Atzo 1936ko gerrako lehergailu bat aurkitu zuten Pasaiako (Gipuzkoa) portuaren sarrerako kanalean, ikuskapen lanak egiten ari ziren bitartean. Gaur eguerdian operatibo bat abian jarri dute; eguerdian, zartarazi dute. Ez da arazorik egon. 12:30etik 14:00etara itxita egon da portuko sarrera, baina, 14:00etatik aurrera, portuko jarduera guztiek normal-normal jarraitu dute.
Ikuskatzaileak lehergailua aurkitu zutenean, Pasaiako portuan dauden Guardia Zibilen eta Pasaiako portuko itsas-kapitaintzaren eskutan jarri zuten. Gaur, operatiboa abian jartzeko, 12:30ak eta 14:00ak bitartean portu sarrera itxi eta jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte. Pasaiako Udalak sare sozialetan esan duenez, bainatzen ari zirenei uretatik ateratzeko esan die Udaltzaingoak; San Juan eta San Pedro artean ibiltzen den motora ere gelditu behar izan dute.
Dena kontrolpean zutenean, lehergailu teknikariak lehergailuaren eremura bildu dira. Horiek eta urpekari espezialistek egin dute lana. EFEko lekukoek informatu dutenez, ez da arazorik egon; gainazaletik ez da ondoriorik antzeman. 14:00etatik aurrera, normal-normal ekin zaie portuko jarduera eta ekintza guztiei.