Pasabideak gotorlekuan

Herritarren parte hartzeari eta garapen komunitarioari buruzko jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, eta alor horretan bildutako zenbait esperientziaren berri eman dute adituek.

Andere Ormazabal, Maitane Barrenetxea, Ainhoa Arrona, Miren Larrea, Izaro Gorostidi eta Zesar Martinez. M. D. V. / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Askotan, gotorleku baten moduan irudikatzen dituzte herritarrek erakundeak: urrunak, itxiak eta irisbide errazik gabekoak. Baina, aldi berean, gobernantza partekatua, aurrekontu parte hartzaileak, open government eta antzeko kontzeptuak gero eta ohikoagoak dira, esparru akademikoan ez ezik, politikarien ahotan ere. Egunotan Partaidetza, Ikerketa-Ekintza eta Garapen Komunitarioari buruzko Nazioarteko Jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak antolatuta; joan den asteazkenean hasi ziren, gaur amaituko dute, eta tarte horretan erakundeen eta herritarren arteko harremanaren ertz asko jorratzeko aukera izan dute.

Atzo antolatutako mahai inguruetako batek «esperientzian oinarritutako ikasketak» izan zituen mintzagai. Parte Hartuz taldeko Andere Ormazabalek gidatuta, zenbait adituk emanzuten alor horretan bildutako eskarmentuaren berri.

Deustuko Unibertsitateko Orkestra institutuko kide Miren Larreak eta Ainhoa Arronak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzazko gobernantzaren esparruan egindako lana azaldu zuten. Esan zutenez, 2015ean hasi ziren beharrean, Etorkizuna Eraikiz programa abian jarri zenean, baina haien eskarmentua lehenagotik dator, 2009an Gipuzkoa Sarean programa lantzen hasi baitziren.

Lankidetzazko gobernantza «erakunde publiko, gizarte eragile eta herritarren arteko lankidetza instituzionalizatua» da, «herri politiken ekosistema ahaldundu eta eraginkortzeko». Hori da behintzat Larreak eta Arronak darabilten definizioa, baina, azaldu zutenez, ez da beti hori izan, eta denboraren poderioz aldatuz joan da: hasieran aldundiak proposatzen zuen definizioa «erakundean zentratuago» zegoen, baina, «elkarlanaren ondorioz», aldundian zeuden «erresistentziak» gainditu dira.

Hori da esperientzia horretatik Larreak eta Arronak atera zituzten ondorio nagusietako bat: «Askotan pentsatzen da prozesua nork zuzentzen duen edo nork abiarazi duen, horrexek ezartzen duela norabidea eta horren gaineko kontrola», esan zuen Arronak. «Gure esperientziaren arabera, hori ez da horrela; prozesuak berak hartzen du indarra eta ezartzen du norabidea, prozesua abiarazi duenak baino gehiago».

Esandakoaren zenbait adibide eman zituen Arronak. 2013an, sustapen politiken inguruan eztabaidatzeko mahai bat eratu zuen aldundiak eskualdeetako garapen agentziekin. Hasieran, agentzietako zuzendari eta presidenteek baino ez zuten horretan parte hartu behar, eta, ikertzaileek proposatu zutenean agentzietako teknikariek ere parte hartzea, «zalantzak eta erresistentziak» agertu ziren erakundeen artean. Azkenean, erresistentzia horiek gainditu ziren, eta teknikariek osatutako esparrua «eraginkor eta aberasgarrienetako bat» izan zen.

Karmelaren eredua

Parte Hartuz taldeko Izaro Gorostidik eta Zesar Martinezek beste eredu bat azaldu zuten, erakundeen arteko lankidetzatik baino gehiago «oldarretik» sortua: Karmela gune autogestionatua. Bilboko Santutxu auzoan hutsik zegoen ikastetxea zen Karmela, auzoko eragileek 2015ean okupatua eta geroztik eragile horiek kudeatzen dutena.

Auzoko eragileek «herritarren ekinbide sozial eta kulturalak gauzatzeko gune komunitario, ireki eta autogestionatua» eraiki nahi zuten Karmelan, Gorostidik azaldutakoaren arabera. Egitasmo horrek zuzenean talka egiten zuen Bilboko Udalak zeukan ikuspegiarekin: «Lehenengo fasean, udalaren eta herri eragileen arteko gatazka, konfrontazioa eta elkarren ukazioa nagusitu ziren. Udalak eta eragileek etsaitzat jotzen zuten batak bestea». Bilboko Udalak «parte-hartze prozesu zabalago bat abiatzeko saialdia» egin zuen auzoan teknikari batzuen bidez, baina horrek ere ez zituen eragileen mesfidantzak gainditu, eta blokeoak iraun egin zuen.

Azkenean, eta eragileek eskatuta, 2017an Parte Hartuz taldea gonbidatu zuten prozesuan esku hartzera, alde bien arteko harremana errazte aldera. Geroztik, arazoak eta pentsamolde desberdinak ez dira desagertu, baina «ikuspegi aldaketa» gertatu da, eta «elkar ulertzeko eremu bat» sortu da.

Martinezek esan zuenez, normala da erakundeek eta eratu gabeko esparruek «logika antagonikoak» izatea, haien premiak, lehentasunak, hizkuntzak eta kultura politikoak desberdinak direlako. Desberdintasun horiek egokiro kudeatzea da gakoa: «Erakundeek herritarren parte hartze espontaneoa onartu behar dute, eta aintzat hartu horrek eragin demokratizatzailea duela. Proiektuen arteko talka onuragarria da, eta mesede egiten dio demokraziari».

Martinezek argi utzi nahi izan zuen haien lana «bidean laguntzea» izan zela, eta ez «bitartekari» gisa aritzea. Ustezko neutraltasunaren aurka egin zuen: «Gu ez gara neutralak. Berez, erakundeen eta herri eragileen arteko botere harremanak desorekatuak dira, eta guk harreman horiek ahal den neurrian orekatu nahi ditugu. Uste dut gure jarduera lagungarri izan zaiola udalari, eta herri mugimenduarentzat aliatuak izan gara».

Deliberazioa erraztu

Aztiker ikerketa taldeko Maitane Barrenetxeak beste esperientzia baten berri eman zuen: herritarren parte hartzea bilatzen duten taldeetan eztabaida sustatzen eta dinamizatzen aritzen diren teknikariena, hain zuzen ere. «Deliberazioa errazteko» zeregin horretan, Gipuzkoako Herritarren Batzarrean bildutako eskarmentua azaldu zuen, lehen Tolosan (Gipuzkoa) egindako antzeko esperientzia batean oinarri duena.

Batzar horretan parte hartzeko, 32 herritar hautatu zituzten zozketa bidez, Gipuzkoako gizartearen lagin bat osatzeko. Galdera bat egin zieten herritar horiei: «Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazari jarduera klima larrialdiari aurre egiteko?».

Lau asteburutan landu zuten gaia herritarrek, 40 orduz orotara. Zenbait adituren iritziak entzun zituzten, «begirada aberastua» osatzeko; gero, haien artean eztabaidatu zuten, eta, azkenean, erakundeei zuzendutako bederatzi gomendio biltzen zituen agiria ondu zuten. Geroago, jarraipen batzorde bat ere eratu zen, erakundeek gomendio horiek noraino betetzen zituzten neurtzeko.

Barrenetxearen ustez, esperientzia oso aberasgarria suertatu zen, eta parte hartutakoek hobekien baloratutako arloetako bat izan zen errazte lanetan aritutako teknikarien lana, baina, hala ere, prozesuan sortutako zenbait zalantza agertu zituen: adibidez, nola lortu norberaren uste eta iritziek prozesuan distortsiorik ez sortzea, edo nola bermatu denen parte hartze orekatua: «Taldeen deliberazio prozesua errazteko tekniketan asko aurreratu da, baina oraindik badago zer landu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.