Paradigma berrien garaian

Iragan astean, Nazioarteko XI. Ontologia Kongresuaren amaieran aritu zen Alvaro Arrizabalaga arkeologoa; zinetan bizkor ari da aldatzen jakintzaren eremu hori ere, eta bide berriak abian dira.

Alvaro Arrizabalaga arkeologoa, hitzaldian argibideak ematen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Testuliburuak maiz aldatu behar izan ditugu unibertsitatean». Alvaro Arrizabalaga arkeologoak (1965, Oñati, Gipuzkoa) joan den astean Donostian argi utzi zuen arkeologian ere, jakintzaren beste alor askotan bezala, bizkor aldatzen direla egun paradigmak, ezagutza berriek argi uzten baitute ordura arte ontzat jotako hainbat jakintza auzitan jartzeko modukoak direla. «Irauli egiten da ezagutza», aitortu zuen. «Badakizkigu hainbat gauza, lehen sumatu ere ezin genituenak egin». Iraganari buruzko datu gero eta doiagoak dituzte, eta, bide batez, galdera berriak, ezagutzaren alorrean aurrera egiteko akuilu. Iragan astean, Nazioarteko XI. Ontologia Kongresuaren amaieran aritu zen Arrizabalaga, bilkuraren antolatzaileek Aranzadi zientzia elkarteari eskaini nahi izan zioten aparteko saio batean. Eta bada nor horretarako: Aranzadin 30 urtetik gora darama murgilduta, indusketa aski garrantzitsuetan ari da lanean —besteak beste Lezetxikikoa zuzentzen du (Arrasate, Gipuzkoa)—, eta EHUko irakaslea da.

Ontologiari buruzko biltzarraren harira, Donostia alor askotako adituen topagunea izan zen: paleontologoak, filosofoak, biologoak, fisikoak... Hartara, antolatzaileek —EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, beste hainbat erakunderekin batera— erpin askotatik erreparatu nahi izan zioten naturan giza abereak izandako eboluzioari. Ingurumari horretan, giza espezieen eboluzioaren inguruan urteotan galdera eta teoria ugari eragin dituen gai bat hartu zuen hizpide Arrizabalagak: Neandertalgo gizakiei buruz aritu zen. Gaia «bolada-boladan» dagoela aitortu zuen, eta aparteko interesa pizten duela.

Bada nor horri buruz mintzatzeko ere Arrizabalaga: izan ere, abuztuan Nature aldizkarian neandertalen desagertzeari buruz argitara eman zen artikulua egin zuen nazioarteko lantaldeko parte izan zen, Ikerbasqueko aditu Maria Jose Iriarterekin batera.Gaiaren gainean interes handia badago ere neandertalak benetan nolakoak izan ziren jakitea zinetan zaila dela aitortu zuen. «Ez da horren erraza esatea zer-nolako ilea zuten, zer-nolako begiak... Hezurrak besterik ez dira fosil bihurtzen», ohartarazi zuen. Errealitatean zer itxura zuten asmatu ezin, eta irudikatze guztiak «elementu subjektiboz» josita daudela esan zuen, eta, ildo horretan, egun egiten diren irudikatzeetan Homo sapiens espeziearekin —«gure espeziearekin»— parekatzera egiten dela gero eta gehiago. Lehen, ordea, oso bestelako giza espezie baten gisan aurkezten ziren: urrunagoko espezie gisa. «Hasieran, sasi-tximinoak balira bezala aurkezten zituzten; orain egiten diren irudikatzeetan, gure fisionomiaren oso antzeko».

Neandertalak, artista

Neandertalen «estrategiarako» gaitasunean ez du dudarik. «Estrategiarik gabe ez dago bizirik irauterik», onartu zuen, eta urte asko egin zituzten neandertalek bizirik —historiaurreko sasoi urrunetan, orain dela 230.000 urtetik 28.000 urtera—. Are gehiago, urteotan frogatu da neandertalek ehorzketak egiten zituztela, mintzo artikulatu bat zutela, koloregaiak egin eta erabiltzeko gaitasuna zutela eta soin apaindurak ere erabiltzen zituztela. «Orain, artearen tabua geratzen da». Artelanak ere egiten zituztela diote zenbait ikertzailek; alegia, Cro-Magnongo gizakien—egungo gizakien arbasoak izan ziren—ezaugarri hori ere bazutela. Arrizabalagak hori ez du ez baieztatzen, ez ukatzen. «Uste dut ez dagoela frogatuta; frogatzen bada, defendatuko dut».

«Elkarbizitza» da beste duda, neandertalek eta Cro-Magnongo gizakiek elkarren ondoan —eta harremanetan?— igaro zuten aldia. Gero eta gehiago dakite horri buruz ere; Nature aldizkarian argitaratu zuten artikuluan, hain justu, denbora tarte hori zehaztu zuten. Aurretik ere jakina da munduko hainbat bazterretanizan zela elkarbizitza hori. «Ez da izutzen gaituen teoria bat. Ekialde Hurbilean, esaterako, egon zen errealitate hori, eta hibridazioa ere bai; gure geneetan dago». Europan, berriz, lausoak dira oso elkarbizitza izan zela esateko oinarriak; berrogei aztarnategi aztertu, eta soilik bitan erakusten dute Nature-n argitaratutako datuek garaikide izan zirela espezie biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.