Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Parte hartzea azken bozetan baino handiagoa izan da

Hautesleen %62,52k eman dute botoa, duela lau urte %50ekoa izan zen.

Emakume bat boto papera hartzen, gaur, Durangon. JON URBE / FOKU
Emakume bat boto papera hartzen, gaur, Durangon (Bizkaia). JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza - Mikel P. Ansa
2024ko apirilaren 21a
19:10
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bozkatzera deitutakoen %62,52k eman dute botoa. Alde txiki batzuk izan dira herrialdeka, eta Bizkaiak izan du parte hartze handiena: Araban %61,11k eman dute botoa; Bizkaian, %63,41ek; eta Gipuzkoan, %61,71ek. Ondorioz, jada parte hartzea 2020. urtekoa baino handiagoa da, boto emaileen %50 eskasek parte hartu baitzuten boz haietan.

Hiriburuen datuak ere eman ditu Josu Erkoreka sailburuak, 19:00etan egin duen agerraldian. Gasteizen hautesleen %60,31k eman dute botoa, Bilbon %61,68k, eta Donostian %62,81ek. Aurrez, 13:00etako datuak emateko egin duen agerraldian, azaldu du hautesleen %28k botoa emana zutela ordurako.

Eusko Jaurlaritzak aldatu egin du hauteskunde gaueko datuak kudeatzeko erabiltzen duen sistema, eta parte hartzearen inguruko datuak aurreko urteetan baino geroago jakinarazten ari da. 13:00etan eta 18:00etan erregistratu dituzte parte hartzeari buruzko datuak, alegia, orain arte baino ordubete geroago, eta 14:00etan eta 19:00etan jakinarazi dituzte. Hurrengo agerraldia 21:00etan egingo du sailburuak, behin betiko datuak dituztenean.

Ezin zuzenean alderatu

Jaurlaritzak dio gizartearen «ohitura berrietara egokitzeko» erabaki dutela aldaketa egitea. Exekutiboak azaldu du gaur egun botoa ez dela ematen «esaten zen moduan, mezatik atera ondoren». Uste du parte hartzearen «datu esanguratsua» beranduago iristen dela orain: «Bermutaren orduan esaten dugu, txantxetan».

Gauzak horrela, parte hartzeari buruzko datuak ezin dira alderatu aurreko bozetakoekin; izan ere, 2020an, 2016an eta 2012an, 12:00etan eta 17:00etan jaso zituzten, eta 13:00etan eta 18:00etan jakinarazi. Baina gaur ematen ari diren parte hartzearen inguruko datuak ez dira estimazio bat, orain arte bezala, baizik eta datu errealak. Eta, gainera, herriz herri eta mahaiz mahai ikus daitezke.

Dena den, 2020ko hauteskundeetan, hautesleen %36k eman zuten botoa 17:00etarako. Alegia, aurten, ordu bat geroago, hamabost puntu hazi da parte hartzea. Inoizko parte hartze txikienetako bat izan zuten 2020ko Eusko Legebiltzarrerako bozek, boto emaileen %50 eskasek parte hartu baitzuten —pandemia betean egin zituzten—.

Jaurlaritzak aplikazio informatiko berri bat jarri du martxan gaur, bestalde. «Egonkorragoa eta seguruagoa» da, haren arabera, baina ez da beste deialdi batzuetan baino lehenago jakinaraziko nork irabazi dituen hauteskundeak, «denborak optimizatuak zeudelako jadanik».

Bizkaiko herri txiki batzuetan gehien

Herriz herriko parte hartze datuak ikusteko aukera eman du Eusko Jaurlaritzak, eta, 18:00etan, Bizkaiko 39 herritan gainditua zuten %60ko parte hartzea; Araban, zortzi herrik gainditua zuten parte hartze langa hori; Gipuzkoan, berriz, hiru herritan baizik ez dira iritsi %60ko parte hartzera.

Bizkaian, parte hartze handiena jaso duten herriak hauek dira: Garai (%73,5), Murueta eta Nabarniz (%70,3), Ubide (%69,3) eta Arratzu (%68,8). Horiez aparte beste 34 herritan ere %60tik gorako parte hartzea zuten 18:00etan; horien artean daude Arantzazu, Areatza, Artea, Ereño, Etxeberria, Fruiz, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Larrabetzu, Lekeitio, Meñaka, Morga eta Otxandio.

Araban, Zalduondok du parte hartze handiena 18:00etan: %71,35; Eskuernaga (%64,35) eta Samaniego (%64,15) ere gorenekoen artean daude. Gipuzkoan, Zerainek du parte hartze handiena 18:00etan: %64,1; haren atzetik, Getariak (%63) eta Ataunek (%60,1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.