Parlamentu taldetik kanpo utzi ditu NaBaik Patxi Leuza eta Manu Aierdi

Beren kabuz egitasmoak aurkeztea eta «desleial» jokatzea egotzi diete; erabakia etsigarritzat jo dute Leuzak eta Aierdik

joxerra senar
Iruñea
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Modu txarrean amaitu da NaBai parlamentu taldean Aralarreko eta Geroa Baiko kideen arteko lehia. NaBairen gehiengoak Manu Aierdi (EAJ) eta Patxi Leuza (Zabaltzen taldea) kanpo uztea erabaki du. Komunikabideei igorritako oharrean, NaBaik dio bi parlamentariok hainbat egitasmo aurkeztu dituztela parlamentuan gainerako taldearen babesik gabe, euren kabuz. «Alde bakarreko erabaki desleialtzat» jo dute jarrera hori Aralarren, eta gainerako parlamentariak oso egoera zailean utzi dituela arrazoitu dute.

Adierazpen horretan, NaBaik gaineratu du egoera horretara iritsi aurretik Aralar EAJrekin irtenbide negoziatu bat bilatzen saiatu dela, baina horretarako EAJk Zabaltzen taldea ere bileratan egotea eskatu duela. «Aralarrek uko egin dio Zabaltzenen presentziari, NaBai 2011 koalizioa eratu zenean Zabaltzen talderik ez zegoelako, eta bi alderdiek izenpetu zutelako akordioa». Leuza eta Aierdi taldetik kanporatzera «behartuta» egon direla gaineratu dute, eta lanean jarraituko dutela.

Aierdi: «Etsigarria, iruzurra»

Atzo, Patxi Leuza eta Manu Aierdik 10:00etan zerga politikari buruzko hainbat proposamen aurkeztekoak ziren. Prentsaurrekoa hasi aurretik, Patxi Zabaleta taldeko eledunak jakinarazi zien albistea. Horren aurrean, lehen adierazpenean «etsigarritzat» jo zuten erabakia, baina aurrera jarraitzeko asmoa agertu zuten, «munduko ilusio guztiarekin». Era berean, «NaBairen espiritua» ordezkatzen dutela azpimarratu zuten, eta gaineratu zuten ez direla sentitzen «emandako ikuskizunaren erantzule».

Eledunen Batzordean, NaBaik aurreko astean Leuzak eta Aierdik aurkeztutako egitasmoak baliogabetzeko eskatu zuen, eta beste alderdietako eledunek onartu egin zuten eskaera. Era berean, ikusteko dago zer egoeratan geratuko diren orain Leuza eta Aierdi.Gainera, EAJko iturrien arabera, NaBaiko bi aholkularietako bati, Amaia Arrizabalagari, «ahalik eta azkarren» bulegoa uzteko eskatu dio Aralarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.