Parapentelari bat hil da Irunberrin

Arangoiti mendian gertatu da istripua. Ustez, beste parapentelari baten kontra jo du hildakoak, airean, eta lurrera jausi da.

jakes goikoetxea
2024ko apirilaren 13a
18:50
Entzun

Parapentelari bat amilduta hil da Irunberriko (Nafarroa) Arangoiti mendian (1.356 metro), Foruzaingoak X sare sozialaren bidez jakinarazi duenez. 67 urte zituen hildakoak, eta gizonezkoa zen.

Larrialdi zerbitzuek 14:54an jaso dute abisua. Ikertzen ari dira foruzainak, baina lekuko batzuen esanei jarraituta, uste dute hildakoak beste parapentelari batekin tupust egin duela airean, eta lurrera jausi dela kolpe horren ondoren. Lekuko horiek berek esan dutenez, beste parapentelariak hegan jarraitu ahal izan du.

Zangozako suhiltzaileak, suhiltzaileen erreskate taldea, Zangozako talde medikoa, anbulantzia, helikoptero medikalizatu bat eta Zangozako foruzainak joan dira lekura. Ezbeharra izan duen gizona berpizten ahalegindu dira, baina ezin izan dute bizirik atxiki.

Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute gorpua, autopsia egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.