Bi aldagaik bihurtu dute albiste posta bidezko botoa uztailaren 23ko bozen atarian. Lehena aurreikus zitekeen, hauteskundeak egiteko egunarekin dagoelako lotua, udako sasoiarekin eta oporrekin. Hala, izugarri handitu da posta bidezko botoa hautatu dutenen kopurua, eta horrek ilarak ekarri ditu Correosen bulegoetan azken asteotan. Bigarren aldagaia ez zen aurreikusten erraza, PPren estrategia deigarri batekin duelako zerikusia, sistemaren garbitasuna zalantzan jartzearekin, mundu zabalean eskuin muturreko beste lider batzuek egin izan duten bezala, kasurako Donald Trumpek AEBetan. Alberto Nuñez Feijoo PPko hautagaiak aditzera eman du Espainiako Gobernuak ezkutuko agindu bat eman ote duen posta bidezko botoa oztopatzeko, boto horietako gehienak PPren aldekoak direla iradokiz eta susmoa zabalduz.
Ikusi gehiago:Botoa posta bidez emateko epea luzatu dute
Testuinguru horretan iritsi dira Correosen datu zehatzak, emaitzen zilegitasuna higatzeko estrategiatik harago: 262.132 eskaera egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horiek guztiak kudeatu ditu Correosek.
Uztailaren 23ko bozetan, euskal herritarrek Espainiako Kongresurako 23 diputatu eta Senaturako hamasei senatari aukeratuko dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Posta bidezko botoen kopurua inoizko handiena izango da, 262.132 eskaera horiek direla eta. Eusko Legebiltzarrerako 2020ko uztailaren 12ko deialdia da datu horietara gehien gerturatzen dena, pandemiaren gordinean; baina alde nabarmenarekin: 2020ko boz horietan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erroldan zeudenen %7,3k bozkatu zuen formula horren bidez, 125.255 boto emailek, eta ordu arteko marka ezarri.
Orain, postaren formulara jo dutenak 262.132 izan dira Hegoaldean: uholde bat izan da Correosentzat, baina esan du eskaera guztiak kudeatu dituela, eta eskatzaile gehienek botoa emana dutela jada. 236.101 lagunek posta zerbitzuaren bulegoetan bozkatu dute, eta gainerakoek, 25.985ek, telematikoki. Datuak lurraldez lurralde aztertuz gero, Bizkaian egin dute eskaera gehien: 126.188. Gipuzkoan 57.559 eskaera zenbatu dituzte, Nafarroan 47.411, eta Araban 30.928.
Erroldaren datuak
Guztira, 2.308.969 herritarrek dute botoa emateko eskubidea Hegoaldean. Errolda horretan daude atzerrian bizi diren euskal herritarrak ere: bozkatzeko eskubidea duten 110.276 lagun, hain zuzen. Bozkatzeko 1.081 hautesleku zabalduko dituzte, 102 Araban, 340 Bizkaian, 277 Gipuzkoan eta 362 Nafarroan; horietan, 3.652 hauteskunde mahai egongo dira, eta boto emaileek 25,4 milioi boto paper aurkituko dituzte hauteslekuetako kabinetan.
Correos, arretagune
Uda betean egindako deialdiak posta bidezko botoaren aukera bultzatu du, eta Correosen jarduna arretagune bihurtu du PPk, aditzera emanez bulegoetako ilarek nahita eragindako utzikeria islatzen dutela, eta posta bidezko botoa oztopatzea dela helburua. Feijook behin baino gehiagotan aipatu du aukera hori, eta esan du Correoseko langileei «ordu estrak» pagatuko dizkietela Espainiako presidente denean; gainera, lanerako prestasuna eskatu die, zuzendaritzak beste agindu bat eman izan balie bezala.
«Postariei eskatzen diet boto eskaera guztiak banatu ditzatela, nagusien aginduen gainetik», adierazi zuen kanpaina hasieran PPko buruak. Juan Manuel Serrano Correoseko presidentea Pedro Sanchezen kabineteburua izan zen aurretik, eta Feijook zuloa ikusi du hor Correosen neutraltasuna ezbaian jartzeko. PPko hautagaia bera ere Correoseko presidente izandakoa da, 2000tik 2003ra bitarte, Jose Maria Aznar Espainiako presidente zela.
Correos uztailaren 3an hasi zen boto paperak entregatzen eskaera egindako herritarrei, eta hilaren 16ra bitarte aritu da horretan. Herritarrek, berriz, gaur arteko tartea izango dute botoa Correosen egoitza batean aurkezteko, 22:00ak arte. Sindikatuen kexuen ondoren, postaz arduratzen den enpresa publikoak 1.584 langile kontratatu ditu Hego Euskal Herrian, hauteskunde prozesuan laguntzeko. Era berean, bulegoetako ordutegiak luzatu ditu, eta asteburuetan ere ireki ditu lau lurraldeetako zenbait bulego.