Josu Urrutikoetxea ETAko buru izandakoa ostegunean atxilotu zuten Frantziako Alpeetako Sallanches herrian, eta atzo eraman zuten Parisko fiskalaren aurrera. Hark eman zion atxilotze aginduaren berri, eta jakinarazi 2017an ezarritako zigor bat betetzeko atzeman dutela. Urte horretan, Parisko Auzitegiak Urrutikoetxea zortzi urtera zigortu zuen auzi ihesean, ETAren egitura politikoan aritzea egotzita.
Epailearen aurretik igaro zen atzo, eta, zabaldu bazen ere La Santeko kartzelan espetxeratu zutela, Parisko Hotel Dieu ospitalean dago Urrutikoetxea. Ospitale baten sarreran atzeman zuten ostegunean, eta, Urrutikoetxearen senideek BERRIAri baieztatu dionez, ebakuntza bat egitera zihoan atxilotu zuten unean.
Urrutikoetxea askatzearen alde martxa bat egin dute gaur Ugaon (Bizkaia), Urrutikoetxearen sorterrian. Ehunka lagun elkartu dira bertan, Bakea eta askatasuna irabaztera. Josu eta besteak askatu lelopean, eta, amaieran, Ibon Arbulu Bizkaiko arduradun politikoak hartu du hitza. Azpimarratu duenez, Espainiako Estatuak badaki gizartean "gero eta partekatuago" dagoela "preso, iheslari eta deportaturik gabeko eszenatokia heldu arte, Euskal Herrian ez dela inoiz benetako bakerik izango".
Arbuluk erantsi du "gehiengo politiko eta sozial berri batzuk ehuntzen" ari direla "euskal herritarroi dagozkigun eskubide nazionalak eta sozialak eskuratzeko bidea azken bururaino eramateko".
Bestalde, AEGC Guardia Zibilen Espainiako Elkarteak jakinarazi du herri akusazio gisa aurkeztuko direla Urrutikoetxearen aurkako auzibidean, hura jotzen baitute erakundea zenaren "ideologotzat". Ohar batean, argudiatu dute herri akusazio izan nahi dutela "etorkizuneko zigorrean, gizarte osoa ordezkatua» egon dadin, eta osteguneko atxiloketak erakusten duela segurtasun indarrek ez diotela "sekula" utziko "50 urtez oinazea eta heriotza eragin zutenei jazartzeari".