Desagertzeko zorian egon da Iruñeko Paris 365 jantoki soziala. 100.000 euroren zorra pilatua zuen, eta hura kitatzeko epemuga gero eta hurbilago zegoen: 2020ko urtarrilerako pagatu behar zuen diru kopuru horren zatirik handiena. Hori dela eta, jantokia kudeatzen duen Gizakia Herritar fundazioak abian jarri zuen SOS Paris 365 lelodun kanpaina, herritarren babesa jasotzeko. Ordaintzeko epea amaitzear zela, fundazioko arduradunek jakinarazi dute kanpainak berebiziko arrakasta izan duela, 70.000 euro jaso dituztelako hilabete honetan. Jantokia salbatzea lortuko dute laguntza horri esker.
Jantoki sozialeko kideek azaldu dutenez, diru ekarpen gehienak norbanakoenak izan dira: 10 eta 3.000 euroren artekoak. Baliteke bildutako dirua gehiago izatea ere, zenbatzeko baitituzte oraindik elkarte, fundazio, lantoki eta bestelakoen ekarpen ekonomikoak.
2008. urtean eztanda egin zuen krisi ekonomikoak eragindako larrialdiari erantzuteko jarri zuten martxan Paris 365 jantoki solidarioa, 2009. urtean. Hamar urteotan, 278.000 gosari, bazkari eta afari baino gehiago banatu dizkiete Gizakia Herritar fundazioko kideek jantokiko erabiltzaileei, Jarauta karrikan hasieran eta Descalzosen orain. Gainera, 10.250 elikagai saski baino gehiago banatu dituzte.
Batetik, Gizakia Herritar fundazioko kideek 1.700 boluntario baino gehiago izan dituzte laguntzen hori guztia lortzeko; bertzetik, 500 bazkideren baino gehiagoren babesa lortu du egitasmoak. Proiektua garatuz joan da, gainera, eta jantoki gisa sortutakoari hamaika adar atera zaizkio gero: Paris 365 Txokoa, sukaldea, bigarren eskuko arropa saltzeko dendak eta haurrentzako ludoteka, bertzeak bertze.
Paris 365 jantokiak itxieraren mamua uxatzea lortu du, 70.000 euro bilduta
Abenduan, Gizakia Herritar fundazioak abian jarri zuen 'SOS Paris 365' kanpaina, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu