Ez zuen gutxiagorik espero. «Daukagun udalarekin horrelakoak baino ezin dira espero». Pedro Jose Francesek (Buñuel, 1957) 1936ko gerrako biktimak oroitzeko plaka sinboliko batzuk jarri zituen herrian. Eta Joaqun Portoles UPNko Buñuelgo alkateak Frances salatu du; 300 eurotik gorako isuna jarri diote. Oztopoak oztopo, lanean jarraituko du Francesek, «faxismoak hildako buñueldar guztien oroitarria jarri arte». 1936ko udan frankistek 52 pertsona hil zituzten Buñuelen, baina udalak ez ditu onartzen hilketak.
Nola hartu duzu zigortu izana?
Gogoa zuten nire aurka joateko, eta lortu dute nahi zutena. Epaiketa osoa itxurakeria hutsa izan zen, epaileak ez zidan defenditzen utzi ere. Paradoxikoa da, baina azkenean Buñuelgo 1936ko hilketengatik kondenatu bakarra ni neu naiz. Helegitea jarriko dugu, baina itxaropen gutxirekin, izan ere udalak dena trikimailuz josita du, haien alde egiteko beti.
Buñuelgo alkateak salatu zaitu; haren esanetan, udalak ordaindu behar izan duelako zuk jarritako paperezko plaken eta silueten garbiketa. Zer dago horren atzean?
Buñuelgo historiari buruzko hiru liburu kaleratu ditut, eta udalak ez ditu batere gustuko izan. 1936. urtean gertatutakoa azaleratu dut mila aldiz, eta ez dut atsedenik hartuko faxismoak eta nazional-katolizismoak hildako buñueldar guztien oroitarria jarri arte. Ongi antolatutako gauza izan zen, eta jendeak jakin behar du hemen zer gertatu zen, nola gau batean 89 haur gurasorik gabe geratu ziren. Gainera, 1936ko biktimak gogora ekartzeko duela bi urte omenaldia hasi ginen egiten. Ez zaie batere gustatu, eta aitzakia txikienarekin saiatu dira ni inputatzen, haientzat pentsaezina dena egin dut.
Erabat aurka dituzu Buñuelgo Udala eta UPNko alkatea, Joaquin Portoles.
Bai, erabat totalitarioak dira eta ez dute errespetatzen herritarren iritzia. Herritarrak kontrolpean izan nahi dituzte. Adibidez, nik, Buñuelgo herritarra naizen arren, ez dut inolako aukerarik udaleko artxiboa begiratzeko. Zergatik? Haiek jakinen dute, baina galarazten didate hango dokumentuak ikustea. Itxurakeria hutsa da guztia. Zigorra da gutxien inporta zaidana; harago joan behar dugu. Udalak 1936an gertatutakoa isilarazi nahi du, baina ez du lortuko. UPNk gehiengoa du Buñuelen, %70. Joan den abuztuaren 16an udalak antzerki bat ekarri zuen Buñuelera. Hasi bezain laster, antzerkikoek eskatu zuten ikusle guztiak altxatzeko eta Espainiako erreserkia abesteko. Horren ondotik, Cara al Sol eta Montañas Nevadas etorri ziren. Ez da normala, esperpento faxista izan zen antzerkia.
Babesa jaso duzu prozesu honek iraun duen bitartean?
Egia esan, gutxi. Buñuelen mundu guztiak beldurra dauka. Beldurra, nire alde egiten badute udalak ez dielako kasurik eginen. Lana ez aurkitzearen beldur eta udalak oztopoak jartzearen beldur. Askok esaten didate «Pedro, zurekin nago, baina ezin zaitut lagundu». Izugarria da. Nik ez dut beldurrik, baina badakit gai direla edozer egiteko. Herritik kanpo babes gehiago aurkitu dut, baina ez gehiegi. Memoria historikoan lanean gabiltzanok berdinak gara beti eta jendeak ez du busti nahi.
1936ko hilketen zauria oraindik ez da itxi Buñuelen. Nola bizi da egun?
Tentsiorik ez dago herrian; isiltasuna, ordea, bai. Jendeak ez du horretaz hitz egin nahi. Deserritutako askok ez dute Buñuelera itzuli nahi, hemen dagoen giroa dela eta. Hildakoen senitartekoen artean ere isiltasuna da nagusi. Orain dela gutxira arte, 36 esatea ekiditen zen Buñuelen alde guztietatik.
Zer egin isiltasunaren aurka?
Memoria historikoan kontzientzi hartzea falta da. Ez da existitzen, eta oso zaila da. Lanean aritzen garenok saiatzen gara jendea inplikatzen, baina ez dute interesik ezta jakin-minik ere. Medioek eragina dute horretan, eta gero eta gehiago nabaritzen da. Horretaz gain, askok ez dute hitz egin nahi. Mina dute barruan eta gaia ez da oso samurra.
Pedro Jose Frances. Idazlea
«Paradoxikoa da; 1936ko hilketengatik kondenatu bakarra ni neu naiz»
Buñuelen, Nafarroan, 1936ko fusilatuen ekitaldi bat egiteatik zigortu dute Pedro Jose Frances. Paperezko plaka sinbolikoak eta gorpuen siluetak jarri zituen, biktimak omendu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu