Pantailetatik burua altxatzeko beharra

Besteak beste, nerabeei Internet duten gailuak beranduago ematea eta eskolak sakelakorik gabeko «arnasgune» bihurtzea nahi dute Altxa Burua sareko kide Rosek, Lazkanok eta Cerezok

Altxa Burua sareko Mikel Cerezo, Miren Ros eta Telmo Lazkano. JON URBE / FOKU
Altxa Burua sareko Mikel Cerezo, Miren Ros eta Telmo Lazkano. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2024ko ekainaren 27a
05:00
Entzun

Teknologia egoki erabiltzea bultzatu nahi duten guraso talde batzuek osatzen dute Altxa Burua sarea, «nagusiki amek», eta argi dituzte helburuak: nerabeei beranduago ematea Internet duten gailuak, sakelako telefonoak kasurako; eskolak sakelakorik gabeko «arnasgune» bihurtzea; helduak eredu izatea teknologiaren erabilera egokian; eta heziketa bat eman eta kontzientzia zabaltzea. 

Altxa Burua sareko kide dira, hain zuzen, Telmo Lazkano, Miren Ros eta Mikel Cerezo. Eskuko telefonoaren erabilerarekin arduratuta hasi ziren elkartzen, eta sarea zabaltzen ari dela adierazi dute; kezka orokortua den seinale. Horren adierazle, duela gutxi Usurbilen (Gipuzkoa) egindako topaketak. Lazkanoren arabera, inoiz baino jende gehiago bildu zen: «Elkar indartzeko oso aberatsa izan zen».

Besteak beste, sakelako telefonoa izateko gutxieneko adina 16 urtekoa izatea nahi dute, «OMEk [Osasunaren Mundu Erakundea] eta aditu taldeek eskatzen duten moduan». Hala ere, argi dute horrek berez ez duela ekarriko teknologiekin harreman osasuntsu bat izatea. Horregatik, ezinbestekotzat jo dute heziketa; baita kontzientziazio kanpaina indartsu bat egitea ere. 

Cerezoren arabera, bizitzarako gaitasunak eta estrategiak irakatsi behar zaizkie nerabeei, mundu digitalera jauzi egindakoan horiek hor ere martxan jartzeko. Bide beretik jo du Lazkanok: «Lehendabizi, pantailaren atzean zer dagoen jakiteko gaitu behar ditugu, gero pantailaren bolantean jartzeko. Heziketa hori jaso behar dugu, baina ez du zertan pantailaren bitartez izan behar. Hasieran, ez luke izan beharko». 

«Lehendabizi, pantailaren atzean zer dagoen jakiteko gaitu behar ditugu, gero pantailaren bolantean jartzeko».

Telmo LazkanoAltxa Burua sareko kidea

Bidea «gradualki» egin behar dela uste dute: «Bidelagun izan behar dugu, eredu, heziketa hori eman. 14-16 urterekin, badute gaitasun kognitibo nahikoa jakiteko edo ikasteko zer dagoen pantaila horren atzean. Zergatik diren doan aplikazio hauek guztiak; edo nola litekeen zerbait doan eskainita enpresak horren aberats bihurtu izana. Hori guztia jakin behar dute». Rosen hitzetan, heziketa prozesu horretarako funtsezkoa da «presente egotea», eta hor dago, hain zuzen, koxka: «Ez gaude presente».

Asmoa ez da «alarmismoa edo beldurra sartzea», Cerezok dioenez, baizik eta jakitea gailuak zer garrantzia eta nortasun daukan: «Arazorik handiena inongo arriskurik ikusten ez duten horiena da. Pantailak egunerokoan sartu dira, modu ez oso osasuntsu batean». Gainera, zaurgarrienak baliabide eta ezagutza gutxien duten familiak direla iritzi diote.

Kalte ugari

Sarekoen arabera, nerabeen herenak egunean bost-sei ordu baino gehiago ematen dituzte pantailen aurrean, eta horrek beste jarduera osasuntsu batzuk alboratzea dakar. Rosen esanetan, garrantzitsua da familiak kontzientziatzea: «Jolasean ari dira, baina prezio bat ordaintzen ari dira bitarte horretan. Ez da jostailu bat; ez da puzzle bat egitea». Cerezok gehitu du bideo jolasek «tranpa» dutela, eta aintzat hartu behar dela hori: «Negozio izugarri handia da».

Hori horrela, teknologien erabilera arduragabeak izan ditzakeen ondorioen inguruan hausnartu dute: buruko osasun arazoen gorakada, kasu egiteko gabezia, sormenaren apaltzea, ziberjazarpena eta beste. Autoestimuan, gaitasun emozionalen kudeaketan eta trebetasun sozialen garapenean ere eragina duela nabarmendu dute. Rosen ustez, teknologia distrakziorako erabiltzen da, «anestesia» gisa, eta sumatu du gazteek ez dutela barnera begiratzen ikasten: «Ez dakite nola sentitzen diren, zeintzuk diren; ez dute beren burua ezagutzen, kudeatzen, ikasten. Niretzat hori bonba bat da».

Kanpora begira egote horrek, hain zuzen, eragina du autoestimuan. Izan ere, neurri handi batean, ongizatea «onarpen sozialarekin» lotu da. Hala dio Lazkanok: «Onarpen soziala gaur egun like, jarraitzaile kopuru eta sare sozialetara lotuta dagoen neurrian, gure bizitzak besteei erakusteko bizitzen hasi gara. Hortik datoz filtro estetikoen hazkundeak ekarri dituen dismorfia kasuak, adibidez». Gainera, nabarmendu du legediak erabiltzaileengan jartzen duela ardura.

Digitalizazioa, kezka

Altxa Burua sarearen beste aldarrikapenetako bat da sakelakoak ikasgeletatik kanpo uztea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote marko orokor eta finkatu bat ezartzeko, eta ez uzteko araudiaren ezarpena ikastetxeen esku. Unescok ere eskolak sakelakorik gabeko arnasgune izatea babesten duela gogoratu dute.

Azaldu dutenez, irakasle eta zuzendaritza talde askok eskatu diete laguntza, baina oraingoz «pareta» aurkitu dute aldarrikapenen aurrean. «Ez gara ari bizikletan nola ibiltzen den irakasten, ari garena da pertsona bati laguntzen gaitasunak izan ditzan zerbait oso adiktiboarekin harreman osasuntsu bat izateko. Gaitasun horiek ez dituen neurrian, ondorioak ez ditu kontrolatuko, eta kontrolatua izango da», ohartarazi dute.

Lazkanoren arabera, sakelakoak ikasgeletatik kanpo uzteak onura asko dakartza. Batzuk zerrendatu ditu: «Dependentzia eta ziberjazarpena murrizten dira, atentzioa hobetzen da, irakaslearen eta ikaslearen jarduna errazten da, ariketa fisiko gehiago egiten da... Kontua da kanpo uzteak ondorio oso positiboak ekartzen dituela, baina eskuko telefonoak ikasgeletan izateak hobetzen du hezkuntza sistema? Ez dago ebidentzia sendorik».

«Ez dakite nola sentitzen diren, zeintzuk diren; ez dute beren burua ezagutzen, kudeatzen, ikasten. Niretzako hori bonba bat da».

 Miren RosAltxa Burua sareko kidea

Eta badago beste ertz bat ere: hezkuntzaren digitalizazioa. Kezkatuta agertu dira. Uste dute beharrezkoa dela digitalizazioak ikasketa prozesuari ekar diezaiokeen balio erantsiaz hausnartzea, eta horren arabera hartzea erabakiak. «Medikuntzan horrela jokatzen dugu. Medikamentu bat merkatuan sartu aurretik, ez da soilik albo ondorioak ekartzen dituela adierazten, baizik eta arazoa konponduko duela edo balio erantsi bat ekarriko duela ondorioztatzen da. Eta hori ez da egiten hezkuntza sisteman», zehaztu du Lazkanok. 

Bestalde, bi kontu bereizi ditu: hezkuntzaren digitalizazioa eta konpetentzia digitala. «Ez da berdina konpetentzia digitalaren ikasketa eta baliabide digitalen bitartez ikastea. Nire ikuspuntutik, konpetentzia digitalak bai, baina kontua da nola».

Hala, ondorioztatu dute gailu teknologikoak tresna baliagarri eta erabilgarriak izan daitezkeela, baina modu eta momentu egokian erabiltzen badira. «Gidabaimena, alkohola eta bestelakoetarako adin bat behar dugu izan, eta, adinarekin batera, heziketa olistiko bat. Guk eskatzen duguna horixe da: adina atzeratzea, benetako heziketa olistiko bat ematea, bidelagun izatea, eta buruz buruko harremanak lehenestea», azpimarratu du Lazkanok.

Altxa Burua sarearen nortasuna «eraikitzailea» dela adierazi dute, irmo: «Gure txikien ongizateak batzen gaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.