Erakunde politikoetan zein gizarte zibileko taldeetan emakumeen parte hartzea nolakoa den aztertu izan du Jone Martinez Palaciosek (Bilbo, 1985). Zientzia Politikoetan doktorea da, eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldean dihardu. Andreek traba asko dituztela berretsi du, eta gaineratu du sarri barneratuta dauzkatela.
Zeri deitzen diozue politikaren feminizazioa?
Era askotara erabiltzen da kontzeptua. Oro har, andreek politikan duten presentzia adierazteko erabiltzen da. Baina bada beste ulerkera bat, jarrera aldaketa bat dakarrena: emakumeei hainbat prozesu sozialen bitartez egokitu zaizkien arau sozialak alor politikora eramateari esaten zaio; hau da, diskrezioa, emozioak, zaintza eta horrelako balioak txertatzeari.
Izan ere, esan ohi da politikaren mundua maskulinoa eta patriarkala dela. Zertan?
Mendebaldean alor politikoa nola sortu den aztertuz gero, ohartuko gara hor egon diren eragile sozialen soslaia nahiko parekoa dela. Ez da bakarrik gizonezkoak izan direla, baizik eta zuriak, heziketa maila altukoak, kapital ekonomiko handikoak, aniztasun funtzionalik gabeak, sexu nortasun zehatz batekoak... Beraz, alor politikoa ez da bakarrik maskulinoa; heteropatriarkala, eurozentrista eta abar ere bada, elite zehatz batek egituratu duelako, eta elite horrek bere sozializazioan barneratutako arauak gailendu direlako espazio horren eraikuntzan.
Emakumeen presentzia sendotu egin da instituzioetan, baina horrek ez du ekarri politikaren feminizaziorik. Zergatik ez?
Politika zientzietan ordezkapen deskribatzaileaz eta substantiboaz hitz egiten dugu, hau da, presentzia bermatzeaz, batetik, eta ahotsa izateaz, bestetik. Sarri gertatzen da andreak egon badaudela, baina ordezkapen substantiborik ez dutela; egile batzuek barne esklusio deitu diote horri: egiturazko zein emakumeek eurek barneratutako oztopoen ondorioz, euren interesak alor politikoan eztabaidatzeko aukera gutxi dute.
Andreek politika uztea ekar dezake horrek?
Emakumeen argudiatzeko eta komunikatzeko modua diferentea baldin bada, besteek egituratutako espazio politiko batean sartzen direnean gerta daiteke andreak eroso ez sentitzea, eta giro horretan jarraitu nahi ez izatea. Horrek azal dezake euren estrategietako bat izatea uztea.
Zer pisu dute kontziliatzeko zailtasunek halako erabakietan?
Kristalezko sabaia ez ezik, zoru itsaskorra ere badago. Printzipio patriarkalen bidez antolatuta daude instituzioak, familiak, eskolak... Eta rolen, lanaren eta espazioaren banaketa generikoa erreproduzitzen dute. Hortaz, printzipio horien bidez antolatutako familia batean, zaintza lanak andrearen gain erortzen badira, arauok barneratuko ditu, eta errudun sentituko da betetzen ez baditu, kontrako diskurtsoa izan arren. Emakumeen parte hartzeko oztopoen artean pisu handia dute gorpuztuta dauzkagun arau sozialek, eta oso sotilak dira.
Kuoten eskutik areagotu da andreen parte hartzea. Oraindik beharrezkoak al dira?
Bai. Eta esperientziak adierazten du funtzionatzen dutela, joera batzuk zuzentzen eta emakumeen presentzia bermatzen dutelako. Presentziak berak aldaketa asko ekar ditzake, jarreretan, balioetan, diskurtsoen estiloetan, politiketan... Pertsona bat eremu batean dagoenean bere mundua ikusteko era eramaten du bertara; hortik hel daitezke ordezkapen deskribatzailetik substantibora jauzi egiteko aukerak.
Jauzi hori egiteko, instituzioetan dauden emakumeek feministak izan behar dute?
Ordezkapen substantiboa baldin bada emakumeen interesak alor publikoan eztabaidatzea, feminismoarekiko sentsibilitate bat izan behar da. Baina emakumeen interesak zein diren ezartzeko ariketan ere ideologia politikoak gurutzatzen dira. Interes horiek ez ditu berdin defendituko PPko emakume batek, bere burua feminista liberaltzat duenak, edo EH Bilduko batek, bere burua feminista eta marxistatzat duenak.
Kuotak egon arren, andreak postu okerragoetan jartzen dituzte sarri. Horrelako tresnak desbirtuatzen ari dira?
Erabat. Alicia Puleok dio bi patriarkatu mota daudela: koertziozkoek andreen askatasunaren kontrako legeak modu irekian onartzen dituzte; onetsitakoek, berriz, berdintasunaren dimentsio sinbolikoa onartu dute, berdintasun legeak dituzte, baina inertzia patriarkalak mantentzen dituzte, oso ondo eraiki eta antolatutako sistema delako patriarkatua. Gurea bezalako onetsitako patriarkatu batek azpiratze harremanak iraunarazteko dinamikak aurkitzen ditu, eta horietako bat da legez ezarritako tresnek berdintasun prozesuetan dituzten ondorioak desaktibatzea.
Gizarte zibileko parte hartzea ikertzean, ondorioztatu duzu parte hartzearen aldeko ideiak normalizatu egin direla genero arauak auzitan jarri gabe. Nola?
Oro har, administrazioen joera da gero eta gobernu parte hartzaileagoak sortzea eta herritarrek erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzea. Baina parte hartze handiago horrek ez dakar berez genero hausturarik, garena erreproduzitzen dugulako. Adibidez: eragile politiko bat osatzen dutenak gizonak, zuriak eta klase altukoak badira, sortuko duten produktu politikoa haiek bezalakoentzat izango da; hortaz, aukera gutxi egongo da produktu parte hartzaile horretan benetako eraldaketa bat gertatzeko. Prozesu horietan ez dira kontuan hartzen onetsitako patriarkatuetan genero arauek daukaten garrantzia. Adibidez, diskrezioaren balio politikoa: esaten da emakumeok diskretuak izan behar dugula, hitz egin behar dugula beste ahots tonu batean... Baina alor politikoan hobetsi egiten da diskurtso irmoa izatea eta hitza hartzeko borroka egitea. Beraz, alor politikoaren arau horiek talka egiten dute genero habitus-ekin: barneratuta dauzkagun ohitura horiek baztertuak izan dira demokratizaziorako estrategia politikoetan.
Gertatzen da, era berean, andreek zigorra jasotzen dutela irmotasunez hitz egiten badute.
Maskulinizatzea egozten diete. Patriarkatuaren existentziaren ondorio bat da: halako estrategien kontrako diskurtsoak behar dira. Zeren agian emakume horrek estrategikoki erabaki du jarrera aldatzea, jakinda alor politikoan irmotasuna hobesten dela, baina kritikak jasango ditu, bere lekura itzul dadin. Eta zigor horiek motxila astuna dira andreentzat: ez dute soilik jardun behar politikak diseinatzen, presio hori kudeatzen ere ibili behar dutelako. Hor dago koska: nola sortu alor politiko bidezkoagoak, arau horietatik urrunduko direnak.
Emakumeak politikan. Elkarrizketa. Jone Martinez Palacios. Ikerlaria
«Parte hartze handiagoak ez dakar berez genero hausturarik»
Emakumeen parte hartzea handitzeak ez du politika feminizatu. Oztopo asko atzeman ditu Martinez Palaciosek. Oro har, «besteek eraikitako espazio politiko batean» borrokatu behar dira andreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu