Espainiako Gobernuak bertan behera utziko du paperik gabeko migratzaileak ohiko osasun zerbitzutik kanpo uzteko dekretua. Halaxe iragarri zuen atzo Isabel Zelaa gobernuko bozeramaileak. Adierazi zuenez, lehenbailehen hasiko dituzte elkarrizketak autonomia erkidegoekin, eta udaren ondoren dekretu berria indarrean egotea espero dute.
Zelaaren arabera, neurri berri hori ezinbestekoa da «pertsona guztiei osasun eskubidea itzultzeko». Gainera, azpimarratu du eskubide horiek bermatzea «gai bereziki garrantzitsua» dela, eta «duintasun» kontua ere badela. Areago, nabarmendu du nazioarteko hainbat erakundek eskatu diotela Espainiari paperik gabeko migratzaileei osasun zerbitzuak erabiltzeko eskubidea itzultzeko.
PPren gobernuak 2012an hartu zuen erabaki hori, oposizioa aurka zuela, murrizketen testuinguruan. PSOEk hasieratik agindu zuen gobernura iristen zenean atzera botako zuela 16/2012 dekretua, eta jakinarazi du horretarako prozesua hasi duela.
Dekretuak ohiko zerbitzutik kanporatu zituen egoera irregularrean dauden migratzaileak, eta soilik larrialdietan zeukaten bermatua osasun zerbitzua. Adingabeak eta haurdun dauden emakumeak ziren salbuespena.
Neurri horren bidez, PPren asmoa zen Espainiako osasun sisteman 7.000 milioi euro baino gehiago aurreztea, osasun sistema publikoa «bermatzeko».
Migratzaileei osasun arreta ukatzen dien neurria ez da dekretu haren bidez ezarri zuten bakarra. Izan ere, egun oraindik indarrean dagoen arauan botiken berrordainketa ere agertzen zen. Neurri horren bidez, herritarrek haien errentaren arabera ordaindu behar dituzte sendagaiak. 2012ko dekretuak multzo horretan sartu zituen, lehen aldiz, pentsiodunak. Berrordainketa ere desagertu egingo da dekretua indarrik gabe geratzean.
Errege dekretua onartu eta hiru urtera, Alfonso Alonso Osasun ministro ohiak iragarri zuen paperik gabeko migratzaileek ohiko osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea berreskuratuko zutela. Baina ez zen hala izan.
Medikuak, pozik
Hainbat lurraldek neurriak hartu zituzten pertsona orori osasun zerbitzura jotzeko aukera bermatzeko; esaterako, Nafarroak. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zien neurri horiei Auzitegi Konstituzionalean. Epaileek arrazoia eman zioten Osasun Ministerioari: ebatzi zuen migratzaileei osasun zerbitzuak emateko ezarri ziren neurriak Espainiako Konstituzioaren aurkakoak zirela.
Medikuen hainbat elkargo pozik daude Pedro Sanchezen gobernuak iragarritako neurriarekin. 2012. urtean errege dekretua onartu zutenetik, asko izan dira PP gogor kritikatu duten sendagile, gobernuz kanpoko erakunde eta alderdi politikoak.
Migrazio politika EBn
Paperik gabeko migratzaileek osasun zerbitzua izango dute berriro
Espainiako Gobernuak jakinarazi du bertan behera utziko duela PPk 2012an egindako erreforma. Egun, larrialdi zerbitzuetara jotzeko eskubidea soilik dute bermatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu