«Pasaiako badiaren biziberritzea gai estrategikoa da». Hala jasotzen du erakunde publikoen arteko esparru hitzarmenaren zirriborroaren lehen puntuak. «Alde sinatzaileen artean hitzartu eta koordinatu behar da, biziberritze-lanak eraginkortasunez egin daitezen», gaineratzen du. Zazpi erakundek aurki sinatuko dute akordioa: Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, Pasaiako Udalak, Lezoko Udalak, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak eta Pasaiako Portu Agintaritzak.
Erakundeek larunbatera arte dute ekarpenak egiteko denbora. Esparru hitzarmenaren edukiak aztertzen ari dira egunotan. Eta, aste gutxi barru, behin betiko testua sinatuko dute.
Marian Betialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak informazio eskaria egin zion gaiaz Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuari. Ana Oregi sailburuaren erantzunean aurki daiteke esparru hitzarmenaren zirriborroa.
Zirriborro horrek jasotzen duenez, erakundeek helburu komunak lortzeko ekintzak «era koordinatu» batean aurrera eramateko konpromisoa dute. Era berean, esparruaren lana egiteko egin diren ekinaldiek «agerian» utzi dute erakundeek elkarren artean adostutako plan baten beharra. «Gerora, gizartearekin eta eragile sozioekonomikoekin kontrastatu daitekeena».
Esparru hitzarmenaren zirriborroan ez da aipamenik ageri kanpoko kaiaren proiektuaren inguruan. Baina sinatzaileen artean «ibilbide orri bat adostea» iragartzen du azkeneko puntuan, Pasaiako badiaren biziberritzeko plan estrategikoa gauzatzeko.
Erakundeek hartu beharreko konpromisoen artean aipatzen da euren esku dagoen Pasaiako badiaren biziberritzearen inguruko informazioa «denen esku» uztea. Esparru hitzarmenak bi urte iraungo luke, sinatzen den egunetik hasita. Dokumentuak ez du gasturik aurreikusten.
Jaizkibia elkartea, kolokan
Pasaiako portuaren inguruan hainbat erakunde publiko biltzen dituen Jaizkibia elkartea, berriz, desagertzeko bidean da. 2,7 milioi euroko zorra du elkarteak, eta azkeneko asteetan desegite prozesua nola egin aztertzen ari dira erakundeak. Jaizkibia eratzeko, lau milioi euroko hasierako kapitala jarri zuten erakundeek, 2006. urtean. Elkartea kanpoko kaiaren proiektuarekin lotu izan dute.
Pasaiako badia biziberritzeko esparru ituna sinatuko dute zazpi erakundek
Zirriborroaren arabera, «ezinbestekoa» da erakundeek plan estrategiko baterako bide orri bat adostea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu