IRUÑEA. Azken urteko balantzea aurkeztu zuen Paris 365 jangela solidarioak Iruñean, atzo. Egiten duten lana beharrezkoa den aztertzeko tresna bat dela azaldu zuen Maite del Campok, Gizakia Herritar fundazioko presidenteak: «Desagertzeko sortu ginen, baina, zoritxarrez, oraindik ez gara desagertuko». 2021. urtean 378 pertsona artatu dituztela jakinarazi zuen Myriam Gomez fundazioko koordinatzaileak: «Iaz baino gutxiago dira, baina denbora gehiago geratzen dira: pertsona horien egoera kronifikatzen ari da, eta atzerago geratzen ari dira».
Azken balantzean jasotako erabiltzaileen artean, 122 familiak dira, eta artatutakoen %54 baino gehiago, adin txikikoak; gehienak haurrak. Guztira, 98.000 kilo elikagai inguru jaso dituzte, baina Gomezek nabarmendu zuen dohaintzak eta kolaborazioak gutxitu egin direla, eta gastuak eta arreta, berriz, handitu: «Orekan gaude, baina ez dugu sarerik».
Guztira, zazpiehun bazkide eta laurehun boluntario dituzte, eta datorren krisiari aurre egiteko mila bazkide lortu nahi dituztela adierazi zuen Gomezek. Horrekin batera, kultura sustatzearen garrantzia ere argi dute. Joan den urtean Aporofobia stop antzezlana sortu zuten. Helburua zen baztertuta edo arriskuan daudenen kontrako gaitzespena salatzea, eta kulturaren kontsumitzaile eta sortzaile izatea. «Oinarrizko beharrak bermatzeko tresnak eman nahi dizkiegu», nabarmenduzuen atzo Gomezek.
Paris 365: «Dohaintzak gutxitu egin dira, eta gastuak, handitu»
Iaz 378 lagun artatu zituzten Paris 365 jangela solidarioan, Iruñean: urritu egin dira, baina egoera zailagoan daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu