Pasaiako Portuak etxetik bota nahi ditu hamabi familia, trenbide bat egiteko

Euskal Trenbide Sareak jada lizitatu du obra. Titular diren bizilagunei «etxe bat erosteko nahikoa ez den» kalte ordaina emango diete, eta gainontzekoei, ezer ere ez.

Pasaia
Egoera salatzeko gaur egin duten prentsaurrekoa. OARSOALDEKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA.
inaut matauko rada
2024ko otsailaren 12a
18:10
Entzun

Haserre eta etsiak jota daude Pasaiako (Gipuzkoa) Herrera kaleko 10. eta 11. etxe multzoetako bizilagunak, hamabi familia etxetik bota nahi baitituzte Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Portua Euskotrenen ibilbidearekin lotu nahi dute, Europatik datozen bobinak Durangora (Bizkaia) bidaltzeko.

Duela 60 urte inguru eraiki zituzten etxe horiek, portuko suhiltzaileak eta familiak bertan bizitzeko; ostera, portuko beste langile batzuen etxe ere izan ziren. Bada, langile gehienak hilak daude, eta haien alargunak etxeen titular bihurtu ziren. Beste kasu batzuetan, baina, alargunak ere hil egin dira; seme-alabek eta familiek bertan bizitzen jarraitu dute, baita tasak ordaintzen ere, baina ez ziren etxeen titular. Bizilagunen arabera, Pasaiako Portuak urte luzez hitzeman izan die etxeak erosteko eta haien jabe izateko aukera izango zutela, baina, azkenean, ezin izan dute hori egin. Horrez gainera, nahiz eta etxeen jabe ez izan, berrikuntza lan guztiak bizilagunek beraiek ordaindu dituzte.

Patxiren aitaginarreba portuko langilea zen, eta aspalditik bizi da bertan. BERRIAri azaldu dio 2016an titularrak ez zirenei alokairu bat ordainarazi nahi zietela: ia 600 euro. Kasua Macarena Olonaren eskuetara iritsi zen, orduan Espainiako Estatuaren abokatua zena EAEn. «Olonak esan zuen etxe horiek ezin zirela horrela alokatu, eta dena geldiarazi zuen», azaldu du Patxik. Horrez gain, etxejabe ez zirenek hildakoaren izenean ordaintzen zuten etxearen tasa, eta hori ere ezin zela horrela egin azaldu zuen Olonak. Horren ondorioz, 2017ko urtarrilaren 1etik ez dute tasarik ordaindu. «Baina ez ordaindu nahi ez dugulako, uzten ez digutelako baizik», nabarmendu du.

Horrela iritsi dira 2024ra. Azken hilabeteetan hainbat bilera izan dituzte Pasaiako Portu Agintaritzarekin, baina bizilagunek diote ez dietela inongo irtenbiderik eskaintzen. Hamasei etxe daude, eta horietatik hamabitan familiak bizi dira. Hamabi horietatik bost dira etxejabeak; etxebizitza horrekiko betiko eskubidea dutenez, haiei konpentsazio ekonomiko bat eskaini diete; horietako bat da Javi Perez, bere amaginarreba eta haren senar ohia portuko langileak baitziren. Konpentsazio ekonomiko hori etxejabearen adinaren araberakoa da, baina Perezek azaldu du ez dela nahikoa etxebizitza bat denbora luzez alokatzeko, are gutxiago erosteko.

Martin Bautista Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak azaldu du titular ez direnei ez dietela eskaini inongo konpentsazio ekonomikorik, ez etxebizitza alternatibarik ere. Horrez gain, salatu du trenbide berria egiteko zazpi milioi euro gastatuko dituztela eta portuko beste hainbat proiektutan mila milioi euro baino gehiago inbertituko dituztela, baina inongo laguntzarik ez dutela emango familia horiek etxe bat izan dezaten: «Gutxi batzuei miseriazko kalte ordain batzuk eskaintzen dizkiete, baina gehienei, kale gorria baino ez».

Lau hilabete dituzte

Pasaiako Portuak ekainerako hutsik nahi ditu eraikinak, haiek bota eta trenbidea egin ahal izateko. Patxiren arabera, izan dituzten bileretan «modu ordenatuan eta isilik» ateratzeko eskatu die portuak, alderdi politikoekin harremanetan jarri gabe. «Esan ziguten ez deitzeko alderdi politikoei, denak ados zeudelako proiektuarekin, Oarsoalderako hobekuntza izango delako», azaldu du Arantxak, beste bizilagun batek.

Bautistak, sindikatuko ordezkariak, azaldu du kezkatuta daudela, etxejabeak ez direnen aurka prozesu administratibo bat hasi baitezakete etxegabetzeko: «Horrek esan nahi du epe motz batean, hilabete batean adibidez, prozesua martxan jar dezaketela etxetik botatzeko».

Ekainean atera behar dute, baina «modu onean» ateraz gero, urte amaierara arte utziko liekete, Patxik azaldu duenaren arabera. «Hemen egingo den inbertsioarekin, benetan ez dago beste modurik guk etxe bat izateko? Ba gu ez gara hala moduan joango hemendik».

«Urrezko lingoteen» bidea

Pasaiako portutik gertu pasatzen da Euskotrenen trenbidea, eta, portua trenbide horrekin lotuz, merkantziak errazago garraiatu nahi dituzte. Izan ere, gero eta metalezko bobina gehiago jasotzen ditu Europatik Pasaiako portuak, eta horiek Durangoko geltokira garraiatzea erraztu nahi dute.

Jon Serrano bizilagunak azaldu du Pasaiako Portu Agintaritzarekin izandako bileretako batean bide alternatiboren bat bilatzeko eskatu zietela bizilagunek, baina erantzun zieten trenbide horretatik «urrezko lingoteak» garraiatuko zirela, proiektuaren garrantzia nabarmenduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.