Paperik gabekoen bidean herstura gehiago

«Zintzoekin zintzoak» eta «gaiztoekin gaiztoak» izateko helburua du Asilo eta Immigrazio Lege proiektuak, Frantziako Barne ministroaren hitzetan. Papergabeen kontrako lege «gogorrena» dela deitoratu dute elkarteek.

FRANCE MIGRATION PROTEST
Papergabeen kolektiboaren protesta bat, Parisen, lege proiektuaren kontra eta papergabeen erregularizazioa eskatzeko. TERESA SUAREZ / EFE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Bata bestearen gibeletik heldu dira immigrazioaren inguruko legeak Frantzian: 1980tik, bi urtetik behin. Horien guzien ondotik, bat gehiago izanen da bihartik aitzina Frantziako Asanblea Nazionalean aztertuko duten lege proposamena. Legea ibilbidea bukatzen ari da, eta azken irakurketa egitekoa dute Frantziako diputatuek egunotan. Eskuin muturra limurtzeko saiakera bat dela uste dute errefuxiatuen laguntzarako elkarteek. Asilo eskubide unbiertsala zangopilatzen duelakoan daude, eta Frantziako Gobernuak «arazo» gisa planteatzen duela migrazioa.

Joko politiko bat balitz bezala aztertu dute zientzia politikoetako adituek: eskuin muturra geroz eta onartuagoa bilakatzen ari den honetan, haren inguruko boz batzuk biltzeko saiakera bat dela uste dute. Aldi berean, lanaren bidez migratzaileak erregularizatzeko neurri bat dakar legeak, eta Frantziako Gobernuaren asmoa da ezkerreko sektoreak biltzea horrekin. Elkarteek argi dute, ordea, baldintzak izugarri zailak direla, eta paperik gabeko langile kopuru ttipi batek baizik ez duela lortuko bide hori egitea.

Lege proposamena aztertu dute Gisti errefuxiatuen laguntzarako elkarteko Patrick Henriotek eta Etorkinekin elkarteko Christine Maynardek. Gerald Darmanin Barne ministroaren proposamenetik abiatuta, Frantziako Senatuak egin dizkion aldaketak ere aipatu dituzte.

Asilo eskubidea zangopilatua

Darmaninek asiloa lortzeko bidea «erraztu» nahi zuela iragarri zuen legea aurkeztu zuenean, eskaerak aztertzeko epea luzeegia zelakoan. Epeak laburtzeko, OFPRA Iheslariak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoaren funtzionamendua aldatu nahi du, eta Barne Ministerioaren esku den Frantziako Immigrazioaren eta Integrazio Bulegoarekin lotu nahi du. Prefeten esku hartzea ere handitu nahi dute, OFPRAren bulegoak deszentralizatuz.

Henrioten arabera, Darmaninek «neurri tekniko soil gisa» aurkeztu ditu neurri horiek. «Baina neurri tekniko gisa aurkezten diren horien bidez, asilo eskubidearen muinean oso eragin handia duten neurri batzuk daude, eta eragin handia izanen dute asilo eskatzaileek beren eskaera izapidetzeko duten konfiantzan».

Bestalde, haren irudikoz, «arazotsua» da asilo eskatzaileentzako egiturak Barne Ministerioaren kargupean den erakunde batekin lotzea. Ildo beretik, uste du «oso arriskutsua» izan daitekeela prefetei asiloa eskatzeko bide horretan esku hartzeko bidea irekitzea. «Eskubideen gibel egite» bat dela erran du.

%0,07

Asiloa dutenak. CIMADE elkartearen arabera, Frantzian bizi diren herritarren %0,07k baizik ez dute asiloa. Etorkinekin elkartearen arabera, asiloa lortzeko bidea zailtzeak ez luke bermatuko asilo eskubidea.

Etorkinekin elkarteko Christine Maynardek ere ez du begi onez ikusten lege proposamenak asiloaz dakarrena. «Egun, CIMADEren arabera [errefuxiatuen laguntzarako elkartea], Frantziako herritarren %0,07k baizik ez dute asiloa; ez da nehondik ere gehiegizkoa, ez da eskuzabaltasunez banatzen. Asilo eskatzaileei bidea are zailagoa egiten bazaie, ez dut uste asilo eskubidea bermatua dela erraten ahal denik».

Bestalde, prozedurak «sinplifikatzeko», Asilo Eskubidearen Frantziako Auzitegiko epaimahaiak murriztu nahi dituzte: egun, hiru epailek, Nazio Batuen Erakundeko behatzaile batek eta geopolitika aditu batek aztertzen dituzte asilo eskaerak. Bada, lege proiektuarekin, epaile bakarrak aztertuko lituzke. Henriot: «Benetan arazo handia da, zeren eta, jakina, epaile bakarrak aztertzeak ez du bermatzen asilo eskaerek eskatzen duten azterketa inpartzial eta zorrotza». Maynard bat dator: horrek erabat apalduko luke asilo eskatzaileei zor zaien justiziaren kalitatea, haren ustez.

Egonaldi baimenak zalantzan

Darmaninek ondutako bertsioan, badira neurri berriak egonaldi baimen mota desberdinentzat. Hasteko, baldintza gehiago ezarri nahi ditu urte anitzeko egonaldi baimenak lortzeko, besteak beste frantses maila hobea izatea —A2 maila, gutxienez—; egoiliar baimena izateko, berriz, B1 maila eskatuko dute. Baimen hori berritu nahi dutenei ere eraginen lieke neurriak, hots, Frantziako Estatuan urteak daramatzatenei ere. Etorkinekin elkartekoen ustez, Frantziak «dauzkan baino are papergabe gehiago izanen ditu» horren ondorioz.

«Lege proiektuak oso bortizki erasotzen die egonaldi baimenerako eskubidearen arlo guztiei, are gehiago Senatuko zuzenketekin», salatu du Henriotek. Izan ere, senatariek bestelako egonaldi baimenak murrizteko edo, kasu batzuetan, osoki kentzeko testua adostu zuten. Erraterako, ikasleentzako baimen egonaldia lortzeko sistema aldatu nahi zuten: baimena lortzeko, diru berme bat pagarazi nahi zieten atzerriko ikasleei, eta, baimena atxikitzeko, ikasketak «serioski» egiten dituztela frogatu behar izatea, bermea itzultzea nahi izanez gero.

Eri diren atzerritarrentzako egonaldi baimena ere zorroztu nahi zuten senatariek; proposatu zuten baimen hori ematea baldin eta jatorrian gaitza artatzeko tratamendurik ez bazen.

«Darmaninek argiki erran du haren arabera familia immigrazioak gehiegi direla, eta immigrazio profesionalak, aski ez. Ongi irudikatzen du zer nahi duen: lanera etortzen diren bizpahiru migratzaile hartzeko ados da, baina beste guziak kanpoan ezarri nahi ditu».

 PATRICK HENRIOTGistiko kidea

Familia hurbilketaren izenean ematen diren baimenak lortzeko baldintzak ere zorroztu nahi zituzten—jakinez, egun, urtean 15.000 baimen baizik ez direla banatzen arrazoi horrekin—. Maynardek uste du «familian bizi ahal izateko oinarrizko giza eskubidearen kontra» doala neurria.

Nolanahi ere, Asanblea Nazionaleko lege batzordean ez dituzte atxiki Senatuaren eskari guziak, baina gobernuaren abiapuntuko testuan, hala ere, egonaldi baimenak lortzeko baldintzak zorroztu dituzte. Henriot: «Darmaninek argiki erran du haren arabera familia immigrazioak gehiegi direla, eta immigrazio profesionalak, aski ez. Ongi irudikatzen du zer nahi duen: lanera etortzen diren bizpahiru migratzaile hartzeko ados da, baina beste guziak kanpoan ezarri nahi ditu».

Tentsiopeko lanbideen sarbidea

lDarmaninek ezkerra limurtzeko neurri gisa aurkeztu zuen urtebeteko baimena ematea langileak atzemateko zailtasunak dituzten lanbideetan aritzeko datozen migratzaileei. Gehien aipatu diren neurrietako bat da, joko politikoaren adierazle baita. Eskuinak eta eskuin muturrak hitzemana dute ez dutela alde bozkatuko legeak neurri hori jasotzen badu. Ezkerrak, berriz, lege proiektuan «onargarria» den neurri bakartzat dauka, eta errana dute ez dutela babestuko neurri hori ez bada. Senatariek erabat kendu zuten adostutako bertsiotik. Henriot: «Darmaninek aurkeztu zuen bezala, jadanik oso eskasa zen neurri hori. Senatuak kendu duenez, Asanbleako lege batzordeak oinarrizko bertsioan baino neurri zorrotzagoak ezarri ditu; beraz, zinez ez dugu pozterik neurri horrekin». 

Kanporatzeak, sistematikoak

Frantziatik Derrigorrez Kanporatzeko Aginduak «hobeki» betearazi nahi dituela adierazia du Frantziako Barne ministroak. Horiek betearazteko epea luzatu nahi du, urte batetik hiru urtera. Bestalde, kanporatze aginduekin batean, Frantziara itzultzeko debekuak ezarri nahi ditu, sistematikoki, eta itzultzeko debekuaren epea hiru urtetik bost urtera pasatu. Darmaninek argi utzi zuen neurri horren gibeleko logika: «Kanporatze aginduak dituztenen bizia ezinezkoa eginen dugu». Dena den, Maynarden arabera, horrek ez luke, Darmaninek dioen bezala, «hobeki» kanporatzeko bidea zabalduko; haatik, papergabeen askatasunaren eta eskubideen kontrako neurria dela uste du.

Aldi berean, kanporatze aginduak betearazteko denbora gehiago izate aldera, atxikitze zentroetan egoteko gehienezko epea luzatu nahi dute. Atxikitze zentroetan egoera administratibo irregularra dutenak gakotzen dituzte, edozein dela haien adina: haurrak ere bai. CIMADE elkarteak giza eskubideak sistematikoki urratzen diren lekutzat dauzka. 

Senatuaren saiakerak

Frantziako Senatuan oposizioko eskuinak du gehiengoa, eta Frantziako Gobernuak ondutako lege proposamenari bestelako neurri batzuk gehitzea adostu zuten azaroan. Polemika handia eragin du medikuntzarako estatu laguntza kentzeko egin duten ahaleginak. Izan ere, orain arte, papergabeek eskuratzen ahal duten laguntza da, Gizarte Segurantza ordezkatzeko. Arten eta ospitaleratzeen kostua bere gain hartzen du estatuak; laguntza hori jasotzeko, Frantzian bizi direla frogatu behar dute, eta ez dute hein bat baino gehiagoko diru sarrerarik izan behar. Bada, Senatuak egitasmo hori guztiz kendu nahi zuen.

Henriotek adierazi du «konplexuak galdu dituen eta eskuin muturraren gibeletik ari den eskuinaren adibide garbia» dela halako egitasmo bat kendu izana. «Papergabeen kontrako gerra deklarazio bat da». Frantziako Asanblea Nazionaleko lege batzordeak legegaitik kendu du senatarien neurria, baina, halere, proposatu dute kontrol gehiago egitea segurtatzeko laguntza jasotzen dutenek ez dutela iruzurrik egiten.

«Lege horrek argi eta garbi erakusten du gizartean sartua dela uste hau: migratzailea delitugilea edota terrorista da».

 PATRICK HENRIOTGistiko kidea

Horiek horrela, ikustekoa da datozen asteetan Frantziako Asanbleak zer testu trenkatuko duen. «Lege horrek argi eta garbi erakusten du gizartean sartua dela uste hau: migratzailea delitugilea edota terrorista da», ondorioztatu du Henriotek. 

Legea salatzeko protestak izanen dira ondoko egunetan. Etorkinekin elkarteak mobilizazioa antolatu du, beste hainbat eragilerekin batean, hilaren 16rako: Izpegiko lepoan (Baigorri, Nafarroa Beherea), 11:00etan, Euskal Herria, harrera herria lelopean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.