Medikuntza

Paraplegikoak lehen egunetik oinez jartzen dituen teknika bat aurkeztu dute

Epiduralaren Estimulazio Elektrikoaren teknika hobetu dute, eta emaitza ikusgarriak lortu dituzte hasieratik, hilabete askoko entrenamendurik gabe.

Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 7a
19:53
Entzun

Bizkarrezur muineko lesioa duten pertsonei itxaropenaren ateak zabaldu dizkien ikerketa baten emaitzak aurkeztu dituzte gaur Suitzan. Emaitza ikusgarriak lortu dituzte: orain arte, antzeko teknikak erabili dituzten paraplegikoek hilabete askotako trebakuntza pairatu behar izan dituzte, ibiltzen hasi aurretik. Teknika berriarekin, lehenengo egunean zutitzen eta ibiltzen has daitezke.

Lausanako (Suitza) Eskola Politekniko Federaleko eta hiriko erietxeko ikertzaileek garatu dute teknika. Azaldu dutenez, orain arte, halako ebakuntzetan elektrodoak ezarri direnean, erabili izan dira zutabe dortsalerako pentsatuta zeuden elektrodo plakak. Horiek, pultsu elektrikoak bidaltzen dituzte muinera, lesiotik beherago, handik aginduak heltzeko hankak mugitzeko erabiltzen diren giharretara. Orain, ordea, hanken eta enborraren mugimenduez arduratzen diren sustrai dortsal guztiak hartu dituzte elektrodoen jomuga gisa.

Ikertzaileek uste zuten horrela eginda eraginkortasun handiagoa izango zuela terapiak.

Hasteko, ordenagailuekin egin zuten lan. Elektrodoak hobekien antolatzeko patroia diseinatu zuten ordenagailuekin. Horrez gain, programa bat eratu zuten, neuronak mugimendu bakoitzerako nola aktibatzen diren azkarrago imitatzeko. Hau da, bizkorrago ikasiko zuen softwarea.

Hiru lagunekin probatu zuten gero sistema neuroteknologikoa. Hirurek zeukaten paralisi osoa: ezin zituzten hankak mugitu, eta sentitu ere ez zituzten sentitzen. Gregoire Courtineren neurozientzialariak eta Jocelyne Bloc neurozirujauak berehala ikusi zuten euren hipotesia zuzena zela: «Egun bakarrean, lan bakoitzeko estimulazio programek aukera eman zien hiruei oinez ibiltzeko, bizikletaz ibiltzeko, igerian egiteko eta enborraren mugimenduak kontrolatzeko».

Orain arte hainbat hilabete behar izaten zituzten Epiduralaren Estimulazio Elektrikorako inplanteak jasotzen zituztenek urratsa egiten ikasteko. Suitzako probako hiru pazienteek, berriz, lehenengo egunetik egin zezaketen hori ibiltzeko makina batean, gimnasioetan erabiltzen den modukoetan. Hiru egunetan, ibilkera behar bezain ongi optimizaturik zegoen hirurei aukera emateko nahi bezala ibiltzeko, lau hankako makulu batekin, adineko batzuek erabiltzen dituztenekoak. Jakina, hilabeteak edo urteak paraplegiko egoeran igaro ostean, gihar asko galtzen da, eta hori gero ibilian ibiliz berreskuratu behar da, hitzez hitz, kasu honetan.

Emaitza ikusgarria bada ere, ikertzaileek ohartarazi dute pazienteek ez dituztela «mugimendu naturalak berreskuratu». Edonola ere, neurorrehabilitazio programa baten bitartez, behar adina autonomia berreskuratu dute, egoera errealetan aritzeko, kalean, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.