Gaur egingo da Kilometroak eguneko festa, Ibarran, eta ginga jarriko diote urte osoan egindako egitasmo sortari. Hala azaldu dute antolatzaileek: «Guretzat ez da egun bakarreko kontua izan, urte oso batekoa baizik». Ibarrako Uzturpe ikastola aritu da jaia antolatzen, eta lehenengoz ari dira jai eredu berriarekin. Hala, gaurko egun handia ospatzeko, egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek, adin guztietako jendeari zuzendutakoa. Jarri dute erronka ere: «Kultura kontsumitzeaz gain, hura esperimentatzea, bizitzea eta parte hartzea dugu helburu». Irribarra lelopean osatu dute jaia, eta bide horretatik doa kantaren mezua ere: «Ibarra da irribarra».
Ikastolaren eta herriaren «izaerara eta balioetara» egokitzen den festa diseinatu dute, eta, azaldu dutenez, hizkuntza eta kulturarekiko sentipena indartu asmo dute: «Atxikimendu hori gure lurrarekiko dugun loturan irudikatu nahi izan dugu». Hainbat alderditan jarri dute arreta: artea, gastronomia, kulturartekotasuna, aniztasuna, ikasleen topaketak, kirola...
Lau gune izango dituzte gaur aukeran Ibarrara joaten direnek; horiek, baina, ez dituzte «tematikoki» edo «adinaren arabera» banatu, beste urteetan egin ohi zen moduan. Denentzako egokiak diren tokiak prestatu nahi izan dituzte. Hala, Sormena izango da guneetako baten izena: eskultura erakusketa bat egongo da ikusgai, eta, horrez gain, tailerrak ere egingo dira. Bertsoak botatzeko eta zirkua egiten ikasteko aukera ere egongo da, besteak beste. Haurren Hirian, berriz, esaterako, Baso magikoa egitasmoa prestatu dute: «Ipuinak, fantasia, irudimena eta abentura izango dira protagonista». Hogei ikastolen arteko topaketak ere antolatu dituzte, askotariko probez osatutakoak, eta Irene Caminosek bizikletarekin erakustaldia ere eskainiko du.
Euskal musikaren ibilbidean, nola ez, musika izango da nagusi. Bizienea izeneko txoko bat prestatu dute, eta nahi duen orok aukera izango du hamabost minutuko emanaldiak emateko. Oholtza bat atondu dute horretarako. Halere, musika ez da eremu horretan bakarrik izango; ez dute kontzertuetarako «gune espezifiko» bat lotu nahi izan, eta gune guztietan izango dira kontzertuak: Xsakara, Diablues, Xiberoots, Dj Bull, Nikotina, Dupla...
Gastronomia izango da azken gunea, eta balioa eman nahi die bertako produktuei. 800 lagunentzat paella eta Lumagorri oilaskoa prestatuko dituzte, eta herriko plazan Pipar gunea ere egongo da.
Kanpoaldea berritzeko
Ekintza horiez gain, hiru hitzaldi ere antolatu dituzte: Baratzetik gastronomiara: iraultza baterako gakoak mahai ingurua egingo dute Jakoba Errekondok eta Javi Riverok; Ekologista naiz, baina... hitzaldia emango du Gorka Egiak; eta Familia gatazka eta estresaren aurkako pilulak izeneko saioa eskainiko du Nerea Mendizabalek. Denak 10:45ean hasiko dira. Badira berrikuntza gehiago ere: nahi duen orok Piperraren ibilbidea egiteko aukera izango du, eta 12:00etan, gune guztietan Txoriak txori abestia kantatuko dute. Antolatzaileen arabera, jendearen «parte hartzea» bultzatzea dute helburu. Bertaratutakoei festa errespetuz gozatzeko deia ere egin die.
Kilometroak jaian bildutako dirua, berriz, Uzturpe ikastolaren kanpoko patioa eraberritzeko baliatu nahi dute. Aitortu dutenez, egun ez da jolas egiteko, esperimentatzeko edota kirola egiteko «tokirik aproposena».
Parte hartzea sustatuz
Kilometroak eguneko jaia egingo dute gaur Ibarran, eta lau gune prestatu dituzte antolatzaileek: Sormena, Haurren Hiria, Euskal Musikaren Ibilbidea eta Gastronomia. Uzturpe ikastolaren eta Ibarra herriaren balioetara egokitutako festa diseinatu dute, eta ikastolaren patioa eraberritzeko erabili nahi dute jaian bildutako dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu