Iruñeko Paris 365 jangela solidarioan egoera «bitxi bat» gertatu da 2020tik hona. «Gero eta menu gehiago» zerbitzatzen dituzte, baina jende gutxiago artatu. Zehazki, iaz 48.142 menu banatu zituzten, 2020an baino %45 gehiago. Alta, erabiltzaile kopurua %35 apaldu zen epe berean. Mikel Urabaien Paris 365eko ordezkariaren arabera, datu horrek adierazten du pobrezia «larriagotu» egin dela, jantokiko erabiltzaileentzat eta biltegiko familientzat «are zailagoa» delako egoera horretatik ateratzea.
Atzo goizean egindako prentsaurrekoan,Paris 365eko ordezkari Mirian Garciak azaldu zuenez, egoera horren ondorioz gero eta jende gehiagori esan behar diote ezin dutela artatu bolada batez. Aitortu zuten hori dela haien ahulguneetako bat. «Esku hartzeko orduan eta etikoki, barne gatazka eragiten digu. Ez dugu itxaropen faltsurik eman nahi, eta ez gaude egun batzuk barru jangelan tokia egingo dela esateko moduan». Egunero 65-70 pertsonari ematen diete jatera, eta ez dute ez lekurik eta ez otordu gehiago prestatzeko ahalmenik. Astean 20-30 laguni ematen diete ezezkoa.
Krisi ekonomikoaren eragina ere nabaritu dute Paris 365 jangela solidarioan. Batetik, dohaintzak gutxitu egin dira hiru urteotan: batik bat, jeneroan egiten diren dohaintzak, %45 murriztu baitira. Ondorioz, elikagai gehiago erosi behar izan dituzte, eta, herritar guztiek bezalaxe, bizimoduaren garestitzea nabaritu dute. Erosketak %56 garestitu zaizkie hiru urteotan, oro har.
Gobernuari deia
Hori guztia aintzat hartuta, Garciak Nafarroako Gobernuari ohartarazi dio Iruñerrian jende askok behar handia duela, kalteberago baitira inflazioa dela eta. «Orain ditugun baliabideak ez dira nahikoa eskariari erantzuteko. Oinarrizko beharrak artatzeko deialdiak egongo direla esatea ez da aski». Adibide gisa, azpimarratu du deialdi horietako kopurua ez dela handitu eta kostuen igoera ez dela KPIaren arabera eguneratu. «Ez bada aurrekontua handitzen, entitate gehiago aurkez gaitezke, baina diru kopurua berbera da».
Paris 365 jangelako ordezkariek azaldu dute pobrezia «larriagotu» dela
Hiru urteotan «gero eta menu gehiago» banatu arren, erabiltzaileen kopurua %35 apaldu da, «luzaroago behar baitute laguntza»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu