Paraxutistak, «udaberriko polena»

Erabakigunea Madrilen duten alderdiek inoiz baino gehiago baliatuko dute Espainiako politikarien karta. Sanchez, Feijoo, Zapatero... asko etorri dira jada, eta gehiago lurreratuko dira laster.

Andueza, Sanchez eta Rodriguez Zapatero, Bilbon, duela egun batzuk. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andueza, Sanchez eta Rodriguez Zapatero, Bilbon, duela egun batzuk. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

Ez zaio kanpainari itxaron behar izan ikusteko erabakigunea Madrilen duten alderdiek Espainiako beren liderrak baliatuko dituztela Eusko Legebiltzarrerako bozetarako. Hauteskundeei loturiko ekitaldietan, Euskal Herrian egon diren Espainiako politikarien zerrenda luzatzen doa asteotan. Besteak beste, Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroa, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohia, Yolanda Diaz Lan ministroa eta Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea etorri dira jada Araba, Bizkai edo Gipuzkoara.

Paraxutista esaten diete gonbidatu horiei, eta alderdi abertzaleek ez dute gustuko haiek jokatu ohi duten rola, apirilaren 21ean euskal agendari begira bozkatzea nahi baitute, eta ez Espainiako giro polarizatuaren eraginpean. Hala ere, ez dago argi kanpoko liderren mezuak norentzat izan daitezkeen lagungarri eta norentzat kaltegarri, ez baita gutxitan gertatzen politikari horien hitzak oso arrotz gertatzea boto emaileen belarrietan. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak Galizian esandakoa da horren adibide. Galiziarrek «eukalipto mendien artean paseatzeko duten zorte izugarria» aipatu zuen otsaileko hauteskunde kanpainan, non-eta suteen txikizioa pairatu duen herrialde batean; eta sare sozialak sutan jarri zituen.

Pancorbora iristerako

EAJko BBBko presidente Itxaso Atutxak uste du «alderdi espainiarrek» kanpoko liderrak ekarriko dituztela kanpainara ere, baina, haren ustez, «beste gauza batzuetan aritzen dira politikari horiek, haien interesa ez baitago hemen». Atutxak beste aldagai bat aipatu du gaiaz aritzean: «Ikusi beharko dugu nola banatzen duten indar hori, Kataluniako hauteskundeak ere hain hurre egonda».

«Beste gauza batzuetan aritzen dira politikari horiek, haien interesa ez baitago hemen; ikusi beharko dugu nola banatzen duten indar hori, Kataluniako hauteskundeak ere hain hurre egonda».

ITXASO ATUTXA EAJko BBBko presidentea

Jeltzaleek ez dute nahi kanpainarako euskal agenda azpiratu dezakeen kanpoko aldagairik, eta «paraxutistak» gogor kritikatu ohi dituzte, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak 2016ko hauteskunde kanpainan gordinki egin zuen moduan: «Udaberriko polena bezala ibiltzen dira Espainiako politikariak gure kanpainan: bisitan datoz, eta narritatu egiten gaituzte, negar eragiteraino ia; eta, joaten direnean, lasai uzten digute arnasa hartzen berriro. Direnak eta ez direnak eskainiko dizkiete euskal herritarrei, baina joaten direnean, Pancorbora iristerako Euskadi ez zaie axolako batere».

EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramaile Oihana Etxebarrietak beste hitz batzuekin baina antzera azaldu du PSE-EE, PP, Elkarrekin Podemos eta Sumarren praktika hori: «Alderdi horien beharrei baino ez diete erantzuten paraxutistek, eta helburu bat dute: markoa aldatzea eta elkarrizketa publikoa euskal gizartearekin zerikusirik ez duten gaietara eramatea». 

Egitarau zabala

PSE-EEko lehendakarigai Eneko Anduezak oso bestela ikusten du kanpoko politikari ezagunak bertako kanpainan parte hartzera ekartzeko aukera. Apirilaren 4an abiatuko den kanpainarako prest ditu gonbidapen batzuk. Espainiako presidente Pedro Sanchezek eta haren ministroek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako boto emaileak erakartzen dituzte, PSEren diagnostikoaren arabera, eta Sanchez bera birritan etorriko da Euskal Herrira hauteskunde kanpainan.

Ez hura bakarrik. Jose Luis Rodrigez Zapatero ere hizlari ariko da atzera kanpainan; agintera iritsi zela hogei urte bete zirenean, omenaldia egin zioten Bilbon, martxoaren 9an, eta ekitaldi horretan izan zen Sanchez bera ere. Andueza nortasun nazionalean ardazten ari da kanpainaurre honetako bere mezu nagusia, eta Espainiako ordezkari gorenen presentziak sendotu egingo du estrategia hori.

«Euskal herritarrei ez diete mesede egiten, hori argi dago; baina Galizian argi ikusi zen, eta hemen ere ikusiko da: Euskal Herriak ezberdin bozkatzen du».

OIHANA ETXEBARRIETA EH Bilduko kanpainako bozeramailea

Eta Koldo auzia eta Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentearen bikotekidearena, Alberto Gonzalez Amadorrena, ez dira oztopo izango PSEren kanpainan Espainiako Gobernuko kideak eta PPrenean alderdi horretako liderrak egon daitezen. EAJk eman ditu jada zertzelada batzuk «Espainiako ustelkeria» auzien inguruan, eta ikusteko dago azkenerako Madrilek bizi duen polarizazio horri lotutako politika moldeek noren alde jokatuko duten.

«Euskal herritarrei ez diete mesede egiten, hori argi dago», esan du Etxebarrietak, agenda politikoa Espainiako edukiekin lotzeari buruz. «Galizian argi ikusi zen, eta hemen ere ikusiko da: Euskal Herriak ezberdin bozkatzen du».

RiBera ministroa BARAKALDON: «Guk badakigu zer den askatasuna»

Espainiako Trantsizio ekologikorako ministro Teresa Ribera Wind Europe azokan egon da gaur, Barakaldoko BECen, eta erregaia bota dio haren alderdi PSOEk oposizioko PPrekin duen ezinegonaren suari,  adierazpen gogorrak eginda: «Guk ez dugu Ayuso auzirik; ez ditugu ezkutatzen B kontuak; badakigu askatasuna zer den, eta ez dugu nahasten garagardoak hartzera joatearekin». Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteari egotzi dio «lokazten ibiltzea eta gezurrak esatea, egoera kolapsora eramateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.