Bakea eta bizikidetza

Parte hartzea sustatu nahi du Baketik-ek, «blokeoa gainditzeko»

Herritarrek funtsezko indarra egin dezakete bake prozesua sendotzeko, Baketik-en ustez.Ekarpenak jaso nahi ditu prozesua blokeatzen duten bost gairen inguruan

gurutze izagirre intxauspe
Donostia
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Bake prozesua desblokea dadin gizarteak indar egitea ezinbestekoa da, Baketik-en ustez. Horretarako bideak jorratu eta eskura jarri nahi ditu inkesten bidez, teknologia berrien bidezko kontsulten bidez, metodologia parte hartzaileak erabiliz eta udal kontsultak sustatuz, besteak beste. Hasteko, World-Kafeak sustatuko ditu, udalerrietan bizikidetza sustatzeko baliatu duten metodoa da, eta emankorra izan zaie. Ekinbidearen aurkezpena Iker Usonek eta Maite Aseginolazak egin dute, Baketik-en izenean, Donostian.

Hasiak dira hainbat udalekin eta herrietako taldeekin harremanetan jartzen. Hasteko, taldekako eztabaidak sustatuko dituzte, talde txikiak osatuz, galdera bat planteatuz, eta galdera berari eutsita taldekideak aldatuz joanez. Talde horietatik ondorioztatzen diren gaiekin aktak jasoko dituzte, eta bake prozesua korapilatzen duten bost gairen inguruko iritzi bilduma jasoko dute. Gogoeta honako gai hauen inguruan sustatu nahi dute: ETAren desarmatzea, orotariko biktimak, memoria, euskal presoak eta bizikidetza.

Prozesuko gai nagusien blokeoa bost puntu horietan dagoela uste dute. Blokeo horrek zenbait eragileren desadostasunekin zerikusia duela diote: «Gai honen inguruan elkarrengandik urruntzen diren ikuspegiak adierazten dituzte eragile politikoek, instituzionalek, nazioartekoek, sozialek, biktimen elkarteek eta beste hainbatek, tartean ETA eta preso dauden pertsonek». Baketik-en iritziz, ordea, eragile horiek erakusten duten adinako zatiketarik ez dago gizartean. Eta hor jarri nahi dute indargunea. Gizarteak adostasunak josten lagun dezakeelakoan dago, «egungo prozesuaren geldialdia gainditzen laguntzeko». Horregatik jarri nahi dute indargunea parte hartzean, «aukera hori esploratu».

Gaur egungoak garai berriak direla sinesten badu ere, itxaropenerako garai hau mehatxatua ikusten du Baketik-ek, «ez atzerapausoak eman daitezkeelako, baizik eta geldialdiaren kronifikazioagatik eta horrek ekar dezakeen prozesuaren hondatzeagatik». Hori dela eta, herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, gizartearen parte hartzea demokraziaren oinarri sendoenetako bat dela sinestuta, «nahiz eta alderdi politikoek nahitaezko erantzukizuna duten prozesuan, baina ez da beraien kontua soilik».

Lan ildo baten segida

Azken bost urteetan hainbat «ahulguneren» inguruan «indarguneak» topatzeko lan esparruak zabaldu ditu Baketik-ek, eta soka horren segida da aurkeztu berri duen lan ildorako proposamena. 2011n Adiskidetzerako Indarguneak ekinbidea aurkeztu zuen, bizikidetza eta adiskidetze kultura sustatzea helburu zuen agiria. 2012an adiskidetze prozesu bat bultzatzeko oinarrizko proposamena egin zuen politika, udal, ikastetxe eta herrietako bizikidetzarako. 2013an «aliantza estrategikoak» jorratu zituen udal eta ikastetxeen artean herri mailan bizikidetza sustatzeko, eta iaz, humanizazioa jorratu zuen, sufrimendu pertsonal eta kolektiboak murrizteko eta harremanak berreraikitzeko elkargune gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.