Pasaiako Portu Agintaritza ziur dago Espainiako Ingurumen Ministerioak onartu egingo duela kanpoko kaia egiteko egitasmoa. Hala uste du Lucio Hernando presidenteak: «Oso pozik gaude egindako lanarekin. Gaur aurkeztu dugun ingurumen iraunkortasunari buruzko txosten berritua akatsgabea da, eta espero dugu Ingurumen eta Sustapen ministerioen azterketak gaindituko dituela». Eragingo liratekeen kalteak «bateragarriak eta zeharkakoak» izango direla esan du Hernandok. «Gainera, badira horiek arintzeko neurri zuzentzaileak». Hala, kanpoko kaia egitea «aukerarik onena» izango litzatekeela babestu du beste behin. «Ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik beste aukerak gainditzen ditu, eta, gainera, Pasaiako badia biziberritzea bermatzen duen bakarra da».
Iaz aurkeztu zuen Pasaiako Portu Agintaritzak egitasmoari buruzko lehen ingurumen txostena. Bertan aitortzen zuen kanpoko kaiak «ondorio kritikoak» izango zituela naturan. Kalteen artean ondorengoak aipatzen zituen: aldaketak uraren kalitatean; gorabeherak lurraren kalitatean; kalteak itsasoko fauna eta floran... Ingurumen Ministerioak ere horretaz ohartarazi zion, eta beste aukerak ere aintzat hartzeko eskatu zion. Gainera, egitasmoarekin lotura duela kontuan hartuta, Frantziako Gobernuari proiektuaren inguruko xehetasunak ematea galdegin zion Ingurumen Ministerioak, baita proiektuak eragindako «gizarte errefusa» kontuan hartzeko ere.
Txostenak mila helegite pasatxo jaso zituen. «Egia da txosten hark hari mutur asko uzten zituela lotu gabe. Baina ez zen izan aurreko zuzendaritzaren eta teknikarien hutsegiteengatik. Lehen aldia da portu bat egiteko proiektu batek halako ingurumen lege berri eta zorrotzak bete behar dituela. Ez genuen halakoetan esperientziarik, eta hori ordaindu genuen».
Txosten berrituan helegiteei erantzun diete, eta ingurumen kalteak arintzeko proposatu dituzten neurri zuzentzaileak zehaztu dituzte. Orain, beste 45 egun izango dira helegiteak jartzeko. Ondoren, Ingurumen Ministerioak eta Pasaiako Portu Agintaritzak proiektuaren ingurumen iraunkortasunari buruzko memoria egingo dute. Apiril ingururako prest izatea espero dute. Txosten hori kontuan hartuta, egitasmoari oniritzia eman edo ez erabaki beharko du Sustapen Ministerioak. «Ingurumen iraunkortasunari buruzko memoria aldekoa bada, ez da arazorik egongo». Irailerako espero dute behin betiko erabakia.
Cesar Salvador portu agintaritzako Proiektuen zuzendariak azaldu du txostenean igo egin dutela trafikoen inguruko aurreikuspena. 2030erako 17,6 milioi tona salgairen joan-etorria espero dute. «Aurreikuspen baikor hori egitera bultzatzen gaituzten hainbat faktore daude. Horien artean dago Europako Batasunak lehentasuna eman izana AHTaren Mediterraneoko eta Atlantikoko korridoreei. Alde horretatik, Pasaiako kanpoko kaia gune estrategiko batean dago kokatuta. Gainera, Europako Batasunak berak berretsi du lehentasuna eman nahi diela itsaso eta tren bidezko garraioei».
Hori kontuan hartuta, berretsi dute kanpoko kaia egitea dela aukerarik onena. «Bideragarritasun ekonomikoa, lurralde antolamendua, esportazioak, azpiegituren optimizazioa eta eskaintza zabaltzeari begira, emaitza onenak lortu ditu txostenean».
Aztertu dituzten beste aukeretako bat egungo portuari eustea litzateke, inolako berritasunik egin gabe. «Horrek portuaren gainbehera ekarriko luke, ez bailitzateke gai izango trafikoari erantzuteko. Gainera, ezingo litzateke badia biziberritu», nabarmendu du Gregorio Irigoienek, portuko zuzendari nagusiak.
Trafikoa 5,6 milioira handitzeko bidea emango luke aztertu duten hirugarren alternatibak. Horretarako, egungo portuan 165 milioi euroko inbertsioa egin beharko litzateke. «Berrikuntzei esker, 180 metro arteko luzera duten itsasontziak portuan sartu ahal izatea lortuko genuke, eta trafiko berriak erakarri. Baina zalantza handiak daude horretarako baimena izango ote genukeen», zehaztu du Irigoienek.
Egungoari eutsiz kanpoko kairako aurreikusten diren tamainako ontzien joan-etorria bermatzea litzateke azken aukera. Horretarako, 200 bat metro handitu beharko lukete egungo sarbidea. Eta, horretarako, 900 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko litzateke. «Astakeria bat da hori. Ingurumenean kalte onartezinak eragingo lirateke, eta kostua nabarmen igoko litzateke», nabarmendu du Irigoienek.
Neurri zuzentzaileak
Kanpoko kaia egiteak ingurumenean eragingo lituzkeen kalteen inguruan argi mintzatu dira portu agintaritzako ordezkariak. «[LIC] Garrantzi komunitarioko leku bat babestu beharreko gune bat da, baina ez zerbait sakratua. Uki daiteke».
Aitortu dute ingurumenean kalteak izango direla. Horien artean aipatu dituzte, besteak bestea, hiru hegazti espezieren kaltetzea eta itsasoko txilarraren desagertzea. «Baina kalte horiek zuzentzeko erabiliko dugu aurrekontuaren %10-%15».
Proposatu dituzten neurrien artean daude Jaizkibel iparraldeko errekak naturalizatzea, Asabarartzako hondartzaren ordez Kalaburtzakoa biziberritzea eta kaltetutako guneen ingurumena suspertzea.
Pasaiako kanpoko kaia aurrera aterako dela ziur da portu agintaritza
Ingurumen iraunkortasunari buruzko txosten berritua aurkeztu dute; bertan kanpoko kaiaren alde egin dute beste behinIngurumen kalteak «zeharkakoak» izango direla diote, eta konpon daitezkeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu