Asteburuan poza agerturik ere, haserrea eta determinazioa ez zaizkie apaldu Seaskako kideei. Brebetako zientzietako azterketa euskaraz egiten ahalko dutela jakinarazi zuen larunbatean Frantziako Hezkuntza Ministerioak; haatik, ez du hitzik erran baxoari buruz. Baionako Bernat Etxepare lizeoko 120 ikasle hautazko ikasgaien baxoko azterketak pasatzen ari dira atzotik —gaur bukatuko dituzte—, baina ez dute euskaraz egiten ahalko. Proba pasatu aitzin, elkarretaratzea egin zuten atzo, Eman pausoa, euskaraz baxoa! lelopean. Brebetaren ondotik, baxoa euskaraz egiteko eskubidea emateko eskatu zuten.
«Aurten ere berezitasuneko ikasgaiak euskaraz ikasi dituzte, eta, orain, frantsesez idaztera behartuak izanen dira», deitoratu zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. «Zer mezu helarazi nahi die Frantziako Gobernuak 17-18 urteko gazte hauei? Frantses agintarien aitzinean plegatu behar dutela, menpeko izan behar dutela? Haien hizkuntzak baliorik ez duela? Frantsesa euskara baino gehiago dela? Hori al da [Frantziako Hezkuntza Ministerioak] gazteekin duen pedagogia?».
Hemendik aitzina ere «borrokan» segituko dutela erran zuen Jorajuriak. Batetik, sare publikoan eta pribatu katolikoan diren ikasleek ere izan dezaten brebeta euskaraz pasatzeko parada, baina, bereziki, lizeoko ikasleek baimena izan dezaten baxoa euskaraz pasatzeko. Hala jasoa dago Seaskak, EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Parisek 2019an onartutako hitzarmenean, baina muzin egin diote azken urteetan.
Irailean Parisen egin zuten bilkuran, EEPko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek brebetaren gaia aipatu zuten. Baxoa aipatzeko beste bilkura bat finkatzekotan gelditu ziren, baina ez da sekula iritsi. Jorajuriak baieztatuzuen brebetaren «berri on» horrekin ez dela aski, eta baxoa euskaraz pasatzea lortu arte segituko dutela. Hala adierazi diete hautetsiei ere.
Mezu bera zerabilten ikasleek ere. Asteburuko albisteak «esperantza» sortzen diola erran zuen Unaxek. Aurten pasatuko ditu baxoko azterketak, eta, beraz, ez du uste aukera hori izanen duenik, baina ondoko belaunaldientzat iritsiko dela espero du. Hori berretsi zuen Xumai bigarreneko ikasleak ere: «Lortu arte segituko dugu borrokan».
Albistea Twitterren
EEPri bidalitako gutun baten bidez jakinarazi zuen erabakia Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroak, larunbatean. «Guk besteek bezala jakin dugu, sare sozialen bidez», deitoratu zuen atzo Jorajuriak. «Ez dira gurekin bildu, ez gaituzte deitu... Gutunaren kopiarik ere ez dugu eskuratu», sumindu zen, eta Frantziako Gobernuaren «mespretxua» salatu zuen.
Hala ere, erabakiak sortzen dien zoriona ere azpimarratu zuen. Badira bost urte Seaskako guraso, ikasle eta irakasleakekintza andana egiten hasi zirelaikasleen hizkuntza eskubideak errespeta zitezen. Mila ikasle inguruk desobedientziara jo dute azken urteetan, eta, debekuen gainetik, azterketak euskaraz erantzun dituzte, egindako lanaren zuzenketa ofizialik jaso gabe. Iazko uztailean, Seaskak eta Euskal Hirigune Elkargoak ekitaldi bat egin zuten, azterketen zuzenketa alternatibo bat egin ondotik ikasleei zegokien nota emateko.
Baina iazko ekainean Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzaren Baionako egoitza okupatzeak eman zituen irudirik deigarrienetakoak. Polizia bortizki oldartu zitzaien Seaskako kideei. Ekintzetan parte hartu izan dutenguziei eskerrak helarazi zizkien Jorajuriak: «Ez da batere goxo poliziak kanporatzea eta haien gasak arnastea. Baina borrokatzea merezi du, eta borrokatzen segituko dugu».
Ipar Euskal Herriko euskalgintzak apirilaren 22rako antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu zuen, halaber. Baxoaren aldarrikapena plazaratzeaz gain, AEK-k eta Uda Lekuk bizi duten prekaritatea «onartezina» dela azpimarratu zuen. «Euskarak bizi behar du, eta, urratsez urrats, euskaraz bizi nahi dugu. Lortu arte, ez dugu atsedenik hartuko».
Parisen «mespretxua» salatu du Seaskak, eta borrokan segituko dutela erran
Jorajuriak erran du brebeta euskaraz pasatzeko eskubidea «irabazi» dutela. Seaskako 120 ikaslek frantsesez eginen dituzte baxoko azterketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu