Ofiziala da: Pasaiako kanpoko kaia ez dute eraikiko. Oraingoz. Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak atzo goizean egin zuen bilera, eta aurreko hilabeteetan iragarritako asmoa onartu zuten. Ricardo Peña Portu Agintaritzako presidenteak joan den igandeanBERRIAri azaldu zizkion arrazoiak: salgaien trafikoa gutxitu egin da azken urteetan, kanpoko kaiaren finantzaketaren parte handiena agintaritzaren esku zegoen —portuko lur batzuetan etxeak eraikiz eskuratu nahi zuten dirua, baina eraikuntzaren krisiak eskari hori ere gutxitu du—, eta Iberdrolak ziklo konbinatuko zentral bat eraikitzeko asmoa zuen kanpoko kaian —baina, hori eraikitzeko urratsik egin ez, eta desmuntatu egin du barruko portuan zegoen zentral termikoa—. Agintaritzak, beraz, azaldu du «saihetsezina» zela kanpoko kaiaren egitasmoa bertan behera uztea, haren aldeko argudioak «bata bestearen atzetik» desagertu direlako urteotan.
Nolanahi ere, agintaritzak uste du egoera ekonomikoa aldatzen bada eta finantzaketaren auzia bideratzen bada egingarri izan daitekeela proiektua etorkizunean. Epeak ez ditu argi, ordea. Peñak berak esana du ez dakiela, hamar edo hogei urte joan daitezkeela. Edonola ere, kanpoko kaiaren egitasmoa bertan behera utzita, orain barruko portuan jarriko ditu indarrak agintaritzak. Portua sendotzea eta inguruko herriekin bateragarri egitea da asmoa. Atzo onartu zuten plan estrategiko bat egitea, asmo horiekin. Martxorako bukatuko dute.
PSErentzat, «aitzakiak»
PSE-EEk kritika egin dio agintaritzari; agertutako arrazoiak «aitzakiak» direla eta kanpoko portua «ezinbesteko» azpiegitura dela adierazi zuen Iñaki Arriola PSEko Gipuzkoako buruak atzo.
EH Bildurentzat, berriz, erabaki «pozgarria» da. «Egungo portua eta badia biziberritzea da erronka orain». Horretarako plana «lehenbailehen» hasteko eta Pasaia eta inguruetako herritarren iritziak aintzat hartzeko eskatu du.
Pasaiako kanpoko kaia ez eraikitzea «saihetsezina» dela dio agintaritzak
Proiektua bertan behera utzi du administrazio kontseiluak.Ez du bazter utzi, hala ere, etorkizunean eraikitzeko aukera, baldintzak aldatuz gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu