Ikastetxe publiko eta pribatuetan indarkeria kasuen prebentzioa egiteko egiten duten lanaren karietara, Frantziako Asanblea Nazionaleko Kultura Gaietarako eta Hezkuntzarako Batzordeak mahai ingurua antolatu du goizean. Zortzi biktima kolektibotako bozeramaileak izan dira, bakoitza egon den ikastetxean gertatu diren indarkeria fisikoen eta sexu abusuen lekukotasunen ekartzeko: horien artean dira Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa (Lapurdi) eta Euskal Herriko ikasleak hartu zituen Notre-Dame de Betharram (Okzitania) ikastetxeak, biak eskola erlijiosoak.
Zortzi bozeramaileen artetik Alain Esquerrek hartu du hitza lehendabizi, Betharramgo indarkeria fisikoen eta sexu abusuen salatzeko Facebook orria ireki zuena: «Kolektiboan, gaur egun, 2.000 bat kide gara; 180 bat salaketa dira, eta hori baino lekukotza anitzez gehiago. Hatsarrean lekukotzak bildu nahi nituen, baina ohartu nintzen larriegia zela; zigor zuzenbidera jo behar nuen».
2023ko urrian sortu zuen Betharramgo ikasle ohi eta biktimen Facebook orria Esquerrek. Geroztik, Betharramgoaren gibelean oraino gorderik egonak ziren beste zenbait ikastetxetako aferak frogatu ahal izan dira. Emeki-emeki, biktimek hitza hartu dute, sareak sortu dira, eta indarkeriak argitan emanak izan dira. Horien ikastetxearen biktimen bozeramaile lanak egitera jinak ziren gehienek Betharramgoarekin gertatu den dinamika eskertu dute, «bultzada» eman baitie besteei ere mintzatzen ausartzeko.
«Denek bazekiten»
Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa kolegioko biktimen izenean, Gilles Parent jina da mintzatzera. Kontatu du horien sarea duela hilabete inguru sortu zela, eta ehun bat kide badituztela jadanik. Gehiengoarendako, indarkeria fisikoa jasan duten ikasle ohiak dira, «baina sexu abusuak jasan dituztenen lekukotzak ere» hasiak dira jasotzen. Eskumuturra altxatu du gero, «beste biktima guztien sustenguz», eskularru xuri batez jantzirik, «Arnaud Gallaisek [Betharramgo beste biktima bat] jadanik egin zuen bezala» Baionako apezpiku Marc Ailletek prentsaurrekoa eman zuelarik: «Garai horietan, denek bazekiten: Biarnon Betharramendako, eta Ipar Euskal Herrian Uztaritzerendako. Denek bazekiten, indarkeria fisikoagatik, gutxienez. Eta denek hori egiten utzi dute. Ezin onartua da».
Jarraiki du aitzina, kontsideraturik gaur egun «deus ez dela aldatu». Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroaren «neurritxoak» aipatu ditu: haren ustez, «gobernuak deus ez du ulertu, edo, hobeki erran, baliabiderik ez dute jarri nahi halako indarkeria eta sufrimendurik gehiago gerta ez dadin».
Instituzioetatik biktimen aldeko nolabaiteko bidea egiten saiatzen badira ere, engaiamendu «eskasa» egotzi diete behin baino gehiagotan. Herenegun ikerketa parlamentarioa abiatu zuten Betharramgo ikastetxean Frantzia Intsumisoko Paul Vannier eta Rennaissance taldeko Violette Spillebout diputatuek; ikerketaren txostengileak dira biak. Orain arte ezagutarazi ziren salaketa eta seinalamenduak 1950 eta 2004 bitartekoak izan ziren, baina, asteartean iragarri zutenaz, 2020 inguruan gertatutako sexu eraso baten seinalamendua atzeman dute artxiboetan.