu zituzten, horietatik sei korderik gabe. Portura itzultzeko bidean zenez, gutxieneko eskifaia zeraman ontziak orduan, zazpi lagun denera eta egoerak ezustean harrapatu zituela kontatu zuten: «Siziliako punta gurutzatzen ari ginenean, abisatu ziguten hiru ontzi uretan zeudela. Horiek erreskatatzeko operaziorik ez zegoenez martxan, gure betebehar morala eta legala da haien bila joatea».
Erreskateak egin eta Maltan porturatzeko baimena eskatu zuen ontziak. Maltak, ordea, ukatu egin zion bertan porturatzeko baimena. Apirilaren 15ean, barkuan zeuden 43 migratzaileetako hiru Lampedusan porturatzeko baimena eman zuten Italiako agintariek, eta hurrengo egunean bertze hiru lagun porturatu zituzten Lampedusan beren «muturreko osasun egoera» dela eta.
Apirilaren 18an larrialdi mezu bat helarazi zuen Aita Mari-k. Itsasoan jarraitzen zuten portu seguru baten bila, eta itsasontzian zeuden migratzaileen egoera «muturrekoa» zen. Azkenean mezua zabaldu eta hurrengo egunean migratzaileak Italiako Gobernuaren esku dagoen ferry batean uzteko baimena eman zion Italiak itsasontziari.
Migratzaileak porturatu eta Palermoko portuan zela jaso zuen Aita Mari-k maiatzaren 6a ikuskatzea pasatzeko agindua. Geroztik bertan egon da blokeatuta.