Parisen beste ezezko bat

Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak ez du eten Fernandez Iradi euskal preso eriaren espetxe zigorra. Defentsak helegitea jarriko du

Bakegileak atzo, Baionako Auzitegiaren aurrean, Ibon Fernandez Iradi euskal preso eriaren askapenaren alde. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun

Frantziako Dei Auzitegiko Zigorrak Ezartzeko Epaitegiak ez du onartu Ibon Fernandez Iradi gaixotasun larria duen euskal presoari espetxe zigorra etetea, atzo arratsaldean jakin denez. Defentsak helegitea aurkeztuko du Kasazio Auzitegian, Maritxu Paulus Basurkok esan duenez —bost eguneko epea du—, eta, hark ere ezezkoa emanez gero, Europara joko du. Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza du, eta, abokatuaren esanetan, eritasun horrek hainbat eginbehar eskatzen du —tratamendu jarraitua, sendagaiak, bestelako terapiak...—, eta kartzelak ez daude prest hori bermatzeko. «Borrokan segituko dugu justizia egin arte».

Paulus Basurkorentzat, erabakia «dezepzio bat» izan da. «Izan ere, osagai mediko guztiak daude Fernandez Iradi aske geratzeko, eta azkeneko asteetan elementu berriak atera dira, gainera».

Joan den azaroaren 12an, Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak, mediku txostenak aintzat hartuz, espetxe zigorra etetearen aldeko erabakia eman zuen, presoaren gaixotasuna artatzeko kartzela leku egokia ez dela iritzita. Gainera, azaldu zuen egungo testuinguru politikoagatik hura aske uzteak ez lekarkeela arriskurik. Baina fiskalak helegitea aurkeztu zuen, eta presoak espetxean segitu zuen. Urtarrilaren 13an egin zuten epaiketa, Dei Auzitegian, eta atzorako jarri zuten ebazpena emateko eguna.

«Erabaki hau onartezina da; eskandalizatuak gara», adierazi dute bakegileek, ohar batean, erabakia jakin ondotik. «Garaia da jokamoldea aldatzeko eta bake prozesua kontuan hartzeko». Datorren apirilaren 8an herritarrak mobilizatzera deitu dituzte.

Atzo goizean bakegileek Fernandez Iradi askatzearen aldeko ekinbide sinboliko bat egin zuten Baionako Auzitegiaren aurrean. «Gaixoek ez dute zer eginik presondegian», deitoratu dute, eta eritasun larria dutenentzako «logika humanitarioa» eskatu dute.

Zazpi urteko bide judiziala

Fernandez Iradiri 2010ean agertu zitzaizkion lehen sintomak, eta 2013an egin zuen zigorra eteteko lehen eskaera. Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak 2014an onartu zion eskaera, baina prokuradoreak eskatu zuen osasun azterketa gehiago egin behar zirela. Hiru urteko prozedura batean auzia Dei Auzitegian eta Kasaziokoan aztertu ondoren, ez zuten onartu euskal presoa libre geratzea. 2018an berriro eskatu zuen zigorra eteteko, eta onartu egin zioten lehen auzialdian, baina fiskalak eragotzi egin zuen kaleratzea.

Lannemezango espetxean (Okzitania) daukate preso Fernandez Iradi (Lasarte-Oria, 1971). ETArekin lotuta, Frantziako Poliziak 2003ko abenduan atxilotu zuen azkeneko aldiz, Mont-de-Marsanen (Okzitania).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.