Atera zituzten Euskaraldiaren aldeko argazkiak, eta baita atxikimendua emateko adierazpenak sinatu ere. Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak Euskaraldiarekin bat egina dute. Parlamentari eta parlamentuko langile askok egin dute bat ariketa sozialarekin, eta eguneroko jardunean ahobizi edo belarriprest txapak daramatzate paparrean. Zenbat erabiltzen da euskara, ordea, bi ganberetan? Euskaraldiarekin bat egin duten ordezkari politikoak betetzen ari al dira aukeratutako rola? Galdera horien erantzunak bilatzeko esperimentu bat egin du BERRIAk: azaroaren 26an, osoko bilkurak egin zituzten Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, eta han hitza hartu zuten parlamentarien hizkuntzaren erabilera neurtu du. Bi batzarretako hitzaldi denak neurtuta, ondorioa argia da: hitz egin zuten hamar minututik bi besterik ez zuten euskaraz egin—denboraren %22,9—. Euskaraldiaren astean. Herritarren ordezkariek lan handia dute egiteko oraindik, eta, atxikimendua helarazteaz gainera, erabileran aurrera urratsa egin behar dutela agerian geratu da. Hori baita Euskaraldiaren erronka: hizkuntza ohiturak aldatzea.
Edozein modutan, bi ganberen arteko ezberdintasuna izugarri handia da. Eusko Legebiltzarreko euskararen erabilera %39koa izan zen ostegunean, eta Nafarroako Parlamentuan, berriz, %6koa. Beste datu batek argiago erakutsi dezake desoreka handi horren zenbatekoa: Eusko Legebiltzarrean 39 aldiz hartu zuten hitza alderdietako ordezkariek, eta horietatik 21etan egin zuten gutxienez zatiren bat euskaraz; Nafarroan, 21 bider aritu ziren politikariak solasean, eta bitan bakarrik egin zen zati bat euskaraz. Zenbaketetatik kanpo geratu ziren parlamentuetako presidenteen jarduna, baina bien arteko aldea ere azpimarragarria da: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarrekoak saio guztia euskaraz gidatu zuen, eta Unai Hualde Nafarroakoak, kontrara, apenas egin zuen euskarazko hitzik. Ganbera batean eta bestean, guztiz ezberdina da euskararen ikusgaitasuna.
Osoko bilkurak euskaraz entzun ahal izateko aukeraren artean ere aldea dago batetik bestera. Saioa Eusko Legebiltzarreko webgunetik ikusi ahal izateko, bi streaming seinale daude: itzulpena duena, eta ez duena. Nafarroako Parlamentukoan, kontrara, seinale bakarra dago, eta bozeramaile politiko bat euskaraz hitz egiten hasten denean zuzenean sartzen da gaztelerazko itzulpena —entzungailuak erabiliz gero, euskarazko seinalea alde batetik sartzen da, eta gaztelerazkoa bestetik—.
Abertzaleak, euskaraz
Ganbera batean eta bestean ostegunean euskara zenbat erabili zen ikusita, hizkuntza hautu hori nork egin duen erakustea ere adierazgarria da. Eusko Legebiltzarrean euskaraz entzun ziren hamar minututik ia zortzi alderdi abertzaleen ahotik atera ziren, eta, Nafarroako Parlamentuan, euskaraz egin zuten bakarrak izan ziren abertzaleak.
Alderdi bakoitzaren erabilerari dagokionez, bestalde, Gasteizen bezala Iruñean, EH Bilduko ordezkariek erabili zuten gehien euskara. Eusko Legebiltzarrean, hitza hartu zuten sei aldietan beti egin zuten zatiren bat euskaraz, eta lau hitzaldi osorik hizkuntza horretan izan ziren. Erabilera osoaren %92 litzateke hori. Hiru legebiltzarkidek hitz egin zuten ostegunean, eta horietatik bik ahobizi rola zeukaten aukeratuta —neurketa hori egiterakoan, kontuan hartu da hitz egitera atera zirenean soinean txapa zeramaten ala ez—. Nafarroako Parlamentuan ere, koalizio abertzaleak erabili zuen gehien euskara: hiru aldiz atera ziren oholtzara, eta behin bakarrik egin zuten euskaraz. Baina kasu horretan hitzaldiaren hiru laurden baino gehiago izan zen euskaraz. Solasaldi denak kontuan hartuz gero, hiru hitzetik bat izan zen ele horretan. Inork ez zeraman paparrean Euskaraldiaren txaparik.
Euskaraz gehien aritu zen hurrengoa EAJ izan zen. Legebiltzarreko mikrofonoen aurrean 44 minutuz hitz egin zuten ostegunean, eta horietatik 30 minutu euskaraz izan ziren. Sei hitzaldietatik hiru euskara hutsekoak izan ziren, eta batean ez zen hizkuntza hori erabili. Hiru ordezkari jeltzalek hartu zuten hitza, eta hiruek zeramaten Euskaraldiari atxikimendua adierazten zion ikurren bat: bi ahobizi, eta bestea belarriprest.
Geroa Baiko kide dira jeltzaleak, eta koalizioko ordezkari bat izan zen Nafarroako Parlamentuan euskaraz egin zuen beste eledun bakarra. Bi minutu eskasez eutsi zion hizkuntzari, paparrean ahobizi rolaren txapa zeraman arren. Geroa Baiko parlamentari hori izan zen ganberako mikrofono aurrean Euskaraldiaren ikur batekin agertu zen ordezkari bakarra. Nafarroako osoko bilkurako euskararen erabileraren kronika hor amaitzen da.
Gasteizera itzulita, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak izan ziren euskararen erabilera aipagarria egin zutenak. Zazpi aldiz hartu zuten hitza, ia 40 minutuz mintzatu ziren, eta horietatik ordu laurden pasa izan ziren euskaraz. Hamar minututik lau. Hiru kidek hartu zuten hitza, eta batek zeraman ahobizi txapa.
PP-Ciudadanos koalizioko hiru hizlarietatik inork ez zeraman Euskaraldiko txaparik, eta 42 minututatik hirutan bakarrik egin zuten euskaraz. Edozein modutan, PSE-EEren kasua adierazgarria da: bost legebiltzarkide pasatu ziren mikrofono aurretik, horietatik bat ahobizi txaparekin, eta bestea belarriprest-enarekin. Denen artean ez zuten minutu bakar batez ere euskaraz egin, eta ahobizi txapa zeramanak 13 minututatik 53 segundoz soilik eutsi zion hizkuntza horretan.
'Ahobizi' rolari eutsiz
Eusko Legebiltzarrean ahobizi txapa zeramaten ordezkari politikoek, oro har, euskaraz hitz egin zuten: ia hitzaldien hiru laurden ele horretan izan ziren. Belarriprest-en kasuan, bestalde, hamar hitzetik bi izan ziren euskarazkoak. Azkenik, datu horietan guztietan genero ikuspegia txertatuz gero, beste datu argigarri bat atera daiteke: euren hitzaldi guztiak euskara hutsean egin zituzten hiru legebiltzarkidek, eta horietatik bi emakumeak izan ziren.
Osteguneko osoko bilkuren datuek, beraz, argazki hau uzten dute: Euskaraldiari atxikimendua adieraztetik harago, ekiteko pausoa ematea falta zaie abertzale ez diren alderdiei, eta batez ere Nafarroako Parlamentuko ordezkariei.
EUSKARALDIAn BERRIA bizi
Parlamentuak, 'ahogeldo'
Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean ostegunean egin zituzten osoko bilkuretan euskara zenbat erabili zen neurtu du BERRIAk. Bi ganberen artean, hitz egindako hamar minututik bitan baino ez ziren aritu euskaraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu