Izan zen Luhusoko polizia operazioa, eta, Baionako biharamuneko batzar eta mobilizazio esanguratsuen ondoren, «orain paretaren kontra zarete» ohartarazi zien Sylviane Alaux PSko euskal diputatuak Frantziako autoritate batzuei. Luhusoko (Lapurdi) ekinbidearen ondoren hasi zen Paris ETAren desarmatzean inplikatzen, azkenean errazteraino.
Aurretik, ETAk, 2011n jarduera armatua bukatu ostean, gatazkaren ondorioetan desarmatzean ere aurrerapausoak ematen hastearren eta Osloko elkarrizketa gunearen testuinguruan, 2012an gutunak igorri zizkion Frantziako Errepublikako presidenteari: otsailean, Nicolas Sarkozyri (UMP), eta irailean, François Hollanderi (PS). Ezer ez.
Bukatu zen Osloko ahalegina 2013an, eta ETAk 2014an, bere kabuz, armagabetze prozesuari ekin zion, armategiak zigilatuz eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordea (NEB) horren jakinaren gainean utziz. Halaber, esan zuen jarduera armatuaren egitura logistikoa eta operatiboa desegin zituela. 2014an bertan izan zen Baionako Adierazpena, Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen artean mamitutakoa, eta han ere aipatu zen desarmatzea. Baita 2015ean ere, eragileen Bake Konferentzian Parisen, Frantziako Asanblean. ETAk 2016an ere bidali zion eskutitza Hollande presidenteari, eta, garai bertsuan, ezker abertzaleak elkarrizketak izan zituen estatu agintarien inguruko jende batekin. Baina, funtsean, ezer ez.
Paris geldirik zen, Madrilek zer egingo beti, eta jarraitu zuen polizia operazioak egiten: zuloak, atxiloketak… Harik eta, 2016 bukaeran Luhusokoarekin topo egin zuen arte. Geroztik, Frantziak armagabetzerako «inplikazio tazitua» izan zuen, Mixel Berhokoirigoin zenak esaten zuen moduan. Honatx horren erakusle:
1. Atxiloketen ondorena.
Akusazioa aldatu, eta libre
Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, Beatrice Molle, Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri Txetx, Mixel Bergouignan eta Stephane Etxegarai atxilotu zituen 2016ko abenduaren 16an Luhuson, Errekartea baserrian. Ipar Euskal Herriko kide ezagunak ziren. Hilabete bat lehenago ETAk gizarte zibilari desarmatzearen «ardura politikoa eta teknikoa» eman zion. Xedea: Parisekin adostuta egitea, irabazle-galtzaile eskema baztertuta. Momentuz hori ezinezkoa zenez, ekintzaile zibilak Luhuson ETAren armen parte bat erabileratik kanpo uzteko saioa egiten ari ziren. Hantxe eta halaxe harrapatu zituen Poliziak. Frantziako Barne Ministerioak ohiko eskuliburutik jo zuen: «ETA erakunde terroristarekin» lotu zituen bost kideak, eta zioen operazioa «ETAri emandako beste kolpe gogor bat» zela.
Ipar Euskal Herrian telefonoak sutan hasi ziren. Ordezkari instituzional, politiko eta gizarte zibileko batzuk operazioa baino egun batzuk lehenago jakinaren gainean ziren Berhokoirigoinen-eta ekintzaren filosofiaz, detaileak jakin gabe, eta Luhusokoaren ostean Parisera deika hasi ziren: atxilotuak ez zirela etakideak eta armagabetze prozesuko ekinbidea zela. Gobernuko arduradun gorenek jaso zituzten mezuak. Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta ere mugitzen hasi zen; hain zuzen, Frantziako lehen ministro izendatu berri Bernard Cazeneuveren (PS) kabineteburu izana zen Morvan, Cazeneuve Barne ministroa zela. Morvanek, jakin zuenean zein ziren atzemandako kideak, hasieratik pentsatu zuen Luhusokoa ez zela «terrorismo ekinbide bat», asteon Sud-Ouest egunkarian aitortu duenez. Ikusirik Ipar Euskal Herriko haserrea, batasuna eta erabakitasuna, Paris jarrera aldatzen hasi zen.
Luhusokotik bi egunera, igandearekin, atxilotuak artean Baionan zeuzkatela, Frantziako hiriburuan lan egiten zuen polizia batek Txetx Etxeberriri iradoki zion libre geratzeko aukerak zituztela. Parisera eraman zituzten bostak, eta Christophe Teissier epaileak baldintzapean aske utzi zituen. Abenduaren 20a zen. Ez zituen jo, polizia operazioan François Molins fiskalak bezala, «helburu terroristadun gaizkile taldeko kide» gisa; epaileak ETAren armak eta lehergaiak edukitzea eta garraiatzea egotzi zien. Armagabetzea errazteko ziaboga hartzen hasia zen Frantzia.
2. Parisen jarrera aldaketa.
Madrili jakinarazia
Bakegileei 2017ko otsailaren 24an jakinarazi zieten jarrera aldatu zuela Parisek. Iturria: Barne Ministerioaren informazioa zeukan kide bat. Lau egun lehenago, Malagako (Espainia) aldebiko goi bilera batean, Frantziako Gobernuak Espainiakoari jakinarazi zion prest zegoela desarmatze prozesuan parte hartzeko. Parisek jada uste zuen gatazkaren ondorioen afera ez zela Espainiarena soilik. Are gehiago: Madrili eskatu zion trabarik ez sortzeko. Hala ziurtatu zuten mota desberdineko iturriek armagabetzeaz geroztik. Malagan zeuden, besteak beste, Mariano Rajoy (PP) Espainiako Gobernuko presidentea eta Hollande Frantziakoa. Dena dela, otsailaren 20ko jakinarazpena ez zen izan Parisek Madrili egindako aurrenekoa: Etxeberrik Luhuso liburuan (2017) kontatu zuen aurrenekoa Malagako hitzordua baino hiru bat aste lehenagokoa izan zela. Jarrera aldaketa horren pista bat eman zuen Jean Marc Ayrault Atzerri ministroak otsailaren 10ean, Miarritzeko (Lapurdi) prentsaurreko batean, badaezpada prestatuta zeukan erantzun batean. Malagakoaren ondoren, eta apirilaren 8ko armagabetze egunaren aurretik, Hollandek eta Rajoyk publikoki bi aldiz ikusi zuten berriz elkar: martxoaren 6an Versaillesen (Frantzia) eta martxoaren 25ean Erroman. Parisek jarrera berean segitu zuen.
3. Bakegileak-Frantzia.
Elkarrizketarako kanala
Laborantzako gaiak zirela eta, EHLBko lehendakari ohi Berhokoirigoinek bazuen harremana Stephane Le Foll Nekazaritza ministroarekin —gobernuaren eledun ere bazen—, baina Bakegileak-Paris komunikazio kanalak bideratzen eta formalizatzen hasteko garrantzitsua izan zen Paueko (Okzitania) martxoaren 20ko bilera: Cazeneuve lehen ministroa Paueko Unibertsitateko topaketa batzuetan parte hartzekoa zen, harekin egongo zen Morvan prefeta, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak Morvani eskatu zion Cazeneuverekin bilera bat lotzeko. Lotu zuen. Bileran mahai gainean, armagabetzea. Baikor atera zen Etxegarai. Cazeneuvek desarmatzeaz jendaurrean lehen aldiz egun hartantxe hitz egin zuen, bilkuraren ostean, France Bleu irrati katean. «Arau judizialak errespetatzeko» baldintza jarri zuen. Aste batzuk lehenagotik hartu-emanak baziren arren, martxoaren bukaeran ireki zen Bakegileen eta estatuaren ordezkarien artekoa bidea, baina ez publikoa. Baina Bakegileek ordurako, Parisen aldetik nahikoa bermerik ez zelakoan, iragarria zuten apirilaren 8an izango zela armagabetze eguna —martxoaren 17an egin zuten iragarpena, Le Monde egunkarian—. Adostu beharrekoa: armak nola entregatu. Egunaren izaerak ere garrantzi handia zuen Bakegileentzat: ez zuten nahi galtzailearen eskemarik.
4. Adostutako irizpideak.
Dena bete, eta utzi egiten
Asteetako elkarrizketaren bidez, Frantziak eta Bakegileek azkenerako adostu zuten, idatziz ez bazen ere, armagabetzea izango zela legezkoa, ordenatua, segurua, publikoa, ETAren baldintzarik eta presentziarik gabea, ardura gizarte zibilak hartua, nazioarteko eragileek egiaztatua, armen dokumentua Frantziako Justiziari emana, eta kokalekuetan behatzaile zibilak bai baina hedabideak ez. Dena bete zen.
Bestetik, Cazeneuvek prozesuan zehar Etxegarairi ohartarazi zion gehiegi agertzen ari zela, eta ez ahazteko, Baionako alkatea eta Elkargoko lehendakaria izanik, Frantziako Errepublikaren ordezkaria zela. Armagabetzearen alde lanean segitu zuen Etxegaraik; utzi zion Parisek. Era berean, nahiz eta gobernuak ez zuen nahi apirilaren 8ko ekitaldi instituzionala Baionako herriko etxean egitea, utzi zuen han egiten.
5. Zuloetako operazioari uko.
Guardia Zibilari planto
Guardia Zibilak nahi zuen esku hartzea ETAren desarmatze eguna baino lehen. Haren arabera, «ETAren aurka» egin zituen «operazio nagusietako» bat Luhusokoa zen, beste hirurekin batera. Komentatu zen Guardia Zibila prest zegoela muga pasatzeko, baina Frantziako Gobernuak ez ziola baimenik eman. Ezker abertzaleko iturriek aipatu izan dute hori eurek nazioarteko eragileen bidez jakin zutela. Pasa den martxoaren 17ko BERRIAn Txetx Etxeberrik gehiago zehaztu zuen, esanez gaur egun badakitela apirilaren 8koaren aurreko astean Guardia Zibilak Frantziako Poliziari bi arma gordeleku seinalatu zizkiola. «Frantziako Poliziari operazio bat muntatzeko galdetu zioten, eta honek oniritzia eskatu zion Frantziako Gobernuari; gobernuak, baina, ezezkoa eman zuen». Parisek planto egin zuen. Hala ere, garbi zeukan ezin zuela Madrilekiko haustura diplomatikorik sortu.
6. Polizia kontrolik ez.
Garraiorako eta bidaiarako
Apirilaren 8an zortzi gunetan agertu ziren ETAren armak. Haietako seitan, erakundeak aurreko urteetan zigilatutako kaxak zeuden; beste bietara, ahal zen moduan eraman behar izan zen materiala. Senperen (Lapurdi) zegoen bi gune horietako bat, eta etxe batetik eraman zituzten armak. Bi kokaleku horietako garraiorako ez zen Frantziako Poliziaren trabarik izan. Era berean, apirilaren 8an bertan, kokalekuetako 172 behatzaileek ez zuten Poliziaren errepide kontrolik eduki.
7. Giro lasaia.
Poliziak, «eskuak poltsikoetan»
Apirilak 8, armagabetze eguna. Baionako herriko etxean, goizean goiz, NEBek Bakegileek zuten armen dokumentazioa jaso ondoren, egiaztatzaileen ordezkari batek Baionako Justizia Jauregirako bidea hartu zuen, Bakegileen taldeko auto batean. Aurretik, bidea irekiz, Poliziaren auto bat zeukaten. Poliziak itxita zuen auzitegi ingurua, badaezpada. NEBeko ordezkariak auzitegian utzi behar zuen dokumentua, hitzartuta zegoen bezala.
Armen kokaleku bakoitzeko, behatzaile arduradun bat zegoen, eta, Bakegileen eta Parisen elkarrizketen ondorioz, Poliziak bazeukan bakoitzaren telefono zenbakia. Kasu batean, deitu egin zioten behatzaileari, jakiteko zehazki non zen gordelekua. Heldu ziren poliziak tokietara, «eskuak poltsikoetan» zituztela iritsi ere, Alaux diputatu eta behatzaileak kontatu zuenez. Behatzaileak identifikatu egin zituzten, baina hitzartuta zegoen ez zela auzibiderik irekiko. Giro lasaia.
8. Autoritate judizialen txanda.
Baionako eta Parisko fiskalak
Apirilaren 8an, Frantziako Errepublikako autoritateek parte hartu zuten. Lehenik, Baionako Auzitegiko fiskalak: Samuel Vuelta Simonek. Hark jaso zuen kokalekuen dokumentazioa, goizez, auzitegian, Polizia Judizialeko ordezkaria eta Baionako Fiskaltzako tenientea ere bertan zirela. NEBeko ordezkari batek eman zion, herriko etxeko agerraldi instituzionalaren ondoren. Vuelta Simon orduan ez zen publikoki mintzatu. 2018ko otsailean BERRIAko elkarrizketa batean aitortu zuen estatuak «gauzak erraztu» egin zituela; autoritateek, hartu-emanen ondorioz, gauzak aurretik planifikatua zituztela; armagabetzea «bi parteen artetik» segurua eta ordenatua izan zela; edota eguna «modu naturalean» pasatu zela «Polizia Judizialarentzat eta Baionako Fiskaltzarentzat». Vuelta Simonek, armen txostena jaso eta egiaztatu bezain laster, Parisko prokuradore eta Terrorismoaren Aurkako Auzitegiko buru François Molinsi deitu eta informazio osoa helarazi zion. Hain zuzen, 113 egun lehenago, Molinsek agindu zuen Luhusoko operazioa. Biak apirilaren 8aren aurreko asteetan hartu-emanetan izan ziren Morvanekin; hori Bakegileekin ere bai, eta Cazeneuve informatzen zuen. Egin kontu: armagabetzetik lau hilabetera gobernuak Frantziako Poliziaren buru izendatu zuen Morvan.
9. Gobernuaren baieztapena.
Ofiziala eta publikoa
Molinsek txostena jaso ondoren hasi zen Polizia gordelekuetara joaten: 180 agente. 13:00ean, artean operatiboa bukatzeke zela, Matthias Fekl Barne ministroa jendaurrean mintzatu zen, operazioaren xehetasunak emateko. «Urrats handitzat» jo zuen desarmatzea. Eta 20:36an, Cazeneuve lehen ministroak prentsa oharra zabaldu zuen. Gobernuaren izenean «ongietorria» eman zion armagabetzeari, eta pauso «erabakigarritzat» jo zuen Euskal Herrian «bake iraunkor baten aroa» hasteko. Armagabetzearen konfirmazioa zen, ofiziala eta publikoa. Feklek orain Etxeberri eta Molleren aurkako apirilaren 2 eta 3ko epaiketan lekuko gisa deklaratuko du, Parisko Zigor Auzitegian, Bakegileen abokatuek hala eskatuta; Morvanek ere bai.
10. Bi entrega berri.
2018an, autoritateekin adostuta
Bakegileen lana ez zen bukatu ETAren armagabetze egunean. Urte bereko uztailean Frantziako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak lantaldea eratu zuten: batetik, euskal presoen aferari konponbidea ematen hasteko —Orain presoak zen Bakegileen leloa—, eta, bestetik, apirilaren 8rako ETAk kontrolpetik kanpo zeuzkan armak ahal zenean modu adostuan entregatzeko. Bakegileekin hitz egiteko pertsona bat izendatu zuen Parisek; hain zuzen, jada gobernu berriak, Emmanuel Macronenak (En Marche). Armen kasuan ere eman zuen emaitza onik: Txetx Etxeberrik desarmatzetik aurrera bi aldiz garraiatu zuen materiala, eta estatuko autoritateei eman zien, haiekin finkatutako hitzorduetan. Zehazki, 2018ko otsailaren 9an eta apirilaren 25ean izan ziren entregak, biak Baionako Teknopoloko aparkalekuan. ETAren armak, lehergailuak egiteko tresnak, gerlako suziri handi bat edota autoak lapurtzeko materiala zeuden. Auzitegietatik ez zuten Etxeberri deitu deklarazioa hartzeko.