Pantxoa Bimboire: EH Baiko «macronista» EAJko buru Iparraldean

Pantxoa Bimboire enpresaburua da Ipar Buru Batzarreko presidente berria. Bihar izendatuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako lehendakariak.

Pantxoa Bimboire, artxiboko argazki batean. SYLVAIN SENCRISTO
Pantxoa Bimboire, artxiboko argazki batean. SYLVAIN SENCRISTO
Ekhi Erremundegi Beloki - Xabier Martin - Joxerra Senar - Kerman Garralda
2024ko azaroaren 22a
21:15
Entzun

Pantxoa Bimboire izanen da Ipar Buru Batzarreko presidente berria. 74 urte ditu, eta Ipar Euskal Herriko ekonomia munduko pertsona ezaguna da. Enpresaburua da txokolategintzan, eta Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberan kargua du Andre Garreta lehendakariaren aholkulari gisara; Lantegiak nagusi elkarteko bulegoko kide da. Politika arloan ere inplikatu izan da: Abertzaleen Batasunako kide izan zen, eta EH Baiko kide ere bai 2022 arte. Peio Etxeleku IBBko buru izendatu ondotik hartu zuen jeltzaleen karta. 

Ipar Euskal Herriaren egituratze ekonomiko eta instituzionalaren alde aritu izan da. 2012an, estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzearen alde agertu zen MIG, eta BERRIAk elkarrizketa egin zion Bimboireri. «Eskaera hori ez da gehiago abertzaleen arazo soil bat, Euskal Herriko jendeen arazo bat da, eta geroz eta jende gehiago dira inplikatzen. Agertzen da Euskal Herriak bere etorkizuna definitu nahi duela, eta eskaera hori erabat legitimoa da», adierazi zuen orduan.

Enbata aldizkari politikoan ere aritu izan da iritzi emaile urteetan. Haren testuetan irakur daiteke haren ikuspegi politikoa hainbat gairen inguruan. 2018an, «macronista» gisa definitu zuen bere burua, eta ontzat eman zituen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak agintaldi hasieran egin zituen hainbat erreforma. Gerora, desadostasuna erakutsi izan du hainbat arlotan hartutako erabakiekin, eta kezka agertu izan du Frantziako Estatuko zerbitzu publikoen egoerari buruz; baina «administrazio pisutsuegiari» egotzi izan dio erantzukizuna. 

2022ko Frantziako Asanblearako hauteskundeetan EH Baiko hautagaientzat eman zuen botoa —EAJk ere bazituen hautagaiak—, baina kritiko agertu zen programa politikoarekin; bereziki «[Frantziako] gobernuaren neurri kapitalista eta neoliberalei zinezko alternatiba» proposatzen zien atalarekin. Orduan adierazi zuen Europako gainerako herrialdeei konparatuta Frantzian aberastasunen birbanaketa «handia» zela, eta baieztatu Frantzia politikoki «zentro-eskuinaren eta zentro-ezkerraren artean» kokatzen zela.

Hala ere, onartu zuen 2017 eta 2022 bitarteko Macronen agintaldian «aberatsak aberatsago» bilakatu zirela, eta «langile batzuk pobretzen» ari zirela; hori zuzendu behar zela erran zuen, norbanakoen eta enpresen gaineko zergetan mailakatze gehiago behar zirela iradokita.

Bimboireren hitzetan, EH Baikoak bere garaian ez ziren lanean aritu «enplegu eta aberastasuna sortzeko ildoan». Herrikoaren sorrera gogoan, galdera ere egin zuen: «Abertzaleak ez badira zori ekonomikoaz jabetzen, nola nahi lukete autonomia handiagoa?». EH Baiko hauteskundeetako hautagaietan enpresabururik ez izatea ere «kaltegarritzat» jo zuen. 

EH Bai «ezker muturra»

Orain IBBko buru izanen denaren iritziz, «ezker muturreko posizioak» defendatu zituen EH Baik asanblearako 2022ko boz horietan, eta dudan eman zuen horrek Ipar Euskal Herriko gehiengo batengana heltzeko balio lezakeenik. Adibide gisa eman zituen gutxieneko lansaria 1.700 eurora emendatzeko proposamena —hilabete batzuk lehenago %5 eta %10eko emendatzea iradoki zuen beste artikulu batean, konpentsatzeko enpresen «kargu sozialak» apaldu behar zirela erranez—. Eta lan astea 32 ordura apaltzeko eskaera ere gaitzetsi zuen, eta adierazi bi neurri horiek ondorio ekonomiko okerrak izanen lituzketela.

Programak lantzeko orduan «Ipar Euskal Herriaren eraikuntza ekonomiko eta sozialean engaiatutako enpresaburu batzuekin solastatu» beharko litzatekeela iradoki zuen, estrategia «bateratzaileago» bat izan behar dela erranez.

Iazko maiatzean idatzi zuen azken aldiz Enbata-n, Azkainen (Lapurdi) iragan zen Aberri Egunaren harira. Ez zitzaion aski «bateratua» iruditu. Azpimarratu zuen aspalditik defendatzen zuela ezker abertzalearen eta EAJren arteko «paktu bat». Orain, hura izanen da EAJko Ipar Euskal Herriko arduradun nagusia. 

Beste lurraldeak

EAJren lurralde zuzendaritza guztiak berriturik izango dira bihar. Atzo, Maria Eugenia Arrizabalagak hartu zuen, Gipuzkoan, Joseba Egibar lider historikoaren lekukoa. Ipar Buru Batzarrean ere gauzatu da Peio Etxelekuren erreleboa, eta afiliatuek Pantxoa Bimboire izendatu dute IBBko lehendakari. Beste hiru lurraldeetan, bihar egingo dituzte Herrialde Batzarrak, ABB, BBB eta NBBko presidenteekin batera, haiekin ariko diren burukideak izendatzeko, Araban, Bizkaian eta Nafarroan.

Dagoeneko, jakinekoa da nortzuk hartuko dituzten ABB, BBB eta NBBren lemak: Jone Berriozabalek, Iñigo Ansolak eta Unai Hualdek. Azken horrek Nafarroako EAJ gidatzen jarraituko du, barne prozesuan beste hautagairik egon ez denez; Hualde 2015etik da NBBko buru.

Berriozabal eta Ansola, ordea, estreinakoz ariko dira presidente gisa, hurrenez hurren Itxaso Atutxari eta Jose Antonio Susori erreleboa hartuta. Biak izan dira zuzendaritza jeltzaleen hautagai ofizialak, eta biak gailendu zaizkie beste hautagai batzuei. Araban, Gorka Urtaran, Gasteizko alkate ohia, lehiakide gogorra izan da Berriozabal Berdintasuneko foru diputatuarentzat. Ansola nagusitasunez gailendu zaio David Salinas-Armendarizi.

Iñigo ansolA

(ID_14456039) (/EZEZAGUNA) inigo-ansola-kareaga-bbbren-presidentea-1

EAJren barne arduretan ibilbide luzea du Iñigo Ansolak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1974), baita erakundeetan ere, Bizkaian eta Eusko Jaurlaritzari lotutako administrazioan. Itxaso Atutxak agur esan ondoren, haren erreleboa izateko hautagai egokitzat jo zuen zuzendaritzak, eta, David Salinas-Armendarizek kritikoen babesa izan duen arren, batzoki gutxitan gailendu da. Hau da, Ansolak nagusitasunez irabazi du BBBko presidente izateko lasterketa. 

EEEko Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria izandakoa da Ansola, eta Mondragon taldeko zuzendaritza lanetan aritua. 

Ingeniaritza tekniko industrialeko ikasketak egin zituen, baina ez zituen bukatu, eta uraren kudeaketarekin lotutako eginbeharretan egin du ibilbide profesionala, batik bat administrazioan. Bizkaiko Foru Aldundiko Uraren zuzendari izan da egungo EAJko Bizkaiko Lurralde Batzordeko presidentea, baita Ingurumen Azpiegituren foru zuzendaria ere; eta Jaurlaritzaren mendeko Ura agentziako burua ere bai. 

Ansolak bere neurriko zuzendaritza taldea izango du Bizkai Buru Batzarrean, prentsak jakinarazitako zenbait informazioren arabera. Kritikoen ordezkaritza apenas izango den BBBn, besteak beste Atutxarekin aritutako batzuek jarraitu egingo baitute taldean.

Jone berriozabal

Jone Berriozabal
Jone Berriozabal

 

 

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua da Jone Berriozabal (Durango, Bizkaia, 1982), Arabako elkargokide, euskalduna, eta Roman Berriozabal jeltzale historikoaren alaba. Hautagai ofizialista izan da barne prozesuan. 

Berriozabal lau legegintzalditan izan da Eusko Legebiltzarreko kide. Besteak beste, Hezkuntza arloko bozeramaile gisa aritu da, eta 1979ko Estatutuaren erreformarako sortutako lantaldearen lehendakari gisa. Urkulluren hirugarren legegintzaldian sailburuorde bihurtu zen, baina agintaldia amaitu aurretik Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak hots egin zion bere foru gobernurako. Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako atala zuzendu du. 

Berriozabalek dekalogo batekin aurkeztu du bere burua barne prozesu honetan. Arabarrek eskubide berberak izatea proposatu du, gasteiztarrak izan edo ez, eta euskara sustatzeko konpromisoa erakutsi du. Maila organikoan, «belaunaldi-erreleboa» aldarrikatu du, baina «beteranoen esperientzia» zainduz eta alderdiaren «presentzia propioa» indartuz, erakundeen ekintzatik harago.

Unai Hualde

Unai Hualde
Unai Hualde

 

 

Unai Hualdek (Altsasu, Nafarroa, 1976) Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta aholkularitza juridikoan aritua da. Oso gaztetan, 1999an, Lizarra-Garaziko akordioen garaian izena eman zuen alderdian, eta udal arloan egin zituen bere lehen urteak. 2003ko legealdian egin zen hautetsi, jeltzaleekin, eta ondorengo bi agintaldietan Nafarroa Bai koalizioarekin. Hain justu, 2007tik 2011ra alkate izan zen. 

Geroa Bairen parlamentuko zerrendetan sartu zen 2015ean, eta parlamentari hautatu zuten. Une hartan Manu Aierdik EAJren lurraldeko lema utzi behar izan zuen Nafarroako Gobernuko presidenteorde izendatua izan ostean. Hualdek hartu zuen jarduneko funtzio hori, behin-behinean. Ofizialki 2017an hautatu zuten Napar Buru Batzarreko lehendakari izateko, eta zortzi urteotan bere esku egon da EAJren lurraldeko kargu nagusia. 2019ko ekainean, gobernua osatzeko sozialistekin hasitako negoziazioetan, estu hartu zuten Geroa Bai, baina, azkenik, Hualde hautatu zuten parlamentuko lehendakari izateko. Legealdi honetan ere, kargu horretarako aukeratu dute berriz. 

Lasaia da, eta ez zaizkio falta zorroztasuna eta ironia parlamentuko dialektikan. Mendian ibiltzea eta motorra gidatzea ditu zaletasun.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.