Pareta irudikatu, hausteko

Baionako suprefeturako sarrera adreiluzko pareta batekin estali dute bakegileek, Frantziak gatazkaren konponbideari jarri dion «blokeoa» salatzeko. Euskal presoak askatzeko eskatu dute

Jean Rene Etxegarai lehendakaria, adreilu bat eskuetan duela. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Desobedientzia ekintza parte hartzailea egin zuten atzo dozenaka herritarrek Baionan, bakegileek deituta. Suprefeturako harresia egurrezko panelez estali zuten, eta adreiluzko pareta bat eraiki sarreraren aitzinean, Euskal Herriko gatazkaren konponbideari Frantziak ezarri dion «blokeoa» salatzeko. Eragileetako ordezkari eta hautetsi andanak parte hartu zuen ekintzan, tartean Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria. «Honetaraino iritsi naiz, momentu batean ez dakigulako gehiago zer egin entzunak izateko», adierazi zuen. «Momentu honetan [Frantziako,] Errepublikako presidenteak entzun nazan nahi dut. Nahi dut uler dezan badela auzapez bat, Baionakoa, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bake prozesua aitzinarazteko gizarte zibilak egin dituen ekintza guzien lekuko dena. Eta erran nahi diot nolako injustizia bizi dugun, 30 urteko kartzela zigorra bete ondoren hiru presori haien baldintzapeko askatasuna ukatzen zaielarik», salatu zuen Jon Kepa Parot, Frederic Haranburu Xistor eta Jakes Esnalen kasuei erreferentzia eginez. Haren hitzetan, «jite politikoko ekintzak» leporatuko ez balizkiete, «aspaldi» aske izanen ziren. Hitz gogorrak izan zituen lehendakariak: «Euskal presoentzat heriotza zigorra berrezarri du Frantziak. Eta hori erabat onartezina iruditzen zait».

 

30 urte aski da! lelopean, goizetik abiatu zituzten egitasmoak Ipar Euskal Herriko 22 herritan. Elkarretaratzeak egin zituzten, eta, ondoren, autokarabanan abiatu ziren Baionara buruz, suprefetura aitzinean elkartzeko. Momentu batean, alokairuzko bi furgoneta agertu ziren jende artera, eta haietatik atera zituzten pareta eraikitzeko erabili zituzten egurrezko panelak eta adreiluak. Bakegile talde bat prest zen hasieratik, baina bozgorailuetatik herritarrei laguntzeko dei egin zietenean, dozenaka animatu ziren. Egurrezko panelak kateekin lotu zituzten, suprefeturaren aitzinaldea estaltzeraino, eta sarrera osoa adreiluzko pareta batekin utzi zuten.

«Denbora pasatzen uztea, pedagogia, ez dira aski. Bere aniztasunean biltzen den jendartea ez da aski», adierazi zuen Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak. «Aldebakartasunak estatuen esku hartzea derrigortzen du. Arduragabea eta kriminala da inplikazioa errefusatzea. Bake prozesua aitzinatu behar da. Oztopoak gaindituko ditugu. Beste hauturik ez da». Ekintza sinbolikoaren hautua esplikatu zuen: «Pareta bat eraikiko dugu, pareta baten aitzinean garelako». Terrorismoaren kontrako Frantziako Fiskaltza «aitzinamendu eta esperantza guzien kontra» agertzen dela salatu zuen.« Kartzela zigorra heriotzaraino bete? Ez eta ez! Xistor, Jakes, Unai [Parot] eta Jon askatu behar dira! Bizikidetzara eramanen gaituen bidea askatu behar dugu». Bide hori justizia trantsizionaletik pasatzen dela azpimarratu zuen, «biktima guzien ezagutzarekin, eta presondegia ez den perspektiba batekin gaur giltzapeturik diren guzientzat». Fiskaltzak jarrera aldatu behar duela aldarrikatu zuen, eta «bake prozesura egokitzen den politika penala» ezarri behar dela, «hori baita Euskal Herriko jendarteak bere aniztasunean galdegiten duena».

Bihurgunea

Orain dela hiru urte abiatu zituzten Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren arteko elkarrizketak, euskal presoek bizi dituzten salbuespen neurriak deuseztatzeko helburuarekin. Ordutik, hainbat presori DPS estatusa kendu diete, eta gizonezko gehienak Mont-de-Marsango eta Lannemezango (Okzitania) presondegietara hurbildu dituzte; emazteentzat, ez dute konponbide «onargarririk» aurkitu.

Baina elkarrizketak «blokeo» puntu batera iritsi dira, bereziki terrorismoaren kontrako Frantziako Fiskaltzak hartutako jarreragatik. Euskal presoek aurkeztutako baldintzapeko askatasun eskaera guzien kontra egin du, lehen instantzian epaileak eskaera onartuta ere. «Behin eta berriz justiziaren independentzia jartzen digute mahai gainean, baina ministroak publikoki dio gauzak oso hierarkizatuak direla, eta beraiek erabakitzen dutela politika penala. Egin dezatela politika penala! Eta Frantziako presidenteak ardurak har ditzala», azaldu zion BERRIA-ri Funosasekherenegun, mobilizazio fase berri bat abiatzera zihoazela erranez. Botere politikoari buruz lan eginen dute orain.

Atzo, suprefeturaren aitzinean pareta eraiki ondotik, berori eraisteko beharra azpimarratu zuen. «Hau da denen artean erorarazi behar dugun pareta. Kosta ahala kosta eginen dugu, bake bidean arriskatuko gara. Hau hastapen bat baizik ez da, azkeneraino eramango dugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.