Laura Berro. Berdintasun zinegotzia

«Paradigma aldaketa erakutsi zuen ostiraleko elkarretaratzeak»

JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko uztailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Salaketa gehiago jaso izana seinale ona dela uste du Laura Berrok (Iruñea, 1986), Iruñeko Udaleko Berdintasun zinegotziak. Haren esanetan, erasoak baziren lehen ere, baina isilean geratzen ziren.

Hamabi salaketa jada.

Lehenik esan behar dugu Iruñeak ez duela eraso bat ere toleratzen, ez dela erantzunik gabe geratuko. Salaketak gehitzeak ez du esan nahi emakumeen kontrako indarkeria handitu dela. Kontzientziazio handiagoa dago. Emakumeek gehiago salatzen dute; garrantzitsua da hori, erasoa jasan duenari laguntzeko eta erasotzaileak atxilotzeko. Martxan jarritako kanpainaren helburua hori da, salaketak jartzea, erasoak ikusarazteko modua delako. Lehen ere berdin izaten ziren erasoak, baina ez ziren ikusten. Ematen zuen ez zela ezer gertatzen. Mugimendu feministak salatzen zituen, baina erakundeek beste aldera begiratzen zuten. Kontzientziazioa zen helburua, eta horrek ekarri du salaketak gehitzea. Hala izatea nahi genuen. Helburua betetzen ari da.

Protesta jendetsuak izan dira. Zerbait aldatzen ari den seinale?

Txupinazoaren pareko erantzuna izan zen ostegunekoa. Nabari da: jendeak gehiago laguntzen du. Nahiz eta ez salatu, nabaritzen da inguruan erasoak geldiarazi egiten dituztela eta erasotzaileei kargu hartzen dietela. Erreferentzia izan nahi dugu sexu erasoen aurkako borrokan. Batasun ildo bat jarri nahi izan dugu erakundeen, jendartearen eta gizarte mugimenduen artean, denok batera joateko. Hori da giltzarria. Funtzionatzen ari dela uste dugu. Egia da kontzientziazioa falta dela, urteetatik datorren gaia delako. Denbora beharko da. Baina benetan uste dut paradigma aldaketa erakutsi zuela ostiraleko elkarretaratzeak. Nabaritzen ari gara aldaketak: kalean eztabaida handia dago, norberaren jokabideak aztertzea, jendeak galdetu eta eztabaidatu egiten du gaiari buruz...

Sexu erasoei buruz informazioa emateko leku bat jarri duzue Gazteluko plazan. Nola ari dira?

Jende asko joaten ari da. Datu bat: esku gorriak amaitu egin zaizkigu, nahiz eta iaz baino bi aldiz gehiago eskatu genituen. Jende asko dago interesatua. Ilarak egoten dira. Beste urte batzuetan ere egin izan da kanpaina hori, baina aurten bultzada handiagoa eman zaio, eta lortu da beste jende batengana ere iristea. Positiboa da. Hedabideen ardura ere aipatzekoa da: garrantzitsua da gaia denen ahotan egotea, baina modu zuzenean. Datu ofizialak ematen badira, ezin dira filtrazioak argitaratu, gehienetan ez direlako zuzenak. Detaile batzuk ez dira inportanteak. Fokua hemen jartzea nahi dugu: eraso bat ere ez duela onartzen Iruñeak, erantzuna jasoko dutela, eta era aktiboan salatzea dela erasoak amaitzeko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.