Parisko epaitegiak deklaratzera deituko ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epailea eta Leonor Ladron de Guevara auzitegi medikua, 2004ko urriko sarekadan atxilotu zituzten hamar lagunen aurkako epaiketan. Andreuk eta Ladron de Guevarak uko egin zioten Parisera joateari Jean-François Blanco Peio Alcantarilla auzipetuarenabokatuak hala eskatu zuenean. Orain, Philippe Vandingenen Parisko epaitegiko presidenteak deituko ditu. Abenduaren 13rako deituko ditu.
Hamar euskal herritar ari dira epaitzen Parisko epaitegian: Mikel Albisu Mikel Antza, Marisol Iparragirre, Mikel Negrete, Joxe Ramon Arrano, Juan Kruz Maiza eta Peio Alcantarilla espetxeratuak, eta Lurdes Urdanpilleta, Robert Arranbide, Miriam Inzabi eta Xabi Oxarano, zeinak kontrol judizial pean baitaude. Maiza salbu, guztiak 2004ko urriko sarekadan atxilotu zituzten. Gehienak, Ipar Euskal Herrian eta Biarnon; Alcantarilla, Espainian.
Eten egin behar izan zuten herenegun epaiketa, hamar auzipetuetatik seik, protesta modura, epaitegitik alde egin zutelako. Espetxeratuak dauden seiek egin zuten protesta, bi lekukoren ezezkoaren aurrean Parisko epaitegia isilik geratu zelako. Deklarazio horiek gabe defentsa eskubidea ez dela bermatzen argudiatu zuen Blancok.
Peio Alcantarilla Burgosen (Espainia) atzeman zuen Guardia Zibilak, eta prozesua abiatu zenetik esan du torturatu egin zutela. Behin Espainiako Auzitegi Nazionalean, Ladron de Guevara auzitegi medikuak aztertu zuen, eta Andreu epailearen aurrean deklaratu zuen. Ondoren, Frantziara bidali zuten, han epaitu zezaten. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen du Alcantarillaren abokatuak Andreu eta Ladron de Guevararen testigantza, torturen auzia argitzeko.
Protesta egin zuten sei auzipetuek epaiketara ez bueltatzeko asmoa agertu zuten herenegun, Parisko epaitegiak bi lekukoak deitzen ez zituen bitartean. Atzo berriz izan ziren epaiketan, Vandingenenek Andreu eta Ladron de Guevara deituko dituela jakin ondoren.
Madrilgo epaiketa, aurrera
Bestalde, hamalau euskal herritarren aurkako epaiketarekin jarraitu dute Espainiako Audientzia Nazionalean, herenegungo saio zalapartatsua eten ondoren. Kale erasoak egitea leporatzen diete guztiei, baina horietatik zortziri «talde terroristako kide» izatea ere egotzi die fiskalak. Hamalauek errugabeak direla adierazi dute. Lau eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak bakoitzarentzat.
Parisko epaiketara deituko dituzte deklaratzera Andreu epailea eta auzi mediku bat
Defentsak deklaratzera deitu zituen Andreu eta Ladron de Guevara, baina haiek Parisera joateari uko egin zioten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu