Atzo arratsaldean, Geroa Baiko eta PSNko ordezkariak ordubetez bildu ziren parlamentuan. Bilkura amaituta, «pozik» azaldu zen Uxue Barkos Geroa Baiko eleduna: «Lanean jarraitzen dugu, Nafarroako erakundeak eta gobernua osatzeko bidean aurrera eginez eta aurreko legealdiko lanari segida emateko asmoz». Komunikabideei azaldu zien sozialistak prest daudela Nafarroako Parlamentuko hurrengo lehendakaria berriro ere Geroa Baiko hautagaia izateko. Gainera, Barkosen arabera, PSNk ontzat jo du legebiltzarreko mahaiak «Nafarroako aniztasuna aintzat hartzea», eta ondorioz, horrek esan nahi du mahaiko kideetako bat EH Bildukoa izango dela.
Maria Txibite lehendakarigaiak, berriz, behin eta berriz nabarmendu zuen bere alderdiaren «eskuzabaltasuna». Dena den, Geroa Baikoei gogorarazi zien eskuzabaltasun horrek «bi aldekoa» izan behar duela. «Antolamendu idazkariak, Ramon Alzorrizek helarazi die akordioak lortzeko eskuzabalak izango garela, eta, ondorioz, parlamentuko presidentetzan amore eman dugu, aurrera egiteko».
Dena den, oraindik ez dago akordiorik parlamentuari dagokionez, beste xehetasun batzuk lotzea falta baitzaie. Adibidez, nor izango den parlamentuak hautatu ohi duen senatari autonomikoa. Ekainaren 16ra arteko epea dute alderdiek guztia lotzeko.
Barkosek azpimarratu du ordurako etxeko lanak eginda eduki beharko dituztela. Izan ere, mahaiko kideak hautatzeko prozesua adin mahaiak zuzenduko du, eta egun horretan behin-behineko presidentea Voxeko parlamentarietako bat izango da, guztien artean helduena baita. Horregatik, 2019an gertatu zen bezala, ez du azkenerako utzi nahi akordioa Barkosek: «Oso garrantzitsua da hori, kontuan harturik nortzuk dauden adin mahaian eta horrek arduraz jokatzera eraman behar gaitu gainerako alderdiak».
Ekainaren 16an hautatu beharko dituzte taldeek Parlamentuko Mahaiko bost kideak: lehenik, lehendakaria; jarraian bi presidenteordeak; eta, azkenik bi idazkariak. Bozketaren dinamika kontuan harturik, Geroa Baiko hautagaia izango da presidentea; presidenteorde lehena PSNkoa izango da eta bestea, UPNkoa; azkenik, idazkari bat eskuineko alderdietakoa izango da, eta bestea, EH Bildukoa. Geroa Baik ez du oraindik argitu nor izango den euren hautagaia, baina iragan astean egin bezala, Barkosek aipatu zuen Unai Hualde jeltzalea «presidente aparta» izan dela amaitu berri den legealdian.
Bi alderdiek azaldu zutenez, euren asmoa da Parlamentuko osaera ixtea, eta ondoren sartuko dira gobernuaren inguruko negoziazioetan: lehenik, hurrengo lau urteetako gida lerro politikoak hitzartu nahi dituzte eta ondoren gobernuaren osaera. Txibitek zein Barkosek azaldu zuten «ahalik eta azkarrena» itxi nahi dutela hitzarmena, baina hori baino garrantzitsuagoa dela akordioa ona izatea. Txibiteren arabera, alderdi guztiak «eroso» egongo diren bat lortzea da xedea.
Beste behin argi utzi nahi izan du PSNk soilik akordioak lortuko dituela Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin. Edozein kasutan, prozesua burututa, bere inbestidurarako EH Bilduren abstentzioa beharko luke Txibitek. Dena den, gaineratu zuen ez duela arazorik inorekin biltzeko. Hori irudikatu nahirik, bihar 09:00etan UPNko Javier Esparzarekin elkartuko da.
Iruñeko Udalaz ere hitz egin zuten. Barkosek bere kezka helarazi zion Txibiteri, indar aurrerakoien «akordio faltagatik» eta haien botoak «zakarrontzira» bidaltzeko arriskua dagoelako. Txibitek erantzun zion «ontzat» jotzen dutela Geroa Baik proposatutako «hirugarren bidea», baina ez dutela Asiron alkate egingo.
Parlamentuko lehendakaria Geroa Baikoa izango da
Barkosen arabera, sozialistek ontzat jo dute mahaiko kide bat EH Bildukoa izatea. Txibitek goraipatu du PSNk «eskuzabal» jokatu duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu