Egia nahi dute, eta ez dute. Jon Anza gertukoek azkenekoz ikusi zutela sei urte beteko dira apirilaren 18an. Hura desagertua zela jakinarazi eta sei egunera, ETAk jakinarazi zuen, Gara egunkarian kaleratutako agiri batean, hitzordua zuela egun hartan Anzarekin Tolosan (Okzitania), baina ez zela sekula agertu. Maixo Pascassios neska-lagunak utzi zuen Baionako tren geltokian 2009ko apirilaren 18an, Tolosarako trena hartzeko. Haren berri handik hamar hilabetera izan zuen hurrena, Pascassiok BERRIAri azaldu dionez, France3ko informatiboetan esan zutenean Tolosako Purpaneko gorputegian identifikatu zutela Anza, 2010eko martxoaren 11n. Auzia ireki zuten, baina «heriotza naturala» izan zela argudiatuz itxi zuten.
Sinesgaitza egiten zaie hori senideei. Horregatik, eskura dituzten baliabideak erabiliko dituzte egia topatzeko. Horren isla da gaur Parisen egingo den dei auzia. Anzaren senideek salaketa jarri diote Frantziako Estatuari afera honetan egon diren «disfuntzioengantik», eta tramiterako onartu dute auzia.
Anza nola hil zen argitu nahi dute, auzian izan diren irregulartasunak aintzat hartuta heriotza naturala izan zela ezin baitute sinistu. Pascassiorekin batera, Garbiñe Alkiza, Anabel Anza eta Marisa Lopez de Samaniego senideak elkartu dira BERRIArekin, auziaren nondik norakoak xehatzeko.
Bertsio ofizialaren arabera, Tolosako suhiltzaileek apirilaren 29an jaso zuten Anza kalean, Estrasburgo etorbidean, zentzua galtzen ari zela. Dei anonimo batek eman zuen abisua. Handik ospitalera eraman zuten.
Pascassiori kezka sortu zitzaion Anza tren geltokian utzi eta bost egunera, etxera ez zela itzuli ikusi zuenean. Minbizia zuen, eta apirilaren 24an ordua zeukan medikuarekin. Horregatik espero zuen beranduenez 23rako Anza etxean izatea. Maritxu Paulus abokatuari deitu zion lehenik. «Desagertze kezkagarria» terminoetan jarri zuten salaketa, Baionako polizia etxean, maiatzaren 15ean. Salaketa jarri, eta agerraldi publikoa egin zuten, Anzaren desagertzearen berri emateko. Anza desagertu baino lehen, Juan Mari Mujika iheslaria bahitu berri zuten lau lagunek, ordu batzuez. Kasua ez zen argitu, baina harrabots mediatikoa eragin zuen; are gehiago Anzarenak.
Polizia etxean deklaratzera deitua zuten Pascassio maiatz hartan. ETAk agiria atera eta gero berriz deitu zuten, «eta ez ziren lehenagoko poliziak; Paristik, terrorismoaren kontrako ataletik etorritakoak ziren, eta galderak ez ziren Jon bilatzen lagun zezaketenak: botoa nori ematen nion eta horrelakoak galdetu zizkidaten», Pascassiok esan duenez.
Hamar hilabetean ez zuten Anzaren berririk izan, harik eta 2010eko martxoaren 11n Pascassiok albistea entzun zuen arte. Ordurako Anabel Anzari hasi zitzaizkion mezuak iristen: «'Sentitzen dugu, animo'... horrelako mezuak hasi zitzaizkidan iristen, eta gero segituan deitu zidan Maixok».
«Zerbaitek ihes»
Pascassiok gogoan du abokatuak esan ziola «poliziei zerbaitek ihes» egin ziela, senideei deitu baino lehen hedabideetan bazutelako Anzaren gorpuaren berri.Hamar hilabete lehenago, Pascassiok berak deitu zuen Tolosako ospitalera, inguruko osasun etxe guztietara deitu zuen gisan, Anza han zen galdetzeko. Baina inork ez zion haren berririk eman. Senideek salaketa jarri eta gero ere, maiatzaren 20an, Poliziak galdetu zuen Tolosan, Purpaneko gorputegian, ea han zegoen Anzaren tankera zuen norbait. Ekainaren 4an erantzun zion erietxeko zuzendariak prokuradoreari ezetz. Baina gerora jakin zenez, han behar zuen. Handik ia urtebetera, 2010eko martxoan iritsi zen, ordea, baieztapena.
Berria jakin orduko abiatu ziren senideak Tolosara, Purpaneko gorputegira. «Iritsi orduko, gela batean sartu gintuzten. Ez ziguten ezer argirik esaten, eta azalpenak urduri eman zizkiguten. Akats bat izan zutela, eta ez zirela ohartu hamar hilabetez han zenik....», gogoratu du Marisa Lopez de Samaniegok, Anzaren senideak. Hango langileek esan zietenez, denbora asko zeraman gorpuak han, eta haren arropa-eta begiratzen hasi ziren. Langile batek lagun bat zuen polizia zena, eta jakin omen zuten ezaugarri bertsuak zituen pertsona baten bila ari zirela, eta hortik tiraka atera zuten Anzaren gorpua zela, nortasuna argitzeko prozedura martxan jarri zutenean.
Legez, gorpuak ezin dira egon hamar hilabetez gorputegi batean. Denbora mugatu bat izaten dute, eta gero hobi komunetara eramaten dituzte. Jon Anzaren gorpuak han jarraitzen zuen, «eta oso egoera txarrean zegoen», Lopez de Samaniegok gogoratu duenez. «Norbaiti traba egin beharko zion, ordea, hamar hilabetez gorpuak han, ezta? Inork ez zuen ezer galdetzen?», esan du Anabel Anzak, ezin ulertua adierazteko. Galdera asko baitituzte senideek erantzunik gabe: «Disfuntzioak, haiek deitzen dieten bezala».
Baionan jarritako salaketaren harira, lortu zuten ikerketa bat abiatu eta epaiketa egitea. Baina auzia itxi egin zuten, «berezko heriotza» izan zela argudiatuta, «nahiz eta epaiak disfuntzioak izan zirela onartzen duen», gehitu du Anabel Anzak.
Auzi honetan «disfuntzioak» bata bestearen atzetik ikusi dituzte senideek. Pascassio hasi da zehazten: «Hasteko, salaketa jarri genuenean ospitale guztietara faxez bidali zuen Poliziak oharra: Baiona, Miarritze, Bordele... baina Purpanera ez, eta hantxe zegoen ordurako gorpua». Bestalde, Tolosako fiskalak ere aitortu zuen Jon Anzaren jakaren poltsikoan Poliziak topatu zuela tren txartela Baionatik Tolosarako joan-etorrikoa, «baina ez zuten Baionako polizia etxera deitu ere egin».
Anabel Anzaren ustez, «hamar egun horietako hutsunea» da disfuntziorik larriena. «Baina epaileak esan zigun bere ikerketa apirilaren 29an hasten zela». «Apirilaren 18tik 29ra, Tolosako parke batean agertu zen arte Jon non egon zen ez dute ikertu nahi. Tren geltokietan badaude kamerak. Grabazioak ezabatuta daude, eta ez dakigu Tolosara iritsi zen ere». Fiskala baiezkoan zegoen, epaiketan esan zuenez. «Nola dakigu hori?» galdetu du Anzak, «ETAk esan zuen haiekin zuen hitzordura ez zela iritsi».
Lopez de Samaniegok ere gauza bera uste du: «Ez dute jakin nahi zer gertatu zen hamaika egun haietan». «Baina Jon ez zen kalean egon», gehitu du Pascassiok. Tolosako tren geltoki inguruan etxerik gabe izaten diren guztiengana jo zuten, eta inork ez zuen ezagutu: «Kalean diren guztiak ezagutzen dute elkar, eta, itxuragatik, ez zen nabarmendu gabe pasatuko». Izan ere, desagertu zen bolada hartan botika asko hartzen zituen bere gaixotasunagatik, eta itxurak atentzioa ematen zuen. Alkizak ere argi du: «Nire ustez, larriena da hamaika egun horietan zer gertatu zen ikertu nahi ez izatea. Gerokoa egun horiek tapatzeko estrategia bat da». Anabel Anzak orduan gogoratu du Alfredo Perez Rubalcabak Barne ministro zela auzi honi buruz esandakoa: «Kariben dirua gastatzen ibiliko zela esan ez zuen, ba!». ETAk jakinarazi zuenez, diru kopuru handia eraman behar zion Anzak. Baina diru haren arrastorik ez da. «Haren pasaportea eta ordularia bakarrik dauzkagu, beste ezer ere ez», esan du Anzak. «Ordularirik ere ez», gehitu du Lopez de Samaniegok: «Etxean sartu eta lapurtu zidaten». Anzaren pasaportea ere norbaitek utzi zuen Tolosako polizia etxe batean. Espainiako Kontsulatura eraman zuten, baina ez zioten jakinarazi familiari. Gorputegian jaso zuten.
Azaldu gabe dagoen beste datua hau da: 2009ko maiatzaren 20an bi guardia zibilek lasterka alde egin zuten Tolosako hotel bateko gelatik, armak han ahaztuta. Epaileak esan zuen horrek ez zuela loturarik Anzaren aferarekin.
Hogei urte preso
Jon Anzak hogei urte egin zituen espetxean, 1982tik 2002ra. Atera zenean, Amnistiaren Aldeko Mugimendua gorpuzteko lanari lotu zitzaion buru-belarri. Handik hiru urtera, Ipar Euskal Herrira joan zen bizitzera «Poliziak itoa zuelako», Anabel Anzak esan duenez. Ahetzen bizi zen, eta Hendaiako Sokoa kooperatiban lana egiten zuen, minbizia diagnostikatu zioten arte. «Etxe bat erosi berri zuen Maixorekin», gehitu du Anzak.
Poliziak aspaldian zelatatzen zuen, Alkizak esan duenez. Atera zen argitara desagertu baino bost hilabete lehenago Senpereko zulo batean haren hatz markak topatu zituztela. «ETAren zulo batean haren hatz markak topatu baldin bazituzten, nahikoa arrazoi bazen atxilotzeko; zergatik ez zuten atxilotu? ».
Datuok eskuan, heriotza naturalaren bertsioa sinesgaitza egiten zaie, eta, gerra zikinaren itzala ezagututa, ez dute ezer baztertzen. «Agian Parisen ez dugu lortuko egia, baina baliabide guztiak erabiliko ditugu egiaren bila segitzen dugula adierazteko», esan du Lopez de Samaniegok. «Ezin dugunez hura berreskuratu, geratzen zaigun bakarra egiagatik borrokatzea da», gehitu du Alkizak.
Parisera, egiaren bila
Jon Anzak hitzordua zuen ETArekin Tolosan (Okzitania) 2009ko apirilaren 18an, baina ez zen agertu. Maiatzean salatu zuten desagertua zela, eta 2010eko martxoan agertu zen gorpua. Heriotza naturala izan zela ebatzi zuen epaileak. Familiak ez du sinesten, eta dei auzian aztertuko dute afera, gaur, Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu