Euskal Presoak

Parisen erantzunaren beha

Bakegileek hankaz gora jarri dute Ipar Euskal Herria, bide nagusiak blokeatuta. 2.000 herritarrek hartu dute parte, eta 26 atxilotu dituzte. Hautetsien ordezkaritza batek «haserrea» helarazi dio prefetari

Trenbidea itxi zuten bederatzi ekintzailek goizean, eta trabak sortu zituzten tren zerbitzuan. JON URBE / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki - Julen Aperribai
Baiona-Ziburu
2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Salbuespenezko egoerari salbuespenezko erantzuna. Parisek bake prozesua blokeatuta daukala salatu eta aitzinamenduak behartzeko, Ipar Euskal Herria geldiaraziko zutela iragarri zuten Bakegileek, eta ezarritako helburua zinez erdietsi zuten atzo. Aireportuak, trenbideak eta errepideak blokeatu zituzten 2.000 ekintzaile inguruk, eta hankaz gora jarri zuten ohikotasuna. Espero zitekeen moduan, atxilotuak ere izan ziren; 26, guztira. Ordea, iluntzean Bakegileek jakinarazi zuten guztiak aske utzi zituztela.

Iparraldeko hainbat herritan biltzeko lehen orduak 10:00etarako jarri bazituzten ere, espero gabeko ekintza batekin hasi zuten blokeatze eguna ekintzaileek: Miarritzeko aireportuko pistan azaldu ziren sei lagun, eta, ondorioz, bi hegazkin desbideratu behar izan zituzten. Azkar iritsi zen Frantziako Polizia, eta atxilo eraman zituen sei ekintzaileak. Baionako Fiskaltzaren aitzinean deklaratzera deituak izanen dira.

Gutxira hasi ziren errepideetako lehen blokeoak. Pausun, esaterako, biribilgune bat okupatu zuten ekintzaileek, dozenaka poliziari izkin eginda. Ezpeletan, Azkainen, Miarritzen, Donibane Garazin eta Onizepean ere eten zituzten bideak, besteak beste. Ibilgailuek atzera egin eta beste bide batzuetatik joan behar izan zuten leku horietan, larrialdi zerbitzukoek izan ezik. Iragarria zuten bezala, bidea zabaldu zieten horiei Bakegileek, txalo artean.

Ikusi gehiago:Horrela jarraitu du BERRIAk

Tentsio handiagoko momentuak ere sortu zituzten Bakegileek, dena den. Bokale eta Baiona arteko trenbidea moztu zuten bederatzi lagunek 10:30 aldera, besoak bidoietara lotuak zituztela. Atxilotu egin zituen Poliziak, baina tren zerbitzuan arazoak eragin zituzten. Trenik ez zen ibili arratsalde erditsura arte, SNCF konpainiako prentsa zerbitzuak BERRIAri esandakoaren arabera. Ekintzaren eremua dela eta, Akizeko Fiskaltzaren esku da haien kasua; AFP agentziari jakinarazi diote gaur goizerako hartuko dutela haiei buruzko erabaki penala.

Bestalde, eguerdian, sei lagunen artean A-63 autobidea blokeatu zuten Baionan, Miarritzeko norabidean, eta auto ilara luzeak eragin zituzten. Baina Frantziako Jendarmeriak berehala esku hartu zuen, eta gutxi iraun zuen ekintzak. Baionako Fiskaltzaren arabera, Baionako Zigor Auzitegian epaituko dituzte, heldu den urtarrilean, manifestazio debekatu batean parte hartu eta zirkulazioa eragoztea leporatuta.

Ziburun, manifestazioan abiatu ziren 300 bat lagun herri hori Donibane Lohizunerekin lotzen duen zubira, eta ordurako han ziren hainbat ekintzaile; elkarri besotik helduta batzuk, bidoietara eta zubia alderik alde zeharkatzen zuen katera loturik besteak. Oztopo handirik gabe itxi zuten bidea. Espainiako eta Frantziako poliziak inguruan izanagatik, ez ziren blokeatzea desegiten saiatu, eta ekintzaileek eurek nahi izan zuten arte iraun zuen. Are, 15:00 aldera taldetxo bat Donibane Lohizuneko tren geltoki aurreko errepidera abiatu zen, eta errepide hori ere itxi zuten. Garai horretan hamabost lekutan zegoen blokeatuta Ipar Euskal Herria, Bakegileek zabaldu zutenez.

Baionan izan zen mobilizazio jendetsuenetakoa. Marechal Soult etorbidea blokeatu zuten ekintzaileek goizean egurrezko paletak eta kautxuzko errotak erabilita. Laster agertu zen Frantziako Polizia, baina ez zuen esku hartu. Arratsalde hasieran, hortik gertu dagoen Aritsague etorbidera jautsi zen talde bat, eta han ere blokeatu zuten zirkulazioa. Auto-gidari batzuekin tentsio momentu batzuk sortu baziren ere, berehala baretu zuten egoera Bakegileek. 16:00etarako eten zituzten blokeatze guziak, eta 17:30ean Baionako suprefetura aurrean biltzeko dei zabala egin zieten herritarrei, atxilotu zituztenei sostengua erakutsi, eta aska zitzatela eskatzeko.

Irailaren 22a mugarri

Hala, egun osoan egindako ahaleginak barrua beteta, ehunka lagun elkartu ziren suprefeturaren aurrean «Euskal presoak etxera! eta Atxilotuak askatu!» oihuen artean, Frantziako Polizia andanak haien aitzinean hesi bat osatzen zutela. Giro bero horretan, egunaren balorazio positiboa egin zuen Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak: «Gure determinazioa erakutsi dugu. Gaur, harro izaten ahal gara, finkatutako planak eman duelako erran genuena: bai, Euskal Herria paralizatu da; bai, blokeoa egon da; eta bai, denen artean segurtasuna eman diegu herritar guztiei».

Data bat ere ezarri zuen mugarri Funosasek: irailaren 22a. Egun horretan emango du Parisko Dei Auzitegiak Jakes Esnali eta Ion Parot euskal presoen baldintzapeko askatasunari buruzko erabakiaren berri —32 urte daramatzate preso—. Irmo adierazi zuen «aske» nahi dituztela, eta, erabakia kontrakoa izanez gero, Bakegileen «determinazioaz» ohartarazi zuen: «Ikusi duzue: crescendo batean gara, determinazio osoa daukagu, eta, kosta ahala kosta eta manera handiagoan, segituko dugu Ion eta Jakes etxean izan arte eta euskal preso guztiei aterabidea eman arte».

Konponbide prozesuan Ipar Euskal Herriko hautetsiek duten inplikazioa ere goratu zuen Funosasek. Hain justu, hautetsien ordezkaritza bat, hamalau lagunekoa, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu zen, hala nola Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, Frederic Espagnac senataria, Emilie Dutoya Akitania Berria eskualdeko hautetsia. Herritarren «haserrearen» berri eman zioten prefetari, bileraren ostean Felipe Aramendi Urruñako auzapezak adierazi zuenez. «Erran diogu garai historiko batean gaudela, eta garai historiko horretan ez dela huts egin behar». Mezu hori bere «gainekoei» helaraziko ziela ziurtatu zien Spitzek, Aramendiren arabera. Atzo atxilotutakoak «ahal bezain laster» askatzeko ere eskatu ziotela gaineratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.