Parlamentuko eledunen aldaketak «normaltzat» jo ditu Txentxo Jimenezek

UPNren gobernuaren moldaketaren ondorioz batzordeak murriztu direla dio, eta harrituta agertu da kritikengatik

Txentxo Jimenez eta Juan Carlos Longas, abuztu hasierako prentsaurreko batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Manu Aierdi (EAJ) eta Patxi Leuza (Zabaltzen) Nafarroa Baiko parlamentariek herenegun igorritako oharra dela-eta «apur bat harrituta» dagoela onartu du Txentxo Jimenez parlamentariak. Parlamentuko batzordeak murriztu egin direnez, koalizioaren barruan eledunen izendapenean aldaketak egin dira. Aierdik eta Leuzak salatu dute Aralarrek aldaketa horiek bere kabuz hartu dituela, koalizio barruko beste indarrak kontuan hartu gabe, eta azalpenik eman gabe. Aldiz, Txentxo Jimenezek «normaltzat» jo du moldaketa, eta azaldu du«kanpoko» faktoreen ondorioz izan dela.

Ekainean PSNk gobernua utzi zuenean, Yolanda Barcina lehendakariak gobernua moldatu zuen, eta sozialisten esku ziren departamentuak beste departamentuetan batu zituen. Era berean, Alvaro Miranda lehendakariorde ohiaren Ekonomia departamentua Lurdes Goikoetxearen Industria sailari batu zion. Horrek bere isla izan du Parlamentuko batzordeetan.

Txentxo Jimenezen arabera, gobernuaren moldaketa hori kritikatu egin dute, baina Alberto Catalan Parlamentuko lehendakariak egokitzapena egitera behartu ditu taldeak. Horregatik,harrituta azaldu da NaBaiko parlamentario horien kritikengatik,«egoera hori ez baitu ez NaBaiko Talde Parlamentarioak eta ezAralarrek sortu».

Hala, NaBairen barruan, zilegitzat jo du parlamentari denek Ekonomia eta Industrian egon nahi izatea, «baina bakarrik bi pertsona egon daitezke». Txentxo Jimenez eta Juan Carlos Longas izango dira.

Manu Aierdi Industrian zegoen, eta, «batzorde hori hautsi egin denez», Landa Garapen eta Foru Erregimenaren batzordeetan egongo da. Jimenezen esanetan, Manu Aierdik Ekonomia batzordean egon nahi zuen «baina ezin izango da egon, talde parlamentarioak osaera erabaki ostean». Patxi Leuzak, berriz, Kultura batzordean jarraituko du, eta Gizarte Ongizatera ere pasatuko da. Horregatik, Jimenezek esan zuen ez zituela ulertzen Leuzak egin dizkien kritikak.

Kritika ezinegon baten isla da. EAJk eta Zabaltzenek NaBai alboratzea eta Bildurekin elkarlanean aritzeko «gogo handiagoa» izatea aupegiratu diote Aralarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.