Parke eolikoak eraikitzeko zenbait proiektuk duten babesik eza agerian gelditu da gaur. Araban eta Bizkaian protestak izan dira eguerdi partean. Horietan, dozenaka herritarrek irmo nabarmendu dute halako parkeek «sekulako kaltea» egiten diotela inguruari, eta garbi adierazi dute agintariek zenbateko erantzukizuna duten auzi horietan. Zehazki, eskatu dute «behingoz» gelditzeko Azazetako parke eolikoaren proiektua (Araba) eta Enkarterrin egin asmo diren bi parkeena (Bizkaia).
Araban, Arabako Mendiak Aske plataformak deiturik, dozenaka lagun Maeztuko udaletxearen parean bildu dira protesta egiteko. Gasteizko Mendietan espoliaziorik egon ez dadila eskatu dute. Zehazki, Azazeta-Laminoriako zentral eolikoaren proiektua gelditzea galdegin dute. Horretarako, gogor kritikatu dute auzi horretan arabako aldundiak izandako jokabidea. Izan ere, herritarrek gogora ekarri dutenez, proiektua aldundiak emaniko onespenari esker dago abian. «Enpresari baimena eman diote negozioa non eta nola egin erabakitzeko, landa eremuaren kontura izan arren», salatu dute.
Arabako Mendiak Aske plataformakoek beste bide batzuk hartu beharra aldarrikatu dute, «lurraldea suntsitzen duten oligopolioen eskuetan egon beharrik ez izateko». Azaretarako diseinatutako proiektuaren arabera, asmoa da zortzi sorgailuko parke eoliko bat sortzea, 40 kilowatt sortuko lituzkeena.
Mendi gailurretik, salaketa ozena
Bizkaian, Danimarkako Vlue Viking Barbara enpresak Enkarterrin eraiki nahi dituen bi parke eolikoen proiektuek dauzkate suminduta herritarrak. Balmasedan egin dute protesta, Kolitza mendiaren gailurrean. Ozen, dozenaka lagunek salatu dute enpresek «sakrifizio gune» bihurtu nahi dutela Enkarterri, parke horiek jarrita.
11 haize errotako bi parke eraikitzea da asmoa. Kolitza, Garbea eta Peña Levante mendiei eraginen die, eta baita hamar udalerriri ere: Balmaseda, Artzentales, Sopuerta, Zalla, Gueñes, Alonsotegi, Arrigorriaga, Ugao eta Basauriri Bizkaian, eta Okondori Araban. Enpresaren aurreproiektuak dagoeneko erdietsi du tramiterako onartua izatea.